Atzekoz aurrerako hiztegiaren app-a atera dau UZEIk
2018-12-27 13:28 BertsolaritzeaBertsolarientzako tresna aproposa da, berbak errimearen arabera antolatuta datozalako.
1994an plazaratu eben alderantzizko hiztegia, eta, erabiltzaileei lana errazteko asmoz, igaz barriro atera eben bersino gaurkotua, interneten. Orain, beste salto bat emon dau UZEIk, Atzekoz Aurrera aplikazinoari esker. Google Play-n deskargau leiteke app-a, eta Android telefonoetan erabilteko da.
Tresna barri hau plazaratzeko arrazoiak azaldu ditu UZEIk: Berben amaierak dakarzan hiztegi baten konsultea egitea ez da bape erraza. Orririk orriko bilaketak ez dira erosoak eta hori oztopoa da erabiltzailearentzat. Euskarri digitalak bizkortu eta erraztu egiten dau prozesua. Horregaitik, 1994ko papelezko hiztegiagaz batera CD-ROM-a be egin eben, 2017koa interneten dago eta orain aurkeztu daben hau sakelako telefono eta tabletetarako pentsauta dago.
Batez be, bertsozaleek eskatu izan daben tresnea da Atzekoz Aurrera app-a, eta alor hori gogoan egin ditue barrikuntzak UZEIkoek. Azken baten, bertsolariek alderantzizko hiztegiaren antzeko sistemea izaten dabe buruan, bapatean errimak topetako orduan (batzuek almazena esaten deutsie). Trebakuntza lan handia eskatzen dauen abilidade horren lagungarri eta osogarri da app-a.
UZEIk eta Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak lankidetzan zabalduko dabe aplikazino barria. Hiztegi orokorretatik eta eguneroko terminoetatik hartutako 53.000 berba inguru eskura izango ditu erabiltzaileak telefonoan, errimearen arabera antolatuak. Izen propioak, aditz jokatuak, forma deklinaduak eta laburdurak ez ditue sartu, bertsotan sarri erabilten diran arren.
Ohiko hiztegiek egitura jakin baten arabera antolatzen dira, A letratik Z-ra. Amaierearen arabera ordenautako hiztegia sortzeko asmoa aspaldikoa da, baina. UZEIren esanetan, Resurrección María Azkue euskaltzainburuak 1923an adierazo eban halako tresna baten beharra, euskerea aztertzeko lagungarri izango zalakoan. Bertsolaritzan be sumatu eben beharra. UZEIk 1994an argitaratu eban lehenengo Atzekoz Aurrera hiztegia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!