Apirilaren 10ean helduko da Korrika Bizkaira

Bizkaie! 2019-01-09 11:02   Euskerea berbagai

21. edizinoko ibilbidea aurkeztu dau AEK-k.

Hamar egunez, euskerearen aldeko aldarria Euskal Herriko kale eta errepideetan ibiliko da gelditu barik, Garesen hasi eta Gasteizen amaituko dan 21. Korrikari esker. Lekukoa eskutik eskura pasauko da, gau eta egun. AEK-k aurtengo ibilbidea zein izango dan emon dau jakitera, leku bakotxeko euskaltzaleak planak egiten hasi daitezan.

Korrikan parte-hartzeko bide ugari dagoz, eta horreetako bat da kilometroa erostea, tarte horretan lekukoa eroateko. Erakunde, enpresa, alkarte, lagun-talde zein norbanakoek erosi leikie kilometroa, diru ekarpen baten truke. Urtarrilaren 14tik erreserbau ahal izango dira kilometroak, AEK-ren bulegoetara deituta.

Lekukoa eroan zein ez, jente guztiari dei egin deutsie, apirilaren 4tik 14ra Korrikan parte hartu deian. Garesen hasiko da 21. edizinoa, eta lehenengo egunetan Nafarroatik urten barik ibiliko dira euskaltzaleak. Lehenengo uriburua, Iruñea, apirilaren 6an zeharkatuko dabe. Apirilaren 7an helduko dira Nafarroa Beherera, eta Zuberoa eta Lapurditik be pasauko dira, Gipuzkoan sartu aurretik.

Euskal Herriko mendebaldean be ibiliko da Korrika. Lehenengo, Araban, eta apirilaren 10ean, goizaldean zeharkatuko dau Urduña bizkaitarra. Arrigorriagara 10:25ean helduko da, eta hiru egunez Bizkaiko herrietan ibiliko da.

Hilaren 10ean, besteak beste, Basauri, Galdakao, Txorierri, Uribe Kosta, Portugalete eta Santurtzitik pasauko da Korrika. Apirilaren 11n, Bilboko kaleetan ibiliko dira korrikalariak gora eta behera, eguerdi aldean hasita. Egun horretan, Barakaldo, Meatzaldea, Enkarterri, Mungia, Bermeo eta Gernika-Lumo be bisitauko ditue euskaltzaleek.

Bizkaiko azken eguna, 12a, Ibarrangelu eta Lekeitio bitartean hasiko dau Korrikak, Markina-Xemein eta Ondarroan zehar Gipuzkoara jo aurretik. Dana dala, hurrengo egunean beste tarte labur bat egingo dau Durangaldean eta Arratian. 14an, azken kilometroak Gasteizko kaleetan egingo ditu Korrikak, eta amaieran, lekukoak eroan dauen mezua irakurriko dabe.

Hona hemen 21. Korrikaren egunez eguneko ibilbidea:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu