2019ko Bertso Egunerako txartelak, salgai

Bizkaie! 2018-12-19 10:27   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 26an izango da 2019ko Bertso Eguna, Barañainen.

Urtarrilaren 26an izango da 2019ko Bertso Eguna, Barañainen. Bazkarirako txartelak eta arratsaldeko emonaldirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian dagoz honezkero eskuragai.

Donostiatik kanpo abiatutako bideari jarraituz, barriro be kokalekuz aldatuko da Bertso Eguna; azkena Mungian egin zan, eta urtebete ibilian eginda Barañainera helduko da urtarrilaren 26an.

50. Bertso Eguna izango da datorren hau. Egun osoko egitaraua atondu dabe eta, tartean, bazkaria eta bertso emonaldia izango dira. Horreetarako txartelak eskuragai jarri dira www.bertsosarrerak.eus atarian; deskontua izango dabe bai bazkideek zein gazteek arratsaldeko ekitaldirako sarreretan. Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean jarriko dan karpan izango da, 15:00etan; emonaldia, ostera, auditorioan 19:00etan. Han izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak. Bertso eskolea izango da arratsaldeko emonaldiaren haria; Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Aulki Jokoa saioan aurkezle ezagutu genduan Edurne Azkarate ibili dira prestaketa lanetan.

Goizean zehar be izango da zeregina; 11:00etan, Enkarguz emonaldiaz gozetako aukerea izango da Alaitz ikastetxean, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emonaldi barriaz; dobakoa izango da. Eguerdian, poteoa iragarri dabe tabernaz taberna eta Euskal Herri osoko hamabi bertsolari ibiliko dira bidean kantari: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa. Jarraian etorriko dira bazkaria eta arratsaldeko emonaldia, eta gauean be izango da jaia zelan luzatu.

Bertsozale Alkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskoleak antolatu dabe 2019ko Bertso Eguna.

Informazino gehiago eta egitaraua, hemen.


Bertso Eskolen Egunak be bat egingo dau

Bertso Eguna urte hasieran ospatzen da eta udagoien hasieran Bertso Eskolen Eguna. 2019an, ostera, biak alkarregaz ospatuko dira. Esangura horretan, bertso eskolea izango dau gai Bertso Eguneko emonaldiak.

Bestalde, Nafarroako Bertsozale Alkarteak urteroko batzarra egiteko erabiliko dau hitzordua. Urtarrilaren 26an, Barañainen egingo dau, kultur etxean, 9:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa