Hizkuntza gitxiagotuak berbagai, Euskaltzaindiaren Iruñeko kongresuan

Bizkaie! 2018-12-20 09:08   Euskerea berbagai

Mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa urtarrilaren 17an eta 18an egingo dabe.

Ibon Usarralde, Sagrario Aleman eta Andres Urrutia (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak 100 urte bete dituala eta, biltzar ugari egiten dabiz Euskal Herri osoan, euskerearen oraina eta geroa aztertzeko. Iruñean egindako aurkezpenean, urtarrilaren 17an eta 18an Baluarten egingo dan topaketea aurkeztu dau Akademiak, hizkuntza gitxiagotuak ardatz. XXIII. Jagon Jardunaldia izango da.

Baionako eta Arantzazuko biltzarren ostean datorren honetan, 21 hizlarik hartuko dabe parte, egun eta erdiko egitarauan. Hilaren 17an egun osoz, 18an egun erdiz. Besteak beste, honeek dagoz adituen artean: Alain Viaut Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibersidadeko irakaslea; Jeroen Darquennes (University of Namur–Belgika); Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d’Estudis Catalans), edo Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartearen idazkari eragilea).

Hizkuntza gitxiagotuei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu nahi da biltzar honetan, adierazo dau Sagrario Aleman euskaltzainak. Bide batez, beste lurraldeetan egiten dan lana Euskal Herrikoagaz buztartu nahi da, aldarte akademiko egokia bilatuz eta euskerearen erabilera soziala eta hizkuntza eskubideen alorrak barneratuz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu dau ahalegin berezia egingo dabela biltzarrean hizkuntza gitxiagotuen akademien arteko alkarlana sustatzeko: Ikertzaile eta aditu honeen bisitea aprobetxau nahi dogu hizkuntza gitxiagotuen akademien arteko alkargunea sortzeko, kezka komunak lantzeko erabiliko litzatekeena. Ganera, ehun urteko historian Euskaltzaindiak euskerea normalizetako ahaleginean egindako ibilbidea jorratuko dabe Iruñean.

Kongresuan parte hartzeko, izena emon behar da, urtarrilaren 13ra arte, info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikoan. Doban da. Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu