Euskaltzaindiaren Hiztegiak 858 sarrera eta azpisarrera barri ditu
2019-01-14 08:37 Euskerea berbagaiTartean dagoz bokata, sakelako, manifa, txikiteo eta lobby.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bersino digitala 2016aren amaieran sareratu eban Akademiak eta harrezkero zabaltzen eta eguneratzen joan da. Azkenaldion araututako berbak interneten ipini ditue dagoeneko: 466 sarrera eta 392 azpisarrera, hau da, 858 forma barri. Hiztegian sartutako berben artean, danetarikoak dagoz, batzuk deigarriak. Lau moltsotan banatu leitekez:
1.- Gaur egungo corpusetan maiztasun handia dabenak: Autogestionatu, inpunitate, kebab, ludopatia, mediateka, mintzalagun, nanoeskala, taliban, trekking, wifi, ziklogenesi...
2.- Euskaltzaindiaren beste arau batzuetatik hartutako berbak, etniak eta antzekoak: Erromani, eskimal, guantxe, navajo, rapanui, rohingya, tuareg, uigur...
3.- Hainbat sarreratan definizinoak moldatu edo osotu dira (direktiba, eguzkia hartu, unibertsal...), adierak gehitu dira (desgaitu, odolkiak ordainetan, zaintza...), adibideak gehitu edo moldatu (immunoeskasia...), loturak gehitu (iskintxo egin, jomuga...), marka osagarriren bat gehitu (aldarazi, onddo...), eta abar.
4.- Sarrerako buruaren forma aldatu da bost kasutan. Dirulaguntza, aurrerantzean, marratxu barik idatziko da, esaterako.
Hiztegian sartu diran berben artean, eguneroko alkarrizketetan ohikoak diran baina orain arte berbeta formalean lekurik izan ez daben berba batzuk dagoz: Bokata, sakelako, manifa, txikiteo, okupa, sikiera, eskimal, lobby eta beste asko.
Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegian 38.878 sarrera eta 7.302 azpisarrera dagoz, eta danetara, 63.507 adiera. Hiztegi arauemolea da, 1991n hasi, eta eten barik, adieraz, adibidez eta azpisarreraz horniduten dana. Tradizinoan eta corpusetan oinarriturik, berba bakotxaren adibide argigarriak eskaintzen deutsaz erabiltzaileari. Ganera, formak arautzeko erabili diran datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diran Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean joteko bidea be emoten dau.
Eguneratze honetan gehitu edo aldatu diran sarrera eta azpisarreren zerrenda osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!