Mauro Saraviaren 'Kosmo Polita' erakusketea martxan Bilbon
2018-12-18 13:04 KultureaGaur zabaldu eta urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai Abandoko Udaltegian (Elcano 20).
Etorkinen Nazinoarteko Egunaren ospakizunen artean dago eta Udalak aniztasunaren balioaren eta balioen uria eregitearen aldeko apustuaren estrategiaren barruan dago.
Bilbok ahots eta begirada jarri deutsee bilbotarra izatearen kontzientzia sortzen daben nortasun ezsbardinei, nortasun hori osotzen daben personen jatorria edozein dala be, Kosmo-Polita argazkien erakusketearen eskutik. Bilbo beren errealidade eta etxe bihurtu daben etorkinen 12 erretratu eta ikus-entzunezko lekukotzea dagoz erakusketan.
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Bardintasun Saileko zinegotziak eta argazkilaria eta erakusketearen egilea dan Mauro Saraviak gaur goizean aurkeztu dabe erakusketea Abandoko Udaltegian (aldi batez Elcano kaleko 20an), kaleetatik dabizanakan Bilboren eragina eta bilbotarra izatearen esangureari buruzko gogoetea, argazkien bitartez egindakoa.
Nortasunen benetako osogaia zein dan galderatik abiatuta eta erakusketearen izenagaz berba-jokoa eginez (kosmo: mundua, unibersoa; polita), lekuetako nortasuna bertan bizi diran komunidadeek eregiten dabela erakutsi nahi da, eta aldakorrak, konplexuak eta poliedrikoak dirala, artistearen berbetan.
Kolonbia, Bolivia, Ekuatore Ginea, Maroko edo Txinatik etorrita, istorioen dozena bat protagonistek beste errealidade batzuk erakusten ditue; horrezaz gan, emakumezkoen ikuspegia nabarmentzen da, sarritan birritan isiltzen baita.
Kosmo-Polita erakusketea gaur arratsaldeak inaugurauko dabe, 18:30ean. Erakusketea Abandoko Udaltegianikusi ahal izango da 2019ko urtarrilaren 10era arte.
Migratzaileen Nazinoarteko Eguna
Etorkinen Nazinoarteko Eguna 2000ko abenduaren 4an aldarrikatu zan Nazio Batuen Biltzarrean, munduan izaten diran migrazino joan-etorrien igoerearen aurrean gizartea sentiberatzeko.
Era berean, 2016ko irailaren 19an, Nazino Batuen Biltzar Orokorrak etorkinen eta errefuxiatuen joan-etorriei buruzko zenbait neurri onartu eta estadu kideek zenbait betebehar hartu zituen New Yorkeko Adierazpenean, persona horreek merezidu daben nazinoarteko babesaren garrantzia azpimarratuz eta mundu-mailako akordio gehiago egiteko bidea leunduz. Azken batean, herrialdeen eta erregioen arteko alkarrizketa eta alkarrekintza gehiago sortzeko apustua egin zan, fenomeno migratorioei esker esperientziak eta lankidetzarako aukerak trukatzea sustatuz.
Bilbo, aniztasunaren balioaren aldeko apustua
Bilboko Udalak aniztasunaren balioa kudeatzeko dauen estrategiaren barruan dago Kosmo-Polita erakusketea, integrazinoa eta gizartearen kohesinoa errazteko eta horren onurak uriaren garapen, sozial, ekonomiko eta kulturalerako erabiliz.
Konpromiso hori Bilboko Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planean jasoten da, bere helburua kulturarteko Bilbo eregitea baita, aniztasuna zentzuz eta eraginkortasunez kudeatzeko, abantailak ahalik eta gehien erabiliz. Holan, atzerriko personak onartu, gizarteratu eta euren gaitasunak tokiko garapenean aprobetxauko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!