Leire Bilbao: 'Tradizinoaren arloa jorratzea proponidu neutsen'
2019-01-04 13:55 BarriketanIdazlea.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua lana herririk herri dabil eta disko liburuaren sorkuntzan Leire Bilbao ondarroarrak be parte hartu dau pailazoen abestiei letrak sortuz.
Familia Milakolore proiektua be oraintsukoa da. Diskoaren diseinua eta bertako Zebra kolorezalea abestiaren bideoklipa Txakur Gorria kolektiboak egin dau. Miren Amurizak idatzitako eta Julian Toquerok diseinautako kartoizko ipuin bildumea diskoan be entzun daiteke.
Musua-ri jagokonez, abestietako berbak egin dituan Leire Bilbao, musikearen ardurea izan dauen Xabier Zabala Garcia eta Maite Mutuberria ilustratzailea be beharrean ibili dira.
Kontuak kontu, ondoko lerroetan Leire Bilbao idazleak lanaren gorabehera guztiak kontauko deuskuz.
1.- Proposamena egin eutsuenean, zelan hartu zenduan?
Oso ondo. Opari bat izan zan niretzako. Zezeilaren azkenetan, goizean goiz deitu eustan Porrotxek eta kaixo Leire Porrotx naz esanaz hasi zan alkarrizketea. Berehala kantu bat gura ebela esan eustan baina kantu bakarra barik disko osorako kantuak sortzeko eskatu eustan. Baietz esan neutson eta lan ederra izan da.
2.- Musikearen gainean testua sortzea errazagoa da ala gatxagoa?
Bietara izan da, musikatik testuetara eta testuetatik musikara. Lan bietan gozau dot baina, akaso, gogorrago egin jat musikatik berbetara pasetea. Baina azken urteotan Pirritx, Porrotx eta Marimotsen musikak sortzen dabilen Xabier Zabala musikariagaz oso ondo konpondu naz eta oso gustora egin dot lan. Kasu batzuetan berak hartu ditu nire testuak, berbarako, Kilker bat dut bihotzean kantuaren musikea sortzeko eta aldrebesetara be ibili gara, musikea oinarri hartuta testuak sortzen. Prozesu polita izan da.
3.- Musua sano deigarria da holako proiektu bat izentetako baina kontaiguzu zeintzuk diran disko liburuaren berezitasunak?
Lehenengo hartu-emonetan, Porrotxek esan eustan solstizioen inguruko diskoa osotu gura ebela. Eta holako gauzak entzuten dozuzanean, burua berehala hasten jatzu martxan. Sano interesgarria begitandu jatan. Oraintsu pasau da neguko solstizioa baina udakoa be hor dago eta mundu horren inguruko guztia zan ardatz niretzako. Euskaldunok eta euskal tradizinoan oso errotuta daukaguzan naturea, ingurumena, kantu, urtaro eta gure egutegian garrantzitsuak diran egunak aztertzen hasi nintzan, Santa Luzia, San Blas, San Juan, San Pedro, Santa Ageda, San Simon eta San Juda, aratusteak, Arimen Gaua, Euskal Herrian be ospatu dana, Gabonak, Olentzero, Mari Domingi eta, beraz, esan daiteke disko bakarrean urte osoaren errepasoa egin dogula; ganera, zirkularra da zikloa eta hor ibili gara atzera eta aurrera.
4.- Transmisinoaren eta hizkuntzearen transmisinoan eragile handia da pailazoaren lana. Zelan konpondu zara?
Ondo. Jaubetu nintzan eurak Euskal Herriko bazter askotara heltzen dirala eta nik proponidu neutsen tradizinoaren arloa jorratzea, idea barriak sortu, zaharrei eutsiz. Hor sartzen dira lehen aitatutako kantu, jokera eta ohitura guztiak. Berbarako, Oles ta oles etxekoak / hemen gatoz eskekoak herrikoia ardatz hartuta, egitura barriagoak asmau eta zabaltzea genduan helburu. Gabonetako kantuakaz be bardin jokatu dogu. Tradizinoa gara, hortik gatoz eta hori guztia birformuletea aberasgarria da.
5.- Zure lana pailazoakaz buztartzea esperientzia barria izan da zuretzako. Gozau dozu?
Asko gozau dot. Denpora gitxi izan dogun arren, geunkana ondo aprobetxau eta alde biak pozik gagoz. Gozau egin dogu eta umetuta ni neu asebeteta geratu naz.
6.- Azkoitian eta Zarautzen izan dira Musua lanaren aurkezpenak. Hurrengoak non eta noiz?
Eibarren eta Durangon be egon naz baina agenda kontuak ez dakidaz lar ondo. Edozelan be, urtarrilaren 2an, Elgoibarren; 3an, Donostian; Ondarroan, 4an; Lezon, 5ean; Orion, 25ean eta besterik ez dukat gogoan. Onena katxiporreta.eus webgunea begitutea izango da.
Niretzako Ondarroakoa, etxean oso ederra, berezia izango da.
7.- Denporatxua da Leiho bat eta lehio bi liburua plazaratu zenduanetik. Alfaguara-Zubia, Begiko-Zubia bildumea be hor dago, ume zein gazteentzako testuetarako... Unai Elorriaga eta Anttón Kazabonen lanak be hor dagoz....
Bai. Hori be enkargu polita izan zan, Joseba Santxo lagunak egin eustana. Begiko-Zubia adarra sortzea zan asmoa eta hor joan da nire lana be, Elorriaga eta Kazabonen lanakaz batera.
Sei urtetik goraekoentzako Leiho bat eta lehio bi liburua ondo dabil. Hor aldarrikatzen da Begietako lehioak zabalik euki behar ditugula eta begiek badakiela kanpora begiratzen, baita barrura begiratzen be.
8.- Zeintzuk dira zure irakurleak? Idazteko momentuak gogoan izaten dozuz irakurleak?
Duda barik. Edade tarte bat beti daukazu buruan. Batzuetan argiago daukazu nori idatzi eta beste batzuetan ez daukazu argi baina normalean irakurlea gogoan izatea da onena baina sarritan behin argitaratuta bere bidea egiten dau liburuak eta hor sartzea ez da komenidu...
9.- Umeen Literaturako Euskadi Saria irabazi zenduan 2017an. Zertan zabiz orain, badaukazu idazteko astirik?
Askorik ez. Olentzerori denporea eskatu deutsat idazteko eta beste gauza batzuk egin ahal izateko.
Buruan baditut proiektuak eta noz edo noz ekingo deutsegu; itzulpen batzuk be tarteka egiten ditut, Mokotxiki lana be katalanez etorriko da segurutik eta, jakina, Pirritx, Porrotx eta Marimotosegaz be beste zeozertxu egingo dot, seguru.
10.- Onintza Enbeita txapeldun izan dogu oraintsu Bizkaiko Txapelketan. Zeu be mundu honetan ibilitakoa zaitugu...
Onintza Enbeitaren bertsoak eta Bilbon jokatutako finaleko besteenak zuzenean entzuten egon nintzan eta asko disfrutau neban. Poza da sentiduten dodana, Bizkaiko Txapelketea irabazi dauen lehenengo emakumea izan da eta hori ez da gitxi.
Ni neu, barriz, aspaldi ibili nintzan bertsotan; gaur egun okasino berezietan eta ausartzen naz baina trabes ibilten naz gehienetan.
11.- Zer erosi zenduan 53. Durangoko Azokan?
Fakirraren ahotsa, Harkaitz Canorena, mesanotxean daukat eta irakurten hasi naz dagoeneko.
Mundu tokirik ederrena, Iñigon Aranbarrirena be bai eta Haur Literaturako batzuk be erosi nituan, berbarako, Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozolaren Euskal Herrietako ipuin gaiztoak zein Patxi Zubizarretaren Korri Kuri korri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!