Bilboko Udal Merkatuak sustatzea da helburua

Bizkaie! 2018-12-20 08:49   Jan edanak

Udal merkatuen irudi kolektiboa indartu eta egunotan be ohitura osasungarriak sustatzea dira helburuak.

Aurten, Bilbora erosketako saski onena dakarten zazpi udal merkatuak –Erribera, Zabalgunea, Deustua, San Ignacio, Labayru, Otxarkoaga eta Trauko– batu egin dira kalidadezko, hurreko eta prezio oneko merkatua balioan jarteko kanpainan, hori guztia, mezu osasungarria daben Gabonen inguruan, kanpainearen goiburuak gogorarazoten dauen moduan: Zorionak eta On egin!.

Bilboko Udal Merkatuen irudi kolektiboa indartzea, gertutasuneko merkataritzea, zerbitzua eta produktuen kalidadea balioan jarriz, eta geure kultura gastronomikoaren eta sozialaren parte diran ohitura eta tradizinoak zabaltzen beteten daben lan garrantzitsua azpimarratzea da kanpainearen helburu nagusia, gogorarazo dau Alfonso Gilek.

Beste helburuetako bat, tradizino handiko garaietan, Gabonetan be Udal Merkatuetan erostea da, bizitzako etapa guztietan bizitza osasungarria eta orekatua izan daigun. Eta hori guztia, hirugarren helburu garrantzitsua ahaztu barik, eguneroko plastiko konsumoa murriztea, horren ordez silikonazko edo telazko boltsak erabiliz, ekimen bitxiaren bitartez: 7.500 boltsa berrerabilgarriren banaketea, erosleen konfiantzea eta leialtasuna saritzeko.

Holan, Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Saileko zinegotziak azpimarratu dauenez, Udal Merkatuen Gabonetako Kanpainako ekintza guztien helburua Udal Merkatuak sustatzea da, uriaren eta bertako auzoen bizitzearen oinarri legez. Familian egiten dan erosketa tradizionalaren espirituari bizirik eusten deutsien jarduera ekonomiko guneak dira, eta goi mailako kalidadeko produktu fresko aukeraketa handiena eskaintzen deutsee kontsumitzaileei.


Boltsa berrerabilgarrien banaketea, konfiantzea saritzeko

Profesionaltasuna, gauzak ondo egitea, hurrekotasuna eta konfiantzea erakusleihoaren beste aldean; berba horreek erabili ditu Diezek udal merkatuek eta bertako profesionalek egiten daben merkataritza lana zehazteko. Bezeroen leialtasuna saritzeko, 7.500 boltsa berrerabilgarri emoten dabiz, bilbotarren konfiantzea saritzeko eta Plastikorik bako munduaren Olatua kanpaineari laguntzeko.

Boltsak 11:00etatik 13:00etara emongo ditue, abenduaren 17an Labayruko eta Traukoko merkatuetan; abenduaren 18an, San Inazion eta Otxarkoagan; 19an, Deustun eta Zabalgunean; eta 20an, Erriberan.


Gabonetako menu osasungarriaren show-cooking-a abenduaren 18an eta 20an

Bilbao Zerbitzuak erakundeak, Bilboko Udal Merkatuen gertutasuneko merkataritzea, zerbitzua eta produktuen kalidadea balioan jarteaz aparte, Gabon jaietan be elikadura osasungarria sustatu gura dau, izan be, Gabonak ez dira zertan gehiegikerien sinonimo izan behar. Holan, Erriberako Merkatuko Ikasgela Gastronomikoko suen ardurea dauen Bilboko Ostalaritza Goi Eskoleak bat egin dau kanpaineagaz, Udal Merkatuetako bezeroei Gabonetarako menu osasungarria, baina jai ikutu handikoa, eskainiz.

Jaiotarako menu orekatua egitea posible da, produktuak aukeratzeko edo ohikoak ez diran errezetak kozinetako orduan irudimena eta sormena erabilita, Unai Cubas Erriberako Merkatuko Ikasgela Gastronomikoko sukaldariak preparauko dauen menu osasungarriaren 5 sukaldaritza erakusketetan ikusi ahal izango da moduan. Erakusketea goizez egingo da, lanegunetan, 12:00etatik 13:30era, egun eta Merkatu honeetan: martitzenean, abenduaren 18an, eguaztenean, 19an eta eguenean 20an, Labayrun, Erriberan eta Deustun, hurranez hurran.

Menuaren barruan neguko barazki salteatua, Bizkaiko Golkoko arraina bilbotar erara errea, merkatuko oilasko gisatua eta, postrerako, Gabonetako konpota kozinauko ditue.

Platerrak errezeta tradizionaletan dagoz oinarrituta, eta tokiko, kalidadezko eta denporaldiko produktuakaz egiten dira, eta, ondorioz, emoitzea menu bitxia eta osasungarria izango da. Esangura horretan, Bilboko Ostalaritza Goi Eskolatik gogorarazo dabe denporaldiko fruta eta ortuariek aukera asko eta asko eskaintzen dituela, errezeta apalenetatik goi mailako sukaldaritzako platerretara, eta oso lagungarriak dirala gorputzak ondo funtzionau daian, hidratazino iturri dira eta bitaminak, zuntzea eta mineral antioxidagarriak emoten ditue, eta oso kaloria gitxi, ganera'. Horrezaz gan, dinoenez, denporaldiko frutak, barazkiak, okelea eta arrain fresko gehiago jatea dieta osasuntsua eta orekatua izateko lehen pausua da.

Era berean, Bilbao Zerbitzuak erakundeak, Bilboko Ostalaritza Goi Eskoleagaz lankidetzan, Erriberako Ikasgela Gastronomikoan eskainiko diran ikastaro monografikoetara joateko 250 bale emongo deutsee Bilboko Udal Merkatuetako 125 merkatariei (bale bi salmenta postu bakotxerako).


Gabonetako abesbatzak abenduaren 22an eta 29an

Abenduaren 22an, zortzi personak osotutako Bilbao Bel Canto abesbatzeak Erriberako Merkatuan kantauko dau 12:00etatik 13:30era, abesti herrikoiz eta Gabonetakoez osotutako errepertorio zabala eskainiz, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz.

Eta hurrengo zapatuan, abenduaren 29an, 12:00etatik 13:00etara, Bilbao Bel Canto abesbatzaren emonaldia Labairuko Merkatuan izango da, errepertorio berberagaz, eta Martín Barcelona tenorearen zuzendaritza artistikoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu