Urko Apaolaza: 'Gure proiektua ikuspegi positibotik aurkezten asmau dogu'

Dabi Piedra 2019-01-14 07:59   Barriketan

Argia-ko kazetaria.

Euskerazko kazetaritzan mugarria ezarri dau Argia-k, ehun urte betetera heldu dalako, osasuntsu eta etorteko dagoanari aurre egiteko prest. 1919ko urtarrilean plazaratu eben kaputxinoek Iruñean lehenengo alea, eta bidean aldaketa ugari izan dituan arren, gaur egunera arte iraun dau proiektuak. Ehun urtean etenak be egon dira, batez be gerreak eta gerraosteak behartutako geldialdi luze-luzea.

1980tik, beharginen esku dago Argia, kaputxinoek jaubetzea lagata. Harrezkero, kazetaritza independente, libre, euskaldun eta konprometiduaren alde egin dabe, irakurlea gogoan eta eragileak bidelagun. Txikitik eragiten da astekariaren leloa. Mendeurrena dala eta, Urko Apaolaza beharginagaz egin dogu berba.

 

1.- Urte barriagaz bat, mendeurrena ospatzeko, itxurea barritu dau aldizkariak. Zelakoa da Argia barria?

Argia 1919ko urtarrilean argitaratu zanez lehenengoz, Gabonen osteko alea berezia da, opari txiki bat egin nahi izan deutsegu gure irakurleei. Ehun orrialde ditu. Ganera, irudia eta diseinua aldatu doguz, lehengo egitureari eutsi arren. Sailak lehengoak dira, baina irudiari garrantzi handiagoa emon deutsagu, zuriune gehiago be badagoz orain, freskura gehiago. Mantxeta edo irudia aldatu dogu, nortasun handiagoa dauka. Gure ikur dan bonbilla ezaguna desbardina da orain, itxura ugari izan ditu historian zehar, eta orain estreinau dogunak, 1921ean Donostian argitaratu zan Argia-gaz dauka antzekotasunik handiena. Izan be, gu Zeruko Argia-tik gatoz, 1919an Iruñean hasitakotik, baina 1921ean sortutako beste Argia haren izaerea be aldarrikatzen dogu, geureganatu egin dogu. 1960ko hamarkadan, zelanbait, fusino modukoa egon zan Zeruko Argia-ren eta Argia-ren artean, izenez eta izanez. Hortaz, itxura aldaketea jatorrira itzultzea be bada.


2.- 1921ean Donostian sortutako beste Argia hori aldarrikatu nahi dozue beren-beregi. Zer dala eta?

Zeruko Argia aldizkari erlijiosoa zan, kaputxinoena. 1921ekoa abadeek sortu eben, baina astekaria zan eta gai erlijiosoez gan, bestelakoak be jorratzen zituan. Kazetaritza modernoaren lehenengo urratsak emon zituan. Gerreak ekarritako etenaldiaren ostean, 1960ko hamarkadan Zeruko Argia barriro martxan jarri zanean, 1921eko Argia-ren mantxetaren antzekoa erabilten hasi zan, eta informazino orokorreko astekari bihurtu zan, gai sozialak eta politikoak lantzen zituana. Hortaz, Donostiako Argia haren oinordeko be sentiduten gara.


3.- 1919tik hona gauzak asko aldatu dira, euskereari eta komunikabideei jagokenez. Zerk eragin eban Zeruko Argia-ren sorrerea?

Sasoi haretan bizkunde moduko bat egon zan, XIX. mendearen amaieran hasi eta XX.eko hasieran pixkanaka indartzen hasi zan, testuinguru horretan jaio zan Zeruko Argia. Kaputxinoek sortu eben, izaera erlijiosoduna zan beraz, baina baegoan giro euskaltzale bat, kontuan izan urte berean hasi zala martxan Euskaltzaindia, eta urtebete lehenago Eusko Ikaskuntza sortu zan. Damaso Intza eta Aita Buenaventura izan ziran Zeruko Argia-ren sortzaileetako batzuk, hareen bultzadea be ezinbestekoa izan zan.


4.- Aldizkariaren historiako une erabagigarrietako bat 1980an izan zan, jaubetzea kaputxinoen eskuetatik beharginen eskuetara pasau zanean. Ze neurritaraino aldatu eban horrek proiektuaren norabidea?

Oso garrantzitsua izan zan, gaur egungo Argia ulertzeko gakoa da. Langileak aldizkariaren jaube egin ziran eta proiektu independentea bihurtu zan. Sasoi gatxa izan zan, ze kontuan izan behar dogu urte batzuk lehenago egunkari elebidunak sortu zirala, Deia eta Egin. Zeruko Argia-ko lantaldea hutsitu egin zan, jente asko joan zan egunkari horreetara eta aldizkaria larri geratu zan. Zorra be baeukan, ganera. Geratu ziran langileei esker urten eban aurrera. Joxe Mari Ostolaza izan zan hareetako bat eta mendeurreneko ale berezian kontau ditu orduko gauza interesgarri asko. Kooperatibea sortu, eta pixkanaka hasi ziran beharginak erakarten, beste egitura bat sortzen...


5.- Kazetaritza independentearen mendeurrena izeneko editoriala atera dozue. Zer esan nahi izan dozue horregaz?

Guk kazetaritza independente eta eraldatzailea egiten dogula aldarrikatzen dogu. Independentea, zergaitik? Guk garbi dogu gure proiektua geure esku dagoala, informazino kritikoa emotea da gure betebeharra eta, alde horretatik, multinazional eta alderdien kontroletik kanpo egon behar dogu.


6.- Txikitik eragiten da zuen leloa. Hor be garbi adierazoten dozue zeuen jarrerea.

Gu independenteak gara, bai, baina azken baten, nahi doguna da txikitik dabizan eragileakaz alkarlana sortu eta alkarregaz aurrera egitea. Kazetaritza neutrala ezin dala egin pentsetan dogu, ojektibotasun osorik ez dagoanez, kazetaritza neutralik be ez dago. Guk iges egiten dogu hortik, zintzotasunez, gauzak garden esanaz. Eraldaketea bultzatu nahi dogu Euskal Herrian, eta autortu egiten dogu.


7.- Argia-ren bereizgarri dan beste ezaugarri bat antolaketa horizontala da, ezta?

Jakina; guk kanpoan eragin nahi dogu, baina etxe barruan be bai. OlatuKoop-en barruan gagoz, ekonomia eraldatzailearen sarean. Horrek esan nahi dau barruko demokrazia bat badogula. Orain dala urte batzuk berrantolaketa sakona egin genduan, lehenagotik geunkan jarrera bati eutsi eta hori ondo garatzeko. Soldatak parekatu eta egitura horizontala ezarri genduzan, eta lantaldeetan antolatzen hasi ginan. Neurri bateraino, modu asanblearioan erabagitzen doguz gauzak.


8.- Lekua egin dozue proiektu handiago eta poteretsuagoen artean. Zergaitik segitzen dabe irakurleek Argia-ren ondoan?

Nik esango neuke komunidade bat dogula inguruan. Sare sozialetan lan handia egin dogu azken urteotan. Ganera, guk eskaintzen dogun informazinoa ez dabe beste medio askok eskaintzen. Informazino kritikoa, edo lekuan lekuko komunikabideen alkarlanagaz sortutakoa... Lizentzia librea baliatuz bultzatzen dogu alkarlan hori. Eragileakandik hur be egoten gara. Gure proiektua ikuspegi positibo batzuetatik aurkezten asmau dogu, balio batzuei begira, beste gizarte bat bultzatu geinkela adierazota.


9.- Txikitik eragiten, dagoeneko ehun urtera heldu zarie. Beste ehun urtez eusteko, ze lan egingo dozue aurrerantzean?

Orain arteko bidean segidu behar dogula uste dot. Azken urteotan egin dogun apustu handienetako bat izan da papelaren aldekoa. Lehenago papela eta internet bereiztuta lantzen genduzan erredakzinoan. Orain danok gara kazetari multimedia, papelean eta interneten idazten dogu, sare sozialetan zabaltzen dogu informazinoa eta bideo laburren bidez be bai.


10.- Ehun urte ez dira egunero beteten. Urtarril hasierako ehun orrialdeko ale bereziaz gan, beste ospakizunik badarabilzue buruan?

Gure ondasun preziatuenetako bat herritarren eskura jarri nahi dogu, mendeurrena atxakiatzat hartuta. Hortaz, orain dala hilabete eta erdi aurkeztu genduan Argia-ren zenbaki guztiak digitalizau eta irakurleen esku ipinteko proiektua. Hau da, irakurleek gure historian argitaratutako edozein ale bilatu, irakurri, konpartidu deien. Argazki artxibo historiko nabarmena be badogu, azken urteotako giro sozial eta politikoaren isladea dana. Hori be digitalizau nahi dogu. Lan luzea izango da, baina mendeurrena akulua izan da erronkeari ekiteko, Jaurlaritzeagaz hartu-emonetan gagoz, eta hasi, hasi gara.

Horrez gan, hilabetez hilabete mendeurrenaren inguruko ekitaldiak antolatuko doguz. Libururen bat be aurreikusita dogu, produktu multimediak... egitaraua atontzen gabiz, baina oraindino ezin dot gehiegi aurreratu. Mendeurrenaren amaierea abenduaren 3an egingo dogu, Euskerearen Egunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu