Heitxi: 'Papel zuria naz, oraindino marrazkirik ez dituana'.

Koldo Isusi Zuazo 2025-03-10 07:55   Barriketan

Heitxi zornotzarrak lehiaketetan, erromerietan eta umeentzako ikuskizunetan parte hartu ondoren, erronka artistikoari ekin deutso, lehenengo diskoa kaleratzea, hain zuzen be: Berreraikitze Aroa, nortasuna berreregiteko prozesua aztertzen dauena. Diskoa, bere osotasunean, itxaropen eskutitz bat da, aldaketa eta momentu hobeagoak eskatzen dituana, bai eta joandako denporak ospatu eta etorkizun hobeago baten alde burrukatzen dauena.

Maila musikalean, estilo modernoak buztartzen ditu, besteak beste, elektronikea eta euskal kulturako soinu tradizionalakaz nahasten ditu, batez be trikia eta panderoa. Modu errazean, elektro-triki-popa ei da Heitxiren aurkezpen diskoa. Diskoko musika unibersoak bat egiten dau diskoaren mezuagaz, joandako denporak eta etorkizuna buztartuz, horreek dira eta Heitxiren nortasunean presente dagozan soinuak.

Heitxiren lehenengo diskoa gutun personala, belaunaldi barri baten aurkezpena da. Beti ikasten dabilen gaztea da Heitxi.

1.- Zorionak Heitxi, lehenengo diskoa plazaratu dozu egunotan, Berreraikitze Aroa, trikia eta elektronikoa buztartuz. Trikia eta panderoa erabili dozuz orain arte, plazarik plaza, herririk herri. Zelako harrerea izan dozu holako zuzenekoetan?

Ona. Sensazino politak bizi izan dodaz eta hori ez da gitxi. Jenteak eskertu egin dau hemengo musika tradizionala elektrorikoagaz, popa zein rockagaz buztartzeko jarrerea. Badakit trikitixeak idar handia dauela eta egunotan hor dabiz, besteak beste, Xabi Solano eta Ines Osinaga. 

2.- Noiz erabagi zenduan zeozer barritzailea egin behar zenduala?

Ez da saltorik egon, berez etorri da, panoramea ikusita ez da apropos pentsautakoa izan. Garaikidetasunean sartzea izan da asmoa eta arlo bi horreek butartzea izan da asmoa eta badakizu holakoak badagozala gurean, Gose, Esne Beltza, baita besote batzuk be.

3.- Berreraikitze Aroa izenburuak dakarrenez, nor zaren, zeren bila zoazen adierazoten dozu. Nor zara Heitxi?

Nor nazen, jakingo baneuke [Barreka]. Nozonoz ia kapaz banaz nor nazen esateko... Bizitzan zehar biziten dozuzan prozesu eta esperientziek egiten zaitue baina prozesu hori amaiera jakinik bakoa da, beti zagoz ikasten eta esango neuke neure nortasuna, neure berezitasunen bila nagoala. Zer gura dodan, zeintzuk diran nire helburuak jakitea be sano interesantea da baina kontuan hartuta, orainaldiari emon behar jakola inportantzia.    

4.- Musika tradizionala eta elektronikoa, trikia eta rocka buztartzea lehen be egin izan dabe. Zuk zeuk zelan egin dozu fusino hori?

Ez dot lanketa berezirik egin. Trikiagaz landu izan dodaz melodiak baina elektronikoa sartzea eskatzen izan deust kantuak berak. Modu naturalean etorri jataz horreek pausu guztiak.  

5.- Ines Osinaga izan dozu lagun Lema eta lekukoa kantuan. Zuretzako berezia izan da Ines Osinagak diskoan parte hartzea?

Duda barik. Niretzako Ines Osinagagaz lan egitea diskoko esperientzia onenetako bat izan da, Inesek urte asko daroaz musika eszenan, asko daki eta badaki transmituten. Proiektu honetan Inesen ekarpena oso aberasgarria izan da; osasun mentalaren harian, bion arteko barriketak eta lanketak oinarrizkoak izan dira, benetakotasunerantz eta auto-onarpenerantz egin dogun bidaian. Inesegaz trikia jotea nire bizitzako esperientziarik politenetakoa izan da. Ikustea nora heldu dan, ze handia dan eta neure burua hain txiki sentidutea baliogarria izan da, prozesuan pausu handia emon dot. Bizitzan, egonkortasuna galtzen dogun hainbat momenturi egin beharko deutsegu aurre eta leitekeana da, oreka puntua galtzen dogun momentu horreetan, benetan nor garen ahaztutea. Barruko gorabehera horreek autortu eta kudeatzea oinarrizkoa da nortasuna eregiteko. Nekez egongo da loratze bat, hazi barriak ereiten ez badira.

6.- Belek be kantau dau zugaz Akelarre askea kantuan. Zer eskaini deutso Lide Hernandok?

Bai. Lideren ahotsa demasekoa da, idartsua, barruraino sartzen jatzuna. Liher taldean egoaneko momentuak daukadaz gogoan. Lehenengo diskoak maite dodaz eta kontzertuetara be joaten ginan ahiztea eta biok. Erreferentea da niretzako, ez nire estiloaren barruan baina pozarren entzuten nituan haren kantuak.

Beleren proiktuagaz agertu zanean, gehiago gustau jatan estilo hori, eredu izaten jarraitu eban niretzako. Holako musikari eta abeslariakaz lan egiten dozunean, asko ikasten dozu, zelan grabetan daben eta zelan bideratzen dituen estudioko gorabehera guztiak eta neu, barriz, papel zuria naz, oraindino marrazkirik ez dituana. 

Ganerakoan, gure aurrendariei eskertu gura neutsen euren burrukearen ondorioa dalako guk daukagun guztia. Eurek markautako bidean aurrera egitea oso inportantea dalako. Mikel Laboak eta Xabier Letek esaten eben lez, sortu ginan enbor beretik sortuko dira besteak.

Bideoaren grabazinoan asko disfrutau neban eta Itziar Amas, Lucia Bereciartua, Maider Gerrikabeitia, Naia Muniozguren, Maria Olondo, Maialen Torre eta Maria Vaquerizo jantzariak zelan integrau ziran ikustea berezia izan zan.

6.- Berbak eta musikea zeuk sortutakoak dira. Zelako gaiak interesetan jatzuz?

Diskoko musikea eta berba guztiak neuk sortu dodaz. Erabili izan dodan musikea beti izan da hortxe momentuan sentiduten nebana adierazoteko tresnea. Testuak idaztea be gustetan jat eta horreetatik bersinoak ataratea. Gaien harian, nahikoa personalak dira, dolua, osasun mentala, erresilientzia eta holakoak bizi izan dodazalako azken bizpahiru urteotan.

7.- Musika arloari jagokonez, elektro-triki-popa ei da jorratzen dozuna. Gustora geratu zara emoitzeagaz?

Bai. Denporearen porasuz, saltsa-maltsa horretatik zer gustetan jatan gehiago eta zer gitxiago zehazten joango naz ze orain arte laborategietan egiten dira probetan legez sentidu naz; ateak zarratu barik, ikasten nabil egunero eta hori oso ederra da. 

8.- Heitxi izen artistikoa hartu dozu. Nondik nora dator?

Nire ezizena da. Lagunek erabili izan dabe urteetan eta asko gustetan jat. Instagramen beti izan da zabaldu dodana. Heitxi - Heidi, hasieran Heidi deitzen eustien, mendian bizi nintzalako aititagaz eta aurrerago olgetan edo hasi ginan h letrea erabilten ezizenotan eta Heiditik Heitxira pasetea erraza izan zan. 

9.- Egunotan ensaioetan zabiz buru-belarri. Kontzerturik badozu zehaztuta?

Bai eta asmoa da neuk sentiduten dodana publikoak hartzea, sentidutea. Kontzertuei jagokenez, martiaren 7an, etxean, Zornotza Aretoan jo genduan eta giro polita sortu zan; hilaren 21ean, Zizurkilen izango gara; apirilaren 12an Arrasaten eta maiatzaren 9an, Gasteizen. 

10.- Disko defendiduten nortzuk agertzen zarie oholtzan?

Bai. Onditz Ugarte trikitilaria, Ane Falagan bajistea eta sinteak joten dituana, Urtza Jauregi teklistea eta Garazi Arriaga bateria. Jantzariak be geure inguruan izaten dira eta, beraz ia ikuskizuna gustetan jatzuen [Barreka]. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu