Ortzadar Saria emon deutsie Euskaltzaindiari
2018-12-18 09:10 Euskerea berbagaiAkademiak ehun urtez egin dauen ekarpena nabarmendu nahi izan dau Noticias taldeak.
Euskaltzaindiaren egoitzan egindako ekitaldi baten emon deutsie 2018ko Ortzadar Saria Andres Urrutia euskaltzainburuari, eta ondoren, euskerearen gaur egungo egoerearen eta erronken inguruko barriketaldia antolatu dabe. Noticias taldearen Ortzadar euskerazko gehigarriaren izena daroan saria urtero emoten dabe, kulturearen eta euskerearen munduan nabarmendu diran persona zein erakundeen lana txalotzeko.
Akademia osoaren partez hartzen dot sari hau, esker onez eta arduraz, adierazo dau Andres Urrutiak saria hartzeko momentuan. Baikor ikusten dot euskerearen bilakaerea, eta lanerako gogoz gagoz Euskaltzaindian. Euskal gizartetik jaio ginen eta euskal gizartearen zerbitzura gagoz. Kike Hermosilla Iparragirre argitaletxeko merkataritza zuzendariak emon deutso saria Urrutiari.
Saria emon eta geroko barriketaldian hartu dabe parte Andres Urrutiak berak, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak eta Merkat Bernaola Begoñazpi ikastolako zuzendariak. Sandra Atutxa kazetariak gidatu dau saioa.
Zupiriaren esanetan, hizkuntza-ohituretan eragitea ezinbestekoa da euskereak aurrera egin deian, eta Euskaraldia ariketa indartsua izan da bide horretan. Lorea Bilbaok, ostera, arlo profesionalaren garrantzia azaldu dau, eta euskerea eskola-hizkuntza izatetik harago joan behar dala. Horretarako, arlo afektiboa landu behar dala ganeratu dau Merkat Bernaolak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!