Erronkaz betetako urte barrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk

Bizkaie! 2018-12-18 08:03   Euskerea berbagai

Urte amaierako batzar nagusia egin dau UEMAk Legorretan.

Bertako herri antzokian batu dira UEMA osotzen daben 86 udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak; 2018an egindakoaren balantzea aztertu eta 2019rako egitasmo nagusiak onartu ditue. Oro har, udalerri euskaldunen garapena, hizkuntza politiken zeharlerrotasuna, alkarlana, lege babesa eta herritarren sentiberatsuna nabarmendu ditue 2019ko arloen artean.

Urteko balantzean, hiru lan nabarmendu ditue: udalerri euskaldunen prebentzinotik garapenera emon beharreko urratsak batzen dituan txostena, udalerri euskaldun eta turistikoetan bisitariei euskerearen inguruan egindako azterketea, eta eragin linguistikoak azken urtean izan dauen ibilbidea eta zabalkundea.

2019rako egitasmoen artean, barriz, UEMAren ohiko bost arloen barruan aztertu eta onartu ditue hurrengo hilebeteotako lanerako arloak:

· Udalerri euskaldunen lurgunea osotzea: UEMAra sartu daitekezan herriakaz egin beharreko lanaz gan, maiatzeko hauteskundeen ondoren agintaldi barriko udalbatzakaz eta udal ordezkari barriakaz UEMAren nondik norakoak eta UEMAren lana ezagutarazotea.

· UEMA erakundea sendotzea: hainbat lan izango dira 2019an. Hainbat erakunde publikok udalerri euskaldunen garrantzia ikusarazoteko alkarlanean egingo daben komunikazino kanpainea, alkarlana ganerako erakundeakaz, eta sortuko diran udal eta aldundi barriakaz harremanak eta hitzarmenak.

· Udalen eta udalerrien euskalduntzea: udalen erabateko euskalduntzeko bitartekoakaz eta planakaz lanean jarraitu, udalerrietako diagnostikoak osotu, zerbitzu sektorea euskalduntzeko kanpainak eta formakuntza saioak, etorri barriakaz landu beharrekoak, eta abar.

· Herritarren sentiberatasuna eta ahalduntzea: sektorekako tailerrak eta trebakuntza saioakaz jarraitzea, eta UEMAren hezkuntza proiektua sendotzea, bai hezkuntza arautuan (ikastetxeetan), bai eremu ez arautuan (gazte topaketak).

· Udalerri euskaldunak jagon eta babesteko bitartekoak garatu (Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa: zabalkundea), eta garapenerako urratsak emon, zeharlerrotasunez.

 

86 udal eta 250.000 biztanleko lurgune euskalduna

Gaur egun, 86 udalek osotzen dabe Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea, guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osotuz. Euskerearen aldeko herri mobimentutik sortu zan UEMA. 1988an, Euskal Herrian Euskeraz alkartearen mozino bat onartu eben Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskera hutsean martxan hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazoak zituela jaubetuta, udal horreetako batzuk alkarren artean batzen eta koordinetan hasi ziran, udalak be euskeraz lanean hasi ahal izateko. Holan, mankomunidade izakerea hartuta, erakunde publiko bihurtu zan UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu eben parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari jagokonez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziran UEMAko kide. Gaur egun 86 dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu