Euskerearen erabilerea arlo guztietara zabaldu gura dau UPV/EHUk

Bizkaie! 2018-12-21 08:05   Euskerea berbagai

Gurea euskeraz bizi eta euskeraz lan egiten dauen unibersidadea izatea lortu nahi dogu.

Euskerearen presentzia eta erabilerea Unibersidadeko arlo guztietara zabaltzea da Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak gaur onartutako 2018/2022 epealdiko Euskerearen III. Plan Gidariaren helburu nagusienetakoa. Planak kontseilukideen aldeko 32 boto, eta 7 abstentzino izan ditu.

Erabilerea sustatzeaz gan, euskerazko erakus-materialen eta hizkuntza baliabideen kopurua ugaritzea, euskeraz eginiko nazinoarteko doktorego tesien kopurua handitzea eta UPV/EHUko euskerazko aldizkari zientifikoen eta bildumen oihartzuna zabaltzea ditu helburu Plan Gidari honek.

Gurea euskeraz bizi eta euskeraz lan egiten dauen unibersidadea izatea lortu nahi dogu. Horretarako, lan eremuan eta lanetik edo ikasgelatik kanpoko eremuan gehiago erabili daiten estrategiak bultzatuko ditu. Hizkuntzeagaz ditugun inertziak astinduz, hizkuntza-ohituren aldaketarako estrategiak garatuz, euskereagazko erantzukizunaren eta jokabideen inguruan hausnarketea bultzatuz eta euskerea erabilteko testuinguru eta egoera barriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortu behar dira, adierazo dau Jon Zarate Sesmak, UPV/EHU Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arkolo errektoreordeak.

Egun ia gradu guztiak bere osotasunean euskeraz ikasi daitekez UPV/EHUn, holan, nahitaezko erakusgaien % 97 euskeraz emoten da. Beraz, euskeraz eskaintzen ez diran nahitaezko irakasgai gitxi horreek euskalduntzea da UPV/EHUko Plan Gidariak finkatu dauen beste helburuetako bat.

Era berean, graduondoko eta etenbako prestakuntzearen arloko euskerazko erakus-eskaintzea be handitzeko ekimenak planteau ditu unibersidadeak, berbarako, graduondoko irakaskuntzan euskeraz ikasteko eskari handia daben master ofizialak identifikau eta horreetan euskerazko eskaintzea handitzeko ahalegina egitea proponiduten dau egitasmoak: Batetik, graduko euskerazko erakus-eskaintzea handitzen jarraituko dogu, osorik euskeraz ikastea posible ez diran gradu gitxi horreek erabat euskaldundu daitezan. Euskalduntzear dagozan derrigorrezko erakusgaiak izango dira gure lehentasuna, baina gradua osorik ikasteko euskaldundu behar diran hautazko erakusgaietan be arretea jarriko dogu, jakina, nabarmendu dau Zarate errektoreordeak.

Baina eskaintzearen ikuspegi kuantitatibotik harago, euskerazko irakaskuntzearen bikaintasuna lortu gura dau Plan barriak eta horretarako ekimen multzo bat abiarazoko dau. Eta horrezaz gan, euskeraz eginiko ikerketearen oihartzuna eta balioa handitzeko nazinoartera zabaltzeko egitasmoak bultzatuko dira.

Azkenik, Administrazino eta Zerbitzuetako Personalaren kasuan, UPV/EHUn euskeraz zerbitzua eskaini eta lan egingo dala bermatzeko helburuagaz, unidade administratiboetan derrigortasun-daten ehunekoak handitu eta lanpostuetako hizkuntza-eskakizun mailak zehaztu beharko dira, hizkuntza-eskakizun bakotxak emoten dituan gaitasun eta trebetasunak kontuan hartuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu