Euskadik 'Adi! Filmak euskaraz' ekimena bultzatu dau
2026-04-27 09:59 Euskerea berbagaiEuskerea ikus-entzunezko aisialdiaren bihotzera eroateko.
Martxan da Adi! Filmak euskaraz proiektua. Eusko Jaurlaritzeak ikus-entzunezkoen arloan euskerearen presentzia handitzea helburu dauen ekimenak kultura-konsumo handieneko espazioetako batean
indartuko dau euskerearen presentzia: ikus-entzunezko aisian.
Aurkezpena Azkuna Zentroan egin da, Maracuda filmaren euskerazko estreinaldiaren inguruan 400 ikasle eta familia inguru batu dituan ekitaldian, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru izan dan aurkezpenean; Alfonso Benegas EZAEko presidenteak be parte hartu dau.
Lehendakariordeak azaldu dauenez, euskereak be presente egon behar dau eguneroko aisia-espazioetan eta kultura-kontsumoan, izan be, proiektu honek aukera barriak zabaltzen ditu herritarrek, batez be belaunaldi arriek, euskerea naturaltasunez bizi deien, baita ikus-entzunezkoen arloan be.
Zinema gehiago euskeraz, baita estreinaldietan be
Proiektu honi esker, zinema-aretoetan euskerazko filmen kopurua bikoiztu ahal izango da, eta urtean 24 estreinaldi izango dira euskeraz, horreen artean nazinoarteko 12 produkzino handi.
Helburua da publikoak, batez be familiek, umeek eta gazteek, estreinaldi komertzial handiak euskeraz ikusi ahal izatea, euskerea aisialdiko ohituretan be sartu daiten.
Programazinoak animazinoa, familiako zinemea eta nazinoarteko frankiziak buztartuko ditu eta zinema-aretoetan dagoan euskerazko eskaintzea nabarmen handitu.
Plataforma digitalak: eduki gehiago euskeraz
Adi! Filmak euskaraz ekimenak ekosistema digitalean be eragiten dau, streaming plataformetan be euskerearen presentzia bultzatzen baitau, bikoizketa eta azpitituluen bidez.
Lehenengo kalkuluen arabera, dagoeneko 1.000 titulu inguru dagoz eskuragarri euskeraz zenbait plataformatan, besteak beste, Netflix, Amazon Prime Video eta Movistar Plus+ plataformetan, EITBko edukiez gan.
Proiektuak eskaintza hori zabaltzen jarraituko dau eta ikusgarritasuna hobetu, herritarrek errazago eskuratu ahal izan deiezan.
Kulturklik: zer, non eta noiz ikusi
Eduki horrek jenteari hurbiltzeko, gune espezifikoa atonduko da Kulturkliken, eta bertan erraz konsultau ahal izango dira:
- Zer film eta eduki dagozan euskeraz eskuragarri.
- Zer zinema-aretotan edo plataformatan ikus daitekezan.
- Zein egunetan izango diran eskuragarri.
- Tresna horregaz batera, familiei eta gazteei zuzenduko jaken komunikazino-kanpainea be landuko da.
Euskerea indartzeko konpartidutako proiektua
Ekimena zinema-areto, nazinoarteko banatzaile, plataforma digital eta sektoreko eragileakaz alkarlanean jorratuko da, ikus-entzunezko ekosisteman euskerearen presentzia indartzeko egiturazko lan-arloa sendotuta. Adi! Filmak euskaraz Jauzia Gara estrategiaren barruan sartzen da, eguneroko bizitzako oinarrizko arloetan euskerea erabilteko baldintza barriak sortzea helburu dauen
estrategian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
