Bilboko Euskerearen Aholku Batzordeak urteko balantzea egin dau
2018-12-19 09:07 Euskerea berbagaiUdalean euskerea normalizetako planaren 2018-2022 tartearen ildo estrategikoak zehaztu ditue.
Juan Mari Aburto alkatea buru, eta uriko erakunde, alkarte eta eragileetako ordezkari ugari bertan dirala, Bilboko Euskerearen Aholku Batzordeak urtean egindako guztiari errepasoa egin deutso. Ekimen ugari egon dira 2018an, Euskaraldia esate baterako. Bide batez, amaitzear dan agintaldian Euskera Sailak egin dauen ibilbidearen balantzea be egin dabe.
Euskaraldiari jagokonez, urian 17.000 lagunek hartu eben parte era aktiboan, Ahobizi edo Belarriprest rola hartuta. Aholku Batzordeak datuaren balorazino positiboa egin dau. Euskerea kalera atera eta erabilera ohiturak aldatzea izan da Euskaraldiaren helburua, eta horretan ekarpen garrantzitsua egin dabela uste dabe batzordekideek.
Bestetik, Euskerearen Aholku Batzordearen batzarrean, Bilboko Udalean Euskerea Normalizetako 2018-2022 Planaren ildo estrategikoak aurkeztu ditue; izan be, oraintxe dabiz lantzen Plan hori. Helburuetako bat da euskerea gehiago erabili dadila jarduera publikoan, euskerea funtzionarioen artean sustatzea eta zerbitzua hizkuntza bietan emotea. Gaur egun, Udaleko beharginen erdiek baino gehiagok euskeraz ondo dakie, inertziaz sarri gaztelaniara joten daben arren. Beharginei parte-hartze eta konpromiso handiagoa eskatzen deutse Planak. Agintaldiko lau urteotan (2015-2018), Udaleko 400 langile baino gehiago formazino-ikastaroetan ibili dira.
Euskera Sailak urteotan izan dauen garapena be aztertu dabe batzordekideek. Aurrekontua hazi egin da agintaldiaren hasieratik hona, 2,5 miloetik gorakoa da 2019ko kontuetan. Horri esker, jarduera gehiago antolatu leitekez orain eta saileko lantaldeak gora egin dau: Hamar ziran lehen, orain 14.
Lau urteko agintaldian, Bilboko Udalak euskerea zabaltzeko egin dituan ekintza guztiak zerrendatu ditu: Biribilko, euskerea ikasteko diru-laguntzinoak, euskaltegietan izena emoteko kanpainak, Mundu bat bertso ikastetxeetan, Zinema Euskeraz, Ikusi eta Ikasi, Harrapazank, Mikoleta sariak, Klasikoen irakurraldia, Soziolinguistika jardunaldiak, Euskaltzaindiari babesa, Urian be... lehenengo berbea euskeraz kanpainea eta euskerearen txantxangorria.
Horrezaz gan, Hektor Ortegak idatzitako Gomutan liburuaren babesle izan da Udala, eta ikus-entzunezko produktuen bultzatzaile: Berton Bilbo, Gure Oroitzapenak eta Estitxu Gogoan.
Bilboko Euskerearen Aholku Batzordea 2016an sortu eben, konsultarako eta informazinorako erakunde lez. Euskerearen normalizazinoaren alde egitea da zeregina: Euskerearen kultur konsumoa bermatu, euskal hiztunen komunidadea indartu eta sareak sendotzea. Batzordeak gitxienez urtean behin egiten dau Osoko Bilkurea eta, horrezaz gan, hiru lantalde ditu martxan: Euskaltegiena, hedabideena eta euskerearen alorrean dabizan entidadeena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!