'Roma'

Karolina Almagia 2019-01-07 10:33   Zinema kritikak

Ez da bape erraza holako naturaltasuna lortzea eta Cuaronek maisutasunez landu dau filma.

- Iraupena: 135 min.

- Herrialdea: Mexiko.

- Zuzendaritza, gidoia eta argazkilaritzea: Alfonso Cuarón.

- Aktoreak: Yalitza Aparicio, Marina de Tavira, Marco Graf, Diego Cortina Autrey, Carlos Peralta, Daniela Demesa....

- Produktoreak: Participant Media / Esperanto Filmoj. Netflix-ek banatua.

- Generoa: Dramea | Familia.

- Balorazinoa: 5/5


Alfonso Cuarón Gravity-ren zuzendaria bere jaioterri mexikarrera itzuli da bere filmarik intimoena egiteko. Zuzendariaren lana egiteaz gan, gidoilaria, kameralaria eta montatzailea be bada; beraz, oso egitasmo personalaren aurrean gagoz.

D.F.ko Roma auzoan Cuaron umetan bizitako pasadizoetan dau jatorria pelikula honek.
Zuri-baltzean filmauta, Roma filmako gorabeherak 1970 urtekoak dira eta klase ertaineko familia ugari baten erretratoa da. Aitak alde egiten dauenean, ama seme-alaba txikiakaz geratzen da depresinoak joteko zorian. Baina protagonistea ez da ama, ezta hainbeste presentzia dauen seme txikia be, neskamea da, etxeko mucama, eta bere begien bidez ikusten dogu ikusleok jazotakoa.

Ez da, ostera, istorio bat bere hasiera eta amaiera konbentzionalagaz. Inpresinoa da bizitza bera ikusten gagozala, egunerokotasunaren zati batzuen aurrean gagozala. Horregaitik kostetan jaku hasieran pelikulan sartzea. Filmaren bigarren atalean, jazoerek abiadurea hartzen dabe eta larritasunez jarraitzen ditugu Yalitza Aparizio personaiaren arazoak. Aparizio ez da aktore profesionala baina primeran egiten dau lan. Kitxuaz berba egiten ikustea gozada bat da.

Ez da bape erraza holako naturaltasuna lortzea eta Cuaronek maisutasunez landu dau filma. Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi eta gero, Donostiko Zinemaldian Perla sailean ikusi genduan. Eta hori izan zan Euskal Herrian zinema-aretoetan ikusteko aukera bakarra, izan be, Netflixek banatzen dau eta plataforma horretan ikusi behar da; pena, pantaila handian ikustea merezidu dau-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu