Alex Txikon: 'Inprobisazinoak ez dau balio'

Koldo Isusi Zuazo 2018-12-21 13:40   Barriketan

Alex Txikon, 37 urte egin barri eta Granada aldean, Gorbeian eta beste paraje batzuetan gogor entrenetan ibili ostean, urtarrilaren 2an hartuko dau hegazkina eta makinatxu bat ordu geroago Karakorumera helduko dira. Helburua neguan K2 (8.611 m.) mendiaren tontorra zapaltzea da, gaur arte inork lortu ez dauena.

Hiru urtegaz Gorbeiako tontorrean izan zinan eta 21 urtegaz lehen zortzimilakoa zapaldu zenduan, Broad Peak (8.051 m), hain zuzen; ordutik hona, 30 espedizino baino gehiago egin dozuz.

Everest (8.848 m.), munduko mendirik altuenagaz be tematuta zabiz azken urteotan eta orain be lehenengo aukerea Everest zan; txinako agintariei txinatar bidea erabilteko baimena be eskatuta daukazu baina ez dozu erantzunik jaso.

 

1.- Zer ikasi zenduan Everesten?

Gauza asko, mendian beti ikasten dozu zeozer. Esperientzia gogorrak izan ziran baina badakizu holakoetatik gehiago ikasten da egoera bikainetatik baino. Etapa barria izan da niretzako eta talde lanean zein dan bakotxaren zeregina, lider izateak dakarrena, erantzukizuna, ardurea, espedizinoko kide bakotxa non dagoan jakin arte zelan jokatu eta holakoetan asko ikasten da.


2.- Tematuta zagoz Everestegaz eta aurten be lehenengo aukerea Everest zan; Txinako agintariei txinatar bidea erabilteko baimena be eskatuta daukotsazu baina ez dozu erantzunik jaso...

Bai, egia da. Baina geldi egotea txarra da, baimena eskatu arren, erantzunik ez dogu jaso eta K2 mendira joatea erabagi dogu. Everest han egongo da, betiko lekuan eta ahal danean hurreratuko gara, egon ardura barik.

 
2.- Holako espedizino bat hasi aurretik zelako entrenamentua behar dozu, fisikoa, psikologikoa...?

Oso gogorra da. Fisikoa eta psikologikoa lantzeaz gan, kudeatzaile eta koordinatzaile lanak be egin berhar dira eta nahikoa burukomin izaten dira horreek be. Berbaldiak eta ikastaroak be emoten dodaz hemen eta munduan eta hegazkinak zein kotxeak eta erabili behar izaten doguz; nahikoa korapilatsua da hau guztia.

Beraz, alde fisikoa lantzeko kilometro asko egin behar dira, gora eta behera, hatxean eskaletan be emoten doguz orduak; burua lantzeko be ezinbestekoa da norbera jakitun izatea noraino heldu zaitekezan eta erabagiak hartu aurretik erispide eta aldaera guztiak kontuan hartzea. Inprobisazinoak ez dau balio.


3.- Pare bat, hiru hilabete egingo dozuez zeropeko tenperaturakaz. Zelan eusten jako horri?

Ilusinoa eta pasinoa nahitaezkoak dira baina oinarrizkotzat hartzen dot han egiten edo emoten doguzan pausu guztiak norbarentzako dirala sentidutea. Hor egon gura dozu, erronkea handia da, talde lanean zabiz eta hor dago motibazinoa; komenidu jatzu ahalik eta ondoen egitea dana.

 
4.- Izozte eta haize bolada gogorrei aurre egiteko, ahal dan neurrian, dendak baztertu eta igluak eregiko dozuez. Zergaitik?

Hiru neurritako igluak eregiten doguz, ordu bi eta erdi, hiru eta lau ordu be emoten doguz lanean eta arrazoia da tenperatura hotzegia dagoala kanpoan eta holako eraikuntzetan sano tenperatura handiagoa egoten dala. Kanpoan zero azpitik 25-30 gradu egon daitekez eta iglu baten barruan 0-3 edo egon daitekez. Sua biztu ezkero, 4-5 gradu be izan daitekez. Ganera, gogoan hartzekoa da haize boladak be ez dozuzala horrenbeste sentiduten.

Edozelan be, igluak egin ahal izateko edurra behar da eta horixe dudea daukagu, egongo ete da nahikoa edur holako eraikuntzak egiteko... espero daigun baietz.


5.-Sekula egin ez dira dozena bat esperimentu zientifiko eta medikuntza arlokoak egingo dozuez. Bateren bat nabarmenduko zeunke?

Hiru azpimarratuko deutsudaz. Orain pare bat urte bost euskaldun batu eta radar bat asmau dabe, orain artekoak baino hamar aldiz indartsuagoa. Laurogei bat metrora baina 800 metrora be atzemoten zaitu eta erabagiorra izango da erreskate kasuetan. Bestetik, BALELUR proiektua, Basque centre for Climate Research (BC3) erakundearen eskutik; Karakorum leku bakarrenetakoa da glaziarrak desagertu barik aurrera egiten dabena eta fenomeno hori eta beste batzuk ikertzeaz arduratuko dira.

Hirugarren jarduerea medikuntza arlokoa izango da. Jose Manuel Soria biomedikua da eta hipoxia hipobarikoak eragindako aldaketa fisiologikoak neurtu eta ikertuko ditu eta oxigeno falteak eragindako faktoreak be aztertuko ditu.


6.- Nortzuk zoazie K2ra? Ali Sadpara ez doa zugaz K2 mendian espezialista handia izan arren...

Ez, ez dator. Felix Criado galiziarra, eta Uri, Chhepal, Geljen, Wallung eta Pasang Sherpak gagoz mendian gora egiteko. Ignacio Zuluaga (zuzendari-koordinatzailea), Eneko Garamendi (Beheko Kanpalekukoko nagusia), Bruno Barrilero (dron gidaria eta ikus-entzunekoaren arduraduna), Joseba Sanchis eta Kepa Lizarraga medikuak be gugaz egongo dira.

Ali Sadpara, Pakistango eskalatzaile indartsuena, ez etortea penea da ze lagun handiak gara baina beste endredo batzuetan dabil.

Horrezaz gan, segurutik poloniar bi be batuko jakuz espedizinora, Pawel Dunaj eta Marek Klonowski; Nanga Parbaten neguan ibilitakoak dira, esperientzia handikoak biak; ganera, Ladek-Zdroj-eko mendi festibalean egonda nago eurekaz eta ondo konpontzen gara. Era berean, dakizunez, Errusiako espedizino bat dago K2 neguan igon guran, Artem Braun buru dauena; oraingoz giro ona dago eta datu legez esango deutsut denda-jantoki bakarra erabiliko dogula espedizino biok.

Kontu honegaz lotuta, Alex eta sherpak idatzi ei dau bateren batek eta sherpak ez dira gu baino gitxiago, danok gagoz hor, ekipoa gara, ezjakintasunagaitik astokeria asko esaten dira eta bakotxari berea emotea da onena; nabarmendu gura neuke Ali Sadpara sokalaria izan zala lehenengo eta gaur egun puntaren puntan dabilela, tipo jatorra, oso trebatua da eta konpromiso handiak hartzen dakiana; lagun handiak gara baina kazetari batzuk dana endredau baino ez dabe gura izaten. Alpinista eta persona handia da.


7.- K2 mendi serioa da eta bide bat baino gehiago ditu tontorrera heltzeko. Abruzzos izan
daiteke aukeratuko dozuen bidea?

Abruzzos aitatu dozu baina beste aukera batzuk aztertzen be bagabiz, Cesen baztertu eta Abruzzos bigarren zatirako itxiko geunken bidea eta AEBetako espedizino batek 1978an erabilitako igoerea be ez dot baztertzen. Bertan ikusi behar da gauzak zelan dagozan, zenbat edur dagoan, haizeak nondik joten dauen, mendebaldetik joten dau gogorrago, eta bestelako faktore batzuk. Erabagi zuzenak hartzea komenidu da baina holako mendietan arrazoizkoak hartuta be, egoerea asko korapilatu daiteke.


8.- K2, Annapurna, Nanga Parbat... Zein da mendirik arriskutsuena?

Mendi guztiak dira arriskutsuak eta 8 mila metrotik gora edonon dago arriskua, gitxien espero dozun lekuan dago arrisku handiena. Halan da be, arriskutsuenen artean, Annapurnaren iparraldeko isuria nabarmenduko neuke.


9.- K2 mendiaren tontorra zapaltzen dabenetako lautik bat hilten da. Holako datuak entzunda, ze gogoeta darabilzu buruan?

Datuak datu dira, estadistikak eta gogoan hartu behar dira, zelan ez, baina tematu eta obsesionau barik. Gure kasuan, neguko igoerea izanda, upealako arriskua dago eta estadistikak txarragoak izango dira, orain arte ez dauelako inork K2 mendiaren tontorra neguan zapaldu.


10.- Mendizalea, eskalatzailea jaio egiten da, barrutik jatortzun gauzea da ala ikasi be egin daiteke?

Ikasi egiten da baina barrutik zeozerk bultzatzen zaitu mendira. Urteatan zabiz mendizaleakaz eta argi ikusten dozu goi mendietan dabizenak txikitatik bizi izan dabela mendia. Bizipenak, esperientziak, gurasoakandik jasotakoa, hori dana barruratzen badozu gatxa izango da mendian holako kontuetan ez sartzea.


11.- Kilian Jornet ondo ezagutzen dozu. Ultra Trail eta enparauetan munduko onenetakoa da
eta Everesten be bakar-bakarrik egon zan, sei egunetan birritan zapaldu ei eban tontorra...
Joango zinateke beragaz?

Bai, zergaitik ez, prest gagoz proiektu ezbardinetan sartzeko eta Kilianen ibilbidea sano miresgarria da. Oso indartsua da eta korrikolaria baino zeozer gehiago dala esango neuke, mendia zanetan daroa, eskiatzailea, eskalatzailea eta goi mendietan dabilen mendizalea da. Kasu honetan be etxean jaso dau naturearen indarra, Piriniotan, altueran jaiotakoa da eta horrek markau egiten zaitu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu