Alex Txikonek eta taldeak Behe Kanpalekurainoko trekkingari ekingo deutsie zortzi bat egunez

Bizkaie! 2019-01-10 08:32   Euskaldunak munduan

Askolen dagoz ezpedizinokideak, 3.040 metrotara dagoan Karakorum mendilerroko herrialdean.

Alex Txikon eta espedizinokideak Askolen. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, urtarrilak 10, Alex Txikon eta bere taldeak Baltoroko glaziarretik Behe Kanpalekurainoko trekking-ari ekingo deutsie zortzi bat egunez, 4.900 metro ingurutara heldu eta 25 gradu azpiko tenperaturakaz datorren hilabeteetan bizileku izango daben kanpalekua eregiteko. Ordutik aurrera, mendia horniduten hasiko dira eta berau amaitukeran, K2ko neguko saiakera ahalbidetuko dauen eguraldi onaren zain egongo dira, historian sekula egin ez dana gauzatzeko asmoagaz.

K2 mendia (8.611 m), munduko bigarren mendirik altuena da eta Pakistan eta Txina artean kokatuta dago. Laurogeigarren hamarkadatik hona 4 espedizinok saiakerea egin daben arren, oraindino, ezin izan dau inork be tontorra zapaldu.


Orain arteko bidea

Alex Txikon alpinistak Nepalen emon eutson amaierea 2018. urteari, aurreko urteetan legez, bidelagun izango dauen eskalatzaile taldeagaz batu eta tramite administratiboak egiteko asmoagaz. Bertatik, autobusa hartu eta Nepaletik Pakistanerainoko bideari ekin eutsien. Horretarako, Indiatik igaro eta bertako Taj Majal eta Golden Temple legez ezagunak diran toki ikaragarriak bisitau zituen. Gauzak holan dirala, 2.000 km. baino gehiagoko ibilbideari jarraipena emonez, urtarrilaren 5ean, Islamabadera (Pakistan) heldu eta Madriletik joandako ganerako taldekideakaz eta Poloniatik etozen taldekide biakaz batu ziran.

Urtarrilaren 6an, Skardura bidean abiatu zan autobusean talde guztia, Pakistaneko lurralderik menditsuenetako batera, eta horretarako, 24 ordu baino gehiagoko bidaia egin eben, ez edonolako bidaia, izan be, inguru honetako errepideak ezagunak baitira abentura eta arriskuaren buztarketa handiagaitik. Istripu txiki bat izan eben ze autobusa kaminotik kanpora joan zan: edozelan be, zorionez, pakistandarren abileziari esker, ez zan zauriturik egon, bidean aurrera egitea lortu ebelarik. Bertatik, Askolera abiatu ziran, hau da, ibilgailuz heldu daitekeen azken punturaino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu