Martxan dago 'Darabilbo', euskaldunek aukera gehiago izan deien euskeraz egiteko

Bizkaie! 2019-01-10 08:54   Euskerea berbagai

Jarduerotan parte hartzeko, nahitaezkoa da 16 urtetik gorakoa izan eta webgunean izena emotea.

Bilboko Udalak, Bilboko Euskaltegien Sareagaz batera, aurten be euskeraz egiteko ekimen bat jarri dabe abian: Darabilbo. Kultureagaz eta denpora libreagaz zerikusia daben jarduerak eta lantegiak dira, eta doban eskaintzen dira, helduek, denpora librean euskerea erabili deien sustatzeko.

Erabili Euskara Bilbon lemapean, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan urte osoan zehar, garagarrila eta abuztua kenduta. Jarduerak ondokoentzako dira: ikasleentzat, ikasle ohientzat, euskerea hobetu nahi dabenentzako eta, oro har, euskeraz dakiten eta denpora librean euskeraz bizi nahi dabenentzako.

Era bateko eta besteko jarduera eta lantegien artean eskaintzen dira: bisita gidatuak Arte Eder Museora eta Guggenheimera, Euskal Jantzak, antzerkia euskeraz, garagardao, ardao, kafe eta orioa probetea, kultur ibilaldiak Bilbon han eta hemen, kultur jarduerak, sueteko lantegiak, esku-lanak, argazkigintzea, norbere burua defendidutea eta teknologia barriak.

Jarduera horietan parte hartzeko, Darabilbo web orrian eman behar da izena, eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea eta euskeraz apur bat jakitea.

Gaur hasiko da, urtarrilak 10, Darabilbo programako 2019ko lehenbiziko jarduerea. Jardueren egutegia, urtarrilerako, hau da:

- Urtarrilaren 10ean, 10:30ean: Bisita gidatua Arte Ederren Museoan. ABC erakusketa. Bilboko Museoko alfabetoa.

- Urtarrilaren 11n, 19:00etan: Euskal Dantza. 19:00etatik 20:00etara, Gaztedi Dantza Taldean (Santutxu kalea). Jarduera hau hilero-hilero izango da, 2. eta 3. barikuetan.

- Urtarrilaren 15ean, 19:30ean. Arriaga Antzokian: Erlauntza antzezlana eskainiko da. Bost sarrera banatuko dira, zotz eginez.

- Urtarrilaren 17an, 19:30ean: Endika LaHaine Otsoa-ren berbaldia Birika Kultur Gunean (Erronda kalea, 2).

- Urtarrilaren 18an, 19:00etan. Garagardao baltza probetako aukerea Begoñako Alkarte Gastronomikoan (Fika kalea, 29).

- Urtarrilaren 20an: Kirola eta Natura atalean, orientazinoko ibilbide bat eskaintzen da Artxandan, 2 eta 5 kilometro artekoa, familian egiteko, edo taldean, edo bakarka.

- Urtarrilaren 21ean, 17:30ean. Bisita gidatua Arte Eder Museoan. ABC erakusketea. Bilboko Museoko alfabetoa.

- Urtarrilaren 24an, 14:15ean: Bisita gidatua Arte Eder Museoan. Erakusketea: 68aren ondoren. Artea eta arte-praktikak Euskal Herrian 1968tik 2018ra.

- Urtarrilaren 25ean, 19:00etan: Euskal Jantzak. 19:00etatik 20:00etara, Gaztedi Jantza Taldean (Santutxu kalea). Jarduera hau hilero-hilero izango da, 2. eta 3. barikuetan.

- Urtarrilaren 31n, 10:00etan. Bisita gidatua Arte Eder Museoan. Erakusketea: 68aren ostean. Artea eta arte-praktikak Euskal Herrian 1968tik 2018ra.

Igaz, 1200 lagun baino gehiagok parte hartu eben ekimen honetan. Danetara, 64 jarduera eskaini ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu