Manu Leguinecheren milaka agiri, Artxibo Historikoan
2018-12-18 13:37 KultureaKazetariaren familiak gizartearen esku itxi dau material guztia.
Manu Leguineche kazetari eta idazle arratzuarra 2014an hil zan, 72 urtegaz. Lanbidea pasino bihurtuta, mundu osoan ibili zan, hango barri jaso eta bertoko audientziari erakusteko. Ondare aberats eta harrigarria pilotu eban bere ofizioari esker eta, udan, Manu Leguineche zanaren familiak dohaintzan emon eutsan dana Euskadiko Artxibo Historikoari.
Eusko Jaurlaritzeak ondare hori erakusteko jardunaldia antolatu dau gaur, Leguinecheren familiari eskerrak emoteko eta material hori guztia eskuragarri dagoala erakusteko. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Leguinecheren senideak egon dira ekitaldian. Urteetan pilotutako agiriak bistan jarri ditue. Gaur egun, ganera, material hori guztia digitalizetan dabiz Artxiboko adituak.
Manu Leguineche da euskal kazetaritzeak emon dauen izen nabarmenenetako bat, eta haren ibilbidea gure mugez harago be aintzatetsi dabe, adierazo dau Muñozek. Kazetarien maisu izatea autortzen jako, eta aitzindaritzat joten dabe atzerriko korresponsalen artean. Haren zintzotasuna eta profesionaltasuna nabarmendu ohi da kazetaritzearen arloan. Mundu osoan zehar eta, batik bat, gatazkan dagozan lekuetako barri kontetan emondako bizitza oso baten dokumentuak jasoten ditu funtsak.
Leguinecheren apunteen koadernoak dituen lau kutxa, artikuluak batzen dituen hamabi kutxa, irudi zein diapositibadun beste hamar, eta danetariko agiriz betetako hamar bat karpeta dagoz funts horretan. Mundu osoan hartutako 3.000 irudi inguru be badagoz: Txinan, Vietnamen, Indonesian, Bangladeshen, Afganistanen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean, Jugoslavian, Nikaraguan, Perun, Txilen, Aljerian…
Horrezaz gan, mundu zabaletik ekarritako oroigarriak emon ditu familiak dohaintzan, nazinoarteko ekitaldietarako prentsa-akreditazinoetatik ikasle garaiko elementuetara. Joxean Muñozek eskerrak emon deutsaz Leguineche familiari Euskadiko Artxibo Historikora jo eta funtsak euskal gizartearen esku jartzean erakutsitako eskuzabaltasunagaitik. Dokumentazino honek guztiak XX. mendeko unerik garrantzizkoenetako batzuk biltzen ditu; altxor txikiz beteta dago funtsa. Leguineche familiaren eskuzabaltasuna eskertu nahi dogu, eta gogorarazo era honetako dohaintzek ze garrantzia daben Euskadiko Artxibo Historikoarentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!