EuskarAbentura 2019, euskerearen etorkizuna sendotzeko

Dabi Piedra 2018-12-19 12:53   Euskerea berbagai

Euskal gazteen espedizinoa garagarrilean izango da.

EuskArabenturaren antolatzaileak eta erakunde bultzatzaileetako ordezkariak, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengo udako esperientzia gogoangarria kontuan hartuta, EuskarAbentura espedizinoak beste edizino bat izango dau 2019an, Euskal Herri guztiko erakunde publikoen eta enpresen babesari esker. Alkarlanaren garrantzia erakusteko, antolatzaileak eta hainbat erakundetako ordezkariak batu dira Bilbon, 2019ko esperientziaren barri emoteko.

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Foru Gobernuak, foru aldundiak, Nafarroa-Euskadi-Akitania Handia euroeskualdeak eta udaletako agintariek hartu dabe parte agerraldian. Danek nabarmendu dabe EuskarAbenturak 2018an gazteei ekarritako onurea, eta ikasitako balioetan sakontzeko asmoa dabe 2019an.

Garagarril guztian, 16 eta 17 urteko 110 gazte euskaldun ibili ziran oinez Euskal Herrian gora eta behera, ondarea, historia eta naturea ezagutzen. Hilabetez, euskeraz egin eben berba, alkarren arteko hartu-emonak eta adiskidetasunak euskeran oinarritu ziran. 2019ko edizinoa barriro izango da garagarrilean, eta beste ehun gazte inguru aukeratuko ditue. Done Jakue Bideari segika zeharkatuko ditue Euskal Herriko zazpi lurraldeak.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazo dauenez, EuskarAbentura gazteak aktibetako tresna izatea nahi dabe. Horrezaz gan, beste onura asko ditu esperientzia horrek: Euskal Herria sakonago ezagutzeko eta gazte euskaldunen arteko sarea osotzeko aukerea emoten dau.

Euskerearen etorkizuna bermatzeko oinarriak jartea ezinbestekoa dala dino Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak. Gazteen esku dago hurrengo belaunaldietan euskereak izango dauen lekua. Horregaitik, EuskarAbenturak zeregin garrantzitsua dau gazteak euskerara erakarten. Euskerearen aldeko influencer-ak izango dirala dino Miren Dobaranek.

Lorea Bilbaoren ustez, EuskarAbenturaren asmoak bete-betean bat datoz euskal ezaugarriakaz: Kirola, kulturea, hizkuntzea eta ondarea buztartzen ditu.

EuskarAbenturako arduradunek dinoe, 2019an pausu bat gehiago egin nahi dabela. Izan be, gazte parte-hartzaileen esperientzia partekatuko dabe gizarte guztiagaz, ikus-entzunezko baten bitartez. Dagoeneko, 2DEO enpresea badabil proiektu hori atontzen. Urtarrilean lan-saio edegiak antolatu ditue Donostiako Tabakaleran, ikus-entzunezkoa abian jarteko.

2019ko EuskarAbenturan egon nahi daben gazteek izena emon leikie martiaren 10era arte, webgunearen bidez. Hautagai guztien artean espedizino honetara joango diranak aukeratzeko, gazteek bialdutako lanak aztertuko ditue. Batetik, motibazino gutuna idatzi beharko dabe hautagaiek; bestetik, lan bat entregau, proponidutako hiru gaietako baten inguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu