Bertso eskolak izango dira Bertso Eguneko ardatza
2019-01-15 08:03 BertsolaritzeaBarañaingo auditorioan izango da emonaldi nagusia, hilaren 26an.
2019ko Bertso Eguneko egitarauaren barri emon dau Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak. Ohiko moduan, punta-puntan dabizan bertsolari ugarik hartuko dabe parte goiz eta arratsaldeko saioetan. Igaztik ibiltaria da Bertso Eguna, eta aurten Nafarroara joango da, Barañainera, urtarrilaren 26an. Gaia bertso eskolak izango dira.
Bertso eskoletan dabizan kide guztiak identifikauta sentiduteko moduko saioa atontzen dabizala adierazo dabe Nerea Ibarzabalek eta Edurne Azkaratek, arratsaldeko ekitaldi nagusiko gidoia idazten dabizan biek. Oholtza ganekoen eta publikoaren arteko mugak apurtzen ahaleginduko dira. Bertsozale Alkarteko Sustapen arduradun Jone Uriak azaldu dau gai nagusia zergaitik diran bertso eskolak: Aurten, Bertso Eskolen Eguna eta Bertso Eguna bateratu doguz.
Aitatutako saio nagusi hori arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Barañaingo auditorioan. Han kantauko dabe hainbat bertsolari handik: Beñat Gaztelumendik, Julio Sotok, Maddalen Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Xabat Galletebeitiak.
Bertso Eguna saio horretan biribilduko daben arren, egun osoko plana izango dala ziurtatu dabe antolatzaileek. Batetik, goizeko 11:00etan, Enkarguz bertso saioa egongo da udaletxeko erabilera anitzeko gelan, Andoni Egaña, Xabi Zabala eta Alberto de Abajoren eskutik. Bestetik, eguerdi aldean, kalerik kale eta tabernarik taberna ibiliko dira pilo bat bertsolari ezagun, zaleak lagun dituela.
Barañaingo udaletxearen plazan ipiniko daben karpan egingo dabe ohiturazko bazkaria, 15:00etan. Iparra-Hegoa ekimeneko kideek preparauko dabe jatekoa, eta sorpresak agindu ditue antolatzaileek. Gaueko ekitaldiak be karpa horretan egingo ditue, dobako kontzertuak eta bertsoak goizaldera arte.
Alkarlan zabalaren emoitzea da 50. Bertso Egun hau, antolatzaileen arabera. Bertsozale Alkarteko lantaldea ez eze, gidoilari taldea, bertso eskolen batzordea eta Barañaingo bertso eskolea dabiz lanean. Ilusinoa egiten deusku Bertso Eguna gure herrian ospatzeak. Barañainen euskerearentzat arnasgune ederra da bertsolaritzea, azpimarratu dau Barañaingo bertso eskolako kide Mintxo Astizek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!