Euskadiko eta Bordeleko ikasleak euskerea eta frantsesa ikasten

Bizkaie! 2019-01-10 08:02   Euskerea berbagai

Beti da positiboa bakotxak bere apurra egitea euskerea Ipar Euskal Herrian sustatzeko.

Argazkia: Urko Sánchez. UPV/EHU | Ikusi handiago | Argazki originala

Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen programan euskerea ikasten dabizan Bordeleko ikasleak bisitan etorri dira UPV/EHUra: Oso erakargarria da, arrebea pozez zoratzen dago etorteko, dinoe Marian Aramendi (Urruña) eta Ramuntxo Saint-Pé (Kanbo) Bordeleko ikasleek. Beste bost ikaslegaz batera, Eskola Futura (Irakaslegiak AEN) proiektuan parte hartzen dagoz, eta euskerea ikasten dabiz Zornotzako Barnetegian.

Bestalde, Eskola Futura proiektuaren barruan, UPV/EHUko eta UPNAko Irakasletzako 4. mailako ikasle edo graduatuek aukerea dabe urtebetez frantsesa ikasteko Bordeaux Montaigne Unibersidadean, eta, ondoren, oposizioak atontzeko hurrengo urtean frantses‑euskera irakasle elebidunak izateko Akitaniako ESPEn. Libe Otxoa de Aldak (Getxo, Bizkaia) uste dau aukera ederra dala bere lan aukerak ugaritzeko.

Euskal Herriko Unibersidadeak, Bordeleko Unibersidadeak, Bordeaux Montaigne Unibersidadeak, Nafarroako Unibersidade Publikoak eta Akitaniako ESPEk jarri dabe abian Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektua. Lau unibersidadeok Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea izeneko partzuergoaren bidez daroe aurrera egitasmoa.

Marian Aramendi, Ramuntxo Saint-Pé, Laury Amestoy, Philippine Guirao, Florian Herara, Oihan Etxeberria eta Unai Blanco Zornotzako Barnetegian dagoz euskerea ikasten eta euskeraz biziten. Irakasle izan nahi dabe, eta euskerea erakutsi; horregaitik emon eben izena Eskola Futura proiektuaren bitartez euren prestakuntzea hobetzeko. Euren egonaldia bagilaren 28an amaituko da.

Hizkuntza irakasle izan nahi dodanez, nire euskerea hobetzeko aukera parebakoa izan da. Holan, oinarri ona izango dot erakutsi behar dodanean, azaldu dau Marian Aramendik. Gazteak euskerea dau ama hizkuntzea. Ramuntxo Sain-Pék, barriz, ikastetxean landu dau: Etxean ez dot euskeraz berba egiten, ezta kalean be. Euskaldun barria naz, eskolan ikasi dot. Berarentzat proiektuan parte hartzeak aparteko garrantzia dauka.

Euskerea ikasteaz gan, barnetegiak modua emon deutse euskalkiak ezagutzeko: Egun osoan gagoz euskeraz berba egiten, baita barnetegiko beste ikaskideakaz be. Esperientzia ikaragarria da. Ramuntxo Saint-Pé ados dago: Oso interesgarria da. Batzuetan oso gatxa da frantsesez berbarik ez egitea, baina igarten da gero eta maila hobea dodala.

Biek esperientzia hori bizitea gomendatzen dabe. Ramuntxoren arrebeak proiektuan parte hartu nahi dau, eta barnetegira etorri: Arrebeak esan deust: titulazinoa amaitzen badot, ni be hara joango naz datorren urtean, azaldu dau Ramuntxo Saint-Pék.


Bordelen be bai

UPV/EHUko zazpi ikaslegaz zein UPNAko 3 ikaslegaz batera, Libe Otxoa de Alda (Getxo, Bizkaia) Bordelen dago proiektu honetan parte hartzen. Danak dabiz Magisteritzako 4. ikasturtean: Gehien erakarri ninduana —dino Libe Otxoa de Aldak— frantsesa hobetzeko aukerea izan zan eta, batez be lan aukerak zabaltzea. Lehenagotik erakarten ninduan Ipar Euskal Herriko eskoletan edo ikastoletan lan egitearen ideak; proiektuak horretarako gogoa indartu baino ez eustan egin.

Esperientzia oso ona da gazte getxotar honentzat: Taldeak oso ondo funtzionetan dau eta Bordelen daroaguzan hile honeetan dezente hobetu dogu guztiok hizkuntza mailea. Oraindino ez gara masterragaz hasi, baina frantses ikastaroa oso baliogarria da. Izan be, UPV/EHUko Ume Hezkuntzako graduatu gazte honen helburua da datorren urteko bagilean frantseseko C1 mailea lortzea, Frantziako lehen hezkuntzako eskoletan irakasle lanpostua lortzeko oposizioak preparetan dituan bitartean; Proiektu hau gomendatzen dot. Nire ustez, aukera bikaina da: kanpoan biziten eta ikasten zagozan bitartean, eta zure lan aukerak zabaltzen, jente barria be ezagutzen dozu. Bestalde, beti da positiboa bakotxak bere apurra egitea euskerea Ipar Euskal Herrian sustatzeko.


Eskola Futura

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) programeak hiru lurraldeetako hezkuntza erakundeen arteko loturea estutzen dau, eta prestakuntzea eta enplegu aukerak ugaritzen ditu gazteentzat. Programako ikastaroen bidez, ikasleek behar dan hizkuntza mailea eskuratu leikie euroeskualdeko eskola elebidunetan eskolak emoteko.

Programea sortu zan irakasle elebidun izan nahi daben mugaz bi aldeetako irakaslegaiei laguntzeko. Frantseseko, euskerako eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu, urtebetekoak edo urte bikoak, eta bere gain hartzen ditu matrikulea, ikastaroa eta joan-etorrietako gastuak.

Programea Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantziau dau, Interreg V Espainia, Frantzia, Andorra programearen bidez (POCTEFA 2014‑2020).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu