Euskerazko aditza ikasteko liburua atera dau Labayruk
2019-01-15 09:40 Euskerea berbagaiIdatz&Mintz aldizkariaren zenbaki barria be kalean da.
Abeliñe Erauskinek eta Gorane Intxaurragak Bizkaierazko aditza izeneko liburua atondu dabe, euskerea ikasten dabizanak ariketa ugariren bidez aditzaren ezaugarrietan trebatu daitezan. Aurretik plazaratutako beste liburu biren jarraipena da honako hau. Hirurak batera kontuan hartuta, aditz-sistema osoa ikasteko jarraibideak eta ariketak topau leikez ikasleak.
Labayru Fundazinoak azaldu dauenez, aditza morfologia hutsa baino gehiago da: Egunero euskeraz berba egitean erabilten dan tresnea da, esaldiak eregiteko oinarrizkoa. Hartara, liburuan eguneroko alkarrizketetatik, idazleen testuetatik eta abar hartutako adibide praktikoek dabe lehentasuna. Azken baten, aditza erabilteko da.
Liburu barria, izatez, bikotxa da. Izan be, ariketen liburu nagusiagaz batera, Erantzunen liburua be badakar argitalpenak. Horri esker, irakasleek azalpenak emoteko oinarria izango dabe, eta euren kabuz ikasten dabizanek ariketen erantzunak erraz-erraz topauko ditue.
Idatz & Mintz
Beste alde batetik, Idatz & Mintz aldizkariaren 65. alea argitaratu dauela jakin eragin dau Labayruk. Aurreko aleetan legez literaturea eta idazkuntzea diranez aldizkariaren ardatza, idazle beteranoek zein gazteek hartu dabe parte ale barrian.
Narrazinoen atalean, Patxi Zubizarretaren eta Iratxe Ormatzaren testuak topauko ditu irakurleak 65. ale honetan. Poesian, ostera, Miren Agur Meabek, Peru Amorrortuk, Galder Urzaak eta Eneko Urizarrek idatzi dabe. Gorane Intxaurragak ekialdeko tradizinoko ipuin batzuk euskeratuta emon ditu.
Horrezaz gan, literatureari lotutako artikuluak dakarz aldizkariak: Xabier Kaltzakortak jantza-koplen inguruan idatzitakoa, literatura unibersalaren Xabier Bovedaren errepasoa eta Sebastian Garzia Trujillok euskera batuaren lehen urratsetan bizkaitarrek izandako zereginari buruz egindakoa. Amaitzeko, Bitañoren Mugarrapetik kontu kontari liburuaren aurkezpenean entzundako berbaldiak aldizkariaren orrietara eroan ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!