Euskereak eremu sozioekonomikoan dauen eragina jorratu dabe Bilbon
2026-04-23 11:39 Euskerea berbagaiBilboko Udaleko Euskerearen Aholku Batzordeak batzarra egin dau.
Amaia Arregi Bilboko alkatea buru zala, euskereak eremu sozioekonomikoan dauen zeregina landu eben. Saioa zati bitan banatu zan. Lehenengoan, Eider Inuntziaga Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak Bilboko AROA Plan Estrategikoaren aurkezpen laburra egin eta identifikautako lehentasunak nabarmendu zituan; bigarrenean, barriz, euskereak esparru sozioekonomikoan dauen zereginari buruz hausnartzeko eta euskerearen erabilerea sustatzeko baliogarriak izan daitekezan ideak konpartiduteko talde-dinamikea jorratu eben.
Leire Pinedo Kutxabankeko ordezkari eta Bilboko Udaleko Euskerearen Aholku Batzordeko kideak Euskera eremu sozioekonomikoan berbaldia eskaini eban. Kutxabankek aspalditik sustatzen dau euskerearen erabilerna bere negozio-eremuan eta Pinedok esperientzia hori konpartidu eban.
Udalak 2016an sortu eban Bilboko Euskerearen Aholku Batzordea konsultarako eta informazinorako organo izateko, Bilboko eguneroko bizitzako hainbat alderditan euskerearen normalizazinoa eta erabilerea bultzatzeko.
Batzorde horren helburua da taldean lan egitea euskerearen normalizazinoa lortzeko bizitzako arlo batean eta bestean. Horregaitik, kulturearen konsumoa euskeraz bermatu nahi da, erabilerea eta ezagutzak bermatuz, euskal hiztunen komunidadea indartuz, sare presentzialak eta sare birtualak sendotuz. Horretarako euskerearen erakargarritasuna azpimarratu behar da eta modu egokian proiektau, euskereak erabilera asko gordeten baititu eta hizkuntzara hurbiltzen diran guztiei harrerea egiteko leku nahikoa baitauka.
Euskerearen Aholku Batzordea hizkuntza gaietan aholkuak emoteko eta eztabaidatzeko organoa da. Hori dala eta, helburu horrek osoko bilkuretan eta sektoreko kontseiluetan lantzen dira. Kontseiluak Bilboko AROA Plan estrategikoaren barruan egiten dau lan, normalizazinoa jagoten jarraitzeko, bai erakundeetan, bai gizartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
