Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarra Bilbon egingo dabe, urrian

Bizkaie! 2019-01-16 08:53   Euskaldunak munduan

Gaztemundu programako egonaldian, ostera, 15 gaztek hartuko dabe parte.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzerrian bizi diran euskal gizataldeen alorreko aholku batzordeak batzarra egin eban joan dan astean Gasteizen, Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan zala. Han izan ziran, ganera, Marian Elorza, Jaurlaritzearen Kanpo Harremanetako idazkaria, eta Gorka Alvarez, atzerriko euskal komunidadeagaz hartu-emonak zuzentzeaz arduratzen dana. 2019an diasporako euskaldunakaz batera egin beharreko hainbat ekitaldiren inguruko zehaztasunak emoteko aprobetxau eben topaketea.

Batetik, Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarra noz eta non egingo daben aurreratu eban Lehendakariak: Urriaren 2tik 4ra izango da, Bilbon. Urkulluk nabarmendu ebanez, aurtengo edizinoa aukera ona izango da diaspora barriaren eta tradizionalaren arteko loturea egiteko.

Lau urterik behin egiten da Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarra. 2015ean Gasteizen izan zan hitzordua, eta lau urte geroago, 2019an da hurrengoa. Euskal etxeren bat daben herrialdeetako ordezkariak batzen dira, unean uneko erronkak aztertu, Euskal Herriagaz hartu-emonak estutu eta alkar ezagutzeko.

Orain arteko euskal diasporeagaz zerikusi gitxi daukan atzerriko beste euskal komunidade bat sortzen hasi da gaur egun, beste ezaugarri eta beharrizan batzuk dituana. Horreei arretea emotea, baina beti-betiko diaspora tradizionalari lepoa emon barik, horra Jaurlaritzearen erronka nagusietako bat urriko topaketarako.

Beste alde batetik, 2019ko Gaztemundu programarako deia be egin dabe aholku batzordearen bidez. Irailaren 23tik urriaren 6ra bitartean, Euskal Herrian egonaldia egin ahal izango dabe 18 eta 35 urte arteko 15 gaztek. Bertoko errealidadea ezagutzeko aukera aproposa da. Munduko euskal etxeren baten dabizanek hartu leikie parte.

Aukeratutako 15 gazteek, Euskal Herrian dagozan bitartean, formakuntzea jasoko dabe goizez, eta txangoak egingo ditue arratsaldez. Bilbo izango da Gaztemunduren egoitzea, baina parte-hartzaileek Euskal Herriko beste herri eta eskualde batzuk bisitauko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu