Euskaltzaindiari 25.000 euroko dirulaguntzinoa emon deutso Bilboko Udalak

Bizkaie! 2018-12-28 13:32   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren sorrerea 1918an hasi eta 1919an amaitu zan eta beraz, 2018-2019an 100 urte beteko ditu.

Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez arautu da dirulaguntzino hori, mendeurrena ospatzeko Bilbon egingo diran zenbait ekitaldi eta jardunaldi atontzeko erabiliko dana.

Euskaltzaindia da, sorreratik bertatik, euskerea jagoteaz arduratzen dan erakunde ofiziala. Euskereari buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestu eta hizkuntzearen normalizazinorako arauak ezartzea ditu helburu. Hasiera-hasieratik, Euskaltzaindia hizkuntzearen corpus-az arduratu da, baita berorren estatus sozialaz be.

Bilboko Udalaren helburu nagusietako bat da euskerearen sustapena eta normalizazinoa eta horregaitik, lehentasunezkotzat joten dau Euskaltzaindiak ehun urteotan egindako ahalegina. Euskaltzaindiagaz lankidetzan, Bilbotik eta Bilborako hizkuntzearen inguruan egiten dabizen ekintzak bideratu nahi ditu Bilboko Udalak.

Euskaltzaindiak mendea beteko dau 2018-2019an. Eta mendeurrenaren helburuak hiru dira:
Euskaltzaindiak mende honetan egin dauen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea, eta, ondo egindakoak azalduz eta eginkizun dagozanak edota txarto egindakoak onartuz; mendeurrena erabiltea Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon Sailetan, etorkizunerako asmoak eta arlo estrategikoak gizarteratzeko; gizarte zibila euskerearen eta euskal kulturearen inguruan egituratzen saiatzea. Helburua da gizarte zibiletik euskerearen bizibarritzeari bultzadea emotea; eta Udalak Euskaltzaindiari emoten deutson dirulaguntzinoaren asmoa da mendeurrenaren harira jardunaldiak eta ekintzak ahalbidetzea (2019ko irailera arte).

Hitzarmen hori, Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko ganerako hitzarmenak legez, euskera sustatzeko Udalak dauen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu beregan: euskerearen transmisinoa, erabilera soziala eta hizkuntzearen kalidadea.

Azken helburu honetan funtsezko eginkizuna dau Euskaltzaindiak, hizkuntzearen normalizazinorako beharrezkoa dan estandarizazioa jagoteko eta euskereak arlo guztietan bizirik iraun daian.


Euskaltzaindiaren mendeurrena

Aurten Euskaltzaindiaren mendeurrena izango da. Sortu zenetik (1918-1919) Bilbon izan dau beti egoitza nagusia, Euskal Herriko lau Foru Diputazinoen babesagaz eratu bazan be.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, euskerearen gainean, aholku-erakunde ofizialaren mailea emon eutson Euskaltzaindiari. Esangura horretan, bere eginkizunak euskerearen gramatikearen arauak ikertzea eta emotea, euskerearen erabilerea bultzatzea eta euskerearen eskubideak jagotea dira.

Lehenengo lau euskaltzainak, 1919an, Resurrección María de Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campión izan ziran; lehenengo Euskaltzainburua, barriz, Resurrección María de Azkue.

Hasieran Euskaltzaindiak sail bi zituen: euskal ikerleen saila eta jagoleena. Lehenengoak euskerearen arazo linguistikoak bideratzen zituan eta bigarrenak, barriz, gizartearen esparru guztietan bultzatzen eban euskerearen erabilerea. 1920tik hona Euskaltzaindiak Euskera izeneko argitalpen ofiziala argitaratzen dau.

Gaur egun, 29 euskaltzain oso –botoa emon eta erabagiak hartzeko gaitasuna dabe- eta emeritu ditu, ohorezko 34 euskaltzain eta 149 euskaltzain urgazle. Euskaltzainburua Andrés Urrutia da 2005tik.

Aurtengo urrian hasi eta 2019ko irailera bitartean, Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko dau. Bilboko Udala, Juan Mari Aburto Alkatea ordezkari dala, Euskaltzaindiaren mendeurreneko batzorde bereziko partaide dogu; batzordeburua Iñigo Urkullu Lehendakaria da eta Euskal Herriko ganerako erakundeek be parte hartzen dabe batzorde horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu