Jakin Taldeko aintzindariei Gipuzkoako Urrezko Dominea emon deutsie

Bizkaie! 2018-12-20 10:50   Kulturea

Joan Mari Torrealdaik egin dau berba, lau sarituen izenean.

Sarituak eta Markel Olano, dominea erakusten (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pentsamenduan, kultura eragiletzan, argitalpenetan, euskera batuaren bultzadan eta transmisinoan hamarkadarik hamarkada egindako lanagaitik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Dominea emon deutso Jakin Taldeari. Zehatz esanda, zeregin horretan aurrendari izandako lau lagun saritu ditu: Joan Mari Torrealdai, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendi. Azken hori ez da egon Donostiako Foru Jauregian egindako ekitaldian, Alemanian bizi dalako, eta ganera gaixorik dagoalako.

Halandabe, esker oneko mezua baldu dau Azurmendik Alemaniatik. Joan Mari Torrealdaik hartu dau Urrezko Dominea, Jakin Taldearen eta bere hiru kideen ordezkari. Jakinen izaera zabala azpimarratu dau: Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plazea izan da. Herriko plaza, gogoetearen plaza eta lankidetzarako alkargune. Horregaitik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurreratu jaku jentea, dino Torrealdaik.

Diktadurako sasoi gorabeheratsuei eta itxierei aurre egiten asmau dau Jakinek, beti euskaldunentzat eta kulturazaleentzat erreferente. Bateragune izateko bokazinoa izan dabela azpimarratu dau Torrealdaik, hori dala euren erreferentzialtasunaren, independentziaren eta sinisgarritasunaren giltzarria.

Urrezko Dominea emoteko ekitaldiaren hasieran, Alaitz Aizpuruk egin dau Jakinen aldeko laudatio-a. Europako unean uneko pentsamendu eta eztabaidak gurera ekarri eta bertotik pentsau eta jarduteko Jakinek egin dauen lana azaldu dau Aizpuruk.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputadu nagusiak emon deutse sarituei Urrezko Dominea.  Bide barriak zabaltzeko Jakinek egin dauen lana txalotu dau: Hizkuntzea, kulturea, herri sentimendua iraunarazo eta belaunaldi barriakana heltzeko bideak edegitea.

Jakinen bultzatzaileen aurretik, Frankismoaren biktimek eta euren senitartekoek (2017), Ramon Saizarbitoriak (2016), Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso eben Urrezko Dominea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu