Azkueren lan argitaratuak digitalizau ditue

Dabi Piedra 2018-12-26 13:32   Euskerea berbagai

Lehenengo euskaltzainburuak idatzitako Ardi galdua nobelearen edizino gaurkotua be atondu dabe.

Bilbon egin dabe aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendeurrena ospatzen dabil Euskaltzaindia, eta halako momentu baten, ez dabe ahaztu Akademiaren lehenengo gidari izan zana, Resurrección María de Azkue lekeitiarra. Sorreratik 1951ra arte izan zan euskaltzainburu. Hori dala eta, mendeurrenagaz lotutako proiektu kutunenetako bat da Bilbon aurkeztu barri dabena, Andres Urrutia gaur egungo euskaltzainaren arabera.

Azkuek argitaratutako testu guztak digitalizau, katalogau eta gune bakarrean ipini ditue, 992 idazlan guztira. 64 urteko tartea hartzen dau funtsak, lehenengo argitalpena 1888koa dalako, eta azkena 1951ekoa. Euskerea ez eze, musikea, etnografia eta abar jorratu zituan, eta prentsan artikulu ugari idatzi. Azkueren izena eta izana gogorarazo nahi doguz, haren lanak atondu eta teknologia barrien bitartez gizarte osoaren eskura jarri, dino Urrutiak.

Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dabe egitasmoa, baina Jakin Fundazinoko adituak arduratu dira lana egiteaz. Bertako kide Joan Mari Torrealdairen esanetan, lanaren lehenengo partea ia eginda topau dabe, Euskaltzaindiak lehendik be Azkueren lan guztiak gordeta euki ditualako. Digitalizazinoari esker, erabiltzaileek gaikako edo berben araberako bilaketak egin ahal izango ditue, modu erosoan.

2012an hasi ziran Jakinekoak materiala lantzen. Azkue handia izan zan, baina bere lana handiagoa da, azpimarratu dau Torrealdaik. Kantidadez ez eze, kalidadez be balio handikoa da lekeitiarrak itxitako ondarea. Hurrengo belaunaldiei Azkue nor izan zan eta zer egin eban erakusteko tresna aproposa izan leiteke proiektu hau. Azkueren ondarea ezin dogu galdu, abantailea da orain sarean ipini izana, ganeratu dau Lorea Bilbaok, Foru Aldundiaren izenean.

Azkueren ondarea zabaltzeko ahalegin horren barruan, ganera, 1918an idatzitako Ardi galdua nobelearen edizino barritua aurkeztu dau Euskaltzaindiak. Elixabete Perez Gazteluk eta Ana Toledo Lezetak gaur egungo irakurle alfabetaduaren neurriko argitalpena egin dabe. Izan be, jatorrizko testua gaur egungo grafiara ekarri dabe, zuzenketa batzuk egin eta testuaren analisia be bai.

Gipuzkera osotua deitu izan jakon eran idatzi eban Azkuek Ardi galdua. Euskera batua sortzeko ahalegina izan zan hori, hizkera estandar barik euskereak ez ebala aurrera egingo uste ebalako. Perez Gazteluren esanetan, euskera estandarra zelakoa izan behar zan erakutsi nahi izan eban, baina modu praktikoan. Horregaitik, teoriak alboratuta, nobelea idatzi eban.

Ardi galdua, hortaz, euskerearen historian mugarria da. Batetik, lan literario mamintsua dalako, 13 gutunez osotutako fikzinozko lana. Baina, batez be, euskaldun guztientzat balio izango eban euskerea sortzeko ahalegina izan zalako. Gerora euskera batua sortu ebenen artean, askok autortu eben Azkueren eragina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu