Bilboko Azkuna Zentroak VII. Gabonak Arte programea dakar
2018-12-21 09:42 KultureaAbenduaren 27tik urtarrilaren 4ra arte, programeak hainbat esperientzia sortzaile batuko ditu.
Azkuna Zentroak, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Gabonak Arte programearen zazpigarren edizioa aurkeztu dau. Ume eta familientzako esperientzia artistikoko programak arte garaikidea ezagutzeko aukerea emoten dau arte bizien, musika, ikus-entzunezkoen, literatura edota ilustrazinoaren bidez.
Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra arte, Gabonak Arte programeak hainbat esperientzia sortzaile batuko ditu, ikus-entzuleak protagonista bihurtuz, eta harritzeko, esperimentetako eta jakingurea bultzatzeko aukerea eskainiz.
Gabonak Arte programako jarduerak zentroko programazino egonkorraren isla dira, eta sorkuntza garaikidea jenteari hurreratu nahi deutsie. Era horretan, artearen ikaskuntzea normalizau nahi dabe diziplina ezbardinen bidez: antzerkia, jantzea, musikea, zinemea eta literatuera. Ekimen artistikoak ditu oinarri eta bardintasuna, tolerantzia, aniztasuna eta errespetua sustatzen ditu olgeta-giroan.
EDP Fundazinoaren eta Urbegi taldearen laguntzinoa eta lankidetzea izango ditu programa honek. Gabonak Arte Bilboko Udalak martxan jarritako #BilbaoGabonak proiektuaren barruan kokatzen da, honen helburua apurka-apurka uribildua gune erakarle garrantzitsu bihurtzea da, baita Gabonetan be. 2018 hau ekitaldi oso garrantzitsuen urtea izan da eta Bilbo Europako HUririk Onena izentau dabe; horregaitik, urtea ekimen berezi bategaz amaitu nahi izan dogu, egunotan uriari argia eta protagonismoa emongo deutsienak. Proiektu honetan jentea, bertokoa zein alde mugakideetakoak eta estaduko zein atzerriko turistak, merkataritzea eta negozioak mugiarazoteko erronkea dago eta Bilbo Gabonetan uri magikoa eta erakargarria izatea lortzea.
Nazinoarteko proposamenak eta estreinaldiak
Gabonak Arte-ren zazpigarren edizinoan azpimarratzekoak dira nazinoarteko proposamen artistiko bi: Portugaleko Projeto EZ konpainiaren Ez Sub urpeko ontzi urbanoa; honen bidez, publikoak ataritik nabegetako eta esperientzia bakarrak biziteko aukerea izango dau. Eta kultura digital europarraren erreferente diran Peter Weibel eta Matthias Gommel artisten FLICK_BI lana. Instalazino interaktibo honek, fotomatoi tradizional baten bidez, txartel-neurriko argazkiek aro digitalean daben funtzionaltasuna hausnartzen dau.
Horrezaz gan, Zum Zum Teatre eta Quim Bigas konpainiaren Hippos lanaren estreinaldia izango da Euskadi mailan. Proposamen eszeniko honek hipopotamoz mozorrotutako hiru personaia hartzen ditu gizateria eta animaltasunari buruz hausnartzen daben bitartean.
Edade guztietarako proposamenak
Gabonak Arte-ren inaugurazinoa abenduaren 27an izango da. Bertan, The Plastic Clono Band taldeak The Beatles taldearen abestiak batuko dituan kontzertua eskainiko dau. Ondoren, eta The Beatles taldeagaz jarraituz, Eguzkiaren pantailan talde britainiarraren abestian oinarritutako animazinoko Yellow Submarine filmea proiektauko da.
Gabonetako oporretan, Azkuna Zentroak publiko guztientzako jarduerak eskainiko ditu. Zentrora hurreratzen diranek poesia bisualak sortzeko aukerea izango dabe Itziar Zorita eta Itziar Imaz artistek gidatutako Harri, orri, at ekimenagaz. Baita Casa del Vacio konpainiaren Amesezko Planeta lanaren bidez, material birziklatuagaz egiturak eregiteko aukerea be.
Mama Crea-ko Karrusel instalazinoan Gabonak Arte programarako berariaz egindako Bapateko istorioak lana izango da. Mamu-feria bat da eta karrusel txiki baten pieza abandonatuek beren lehenagoko bizitzako istorioak kontauko ditue.
Krego-Martínek Espres Mobimentua sortu dau Atarirako. Mobimentua erabiliko dau adierazpide legez jantzan egiteko, olgetako, esploretako, barre egiteko...; eta Zigzag Jantzak Gabonak Arte-ra 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako Aupapá ikuskizuna aurkeztuko dau. Umeek askatasunez parte hartuko dabe, momentu bakotxean eurek erabagiten daben mailan.
Gainera, Auditorioak umeentzako produkzino bi hartuko ditu: Producciones Maestras-en Martinaren parke fantastikoa eta Laenananaranja-ren Kontukantari 2, Mendi Ibiltari.
Thierry Martinezek eta Carmen Larrazek Jantzaz programako sorkuntzako egonaldien emoitzea aurkeztuko deuskue, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean jantza garaikideaz batzeko eta ikertzeko dogun ATALAK 2.0 espazioaren edizino barrian.
Gabonak Arte ikus-entzuleen gogoetea pizten eta sormenerako gaitasunak, ahalmenak eta trebetasunak garatzen dituan esperientziak eskaintzen ditu.
Sarrerak behar dituen jardueretan parte hartzeko, Infopuntuan edo Azkuna Zentroko webgunean salgai egongo dira.
Ganera, aurten, Atariko Esperientziak Eguneko bonua sortu da eta horren barruan Bapateko istorioak, Harri, orri, at, Espres Mobimentua eta Amesezko Planetan parte hartzeko aukerea emoten dau (8 euro/6 euro Az txartelagaz).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!