Juanjo San Sebastian: 'Mendia ez da alpinismoa bakarrik'
2018-12-17 08:25 Barriketan2018ko Wop sariduna.
XI. Bilbao Mendi Film Festivalek sarrerak agortuta (1.600) ekin eutson aurtengo jaialdiari eta milazak lagun batu dituan mendiko zinemagintzearen jaialdiak errekor guztiak txiki itxi ditu. Juanjo San Sebastianek WOP Saria irabazi eta hamar milatik gora ikus-entzuleko markea gainditu ostean, danak pozik.
Honako sari honeek banatu ditue aurten:
- Sari Nagusia, Film Onena: Eguzkilorea eta 6.000 euro
BECOMING WHO I WAS (2016 Hego Korea).
- Zuzendari Onena: Eguzkilorea eta 3.000 euro
Arünas Matelis - WONDERFUL LOSERS
- Argazkilaritza Onena: Eguzkilorea eta 2.000 euro
- Gidoi Onena: Eguzkilorea eta 2.000 euro
- Film Labur Onena: Eguzkilorea eta 1.000 euro
- Euskarazko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.000 euro
- Epaimahaiaren Saria: Eguzkilorea eta 1.000 euro
- Mendiko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro
EVEREST GREEN
- Eskaladako Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro
LEZENÍ NA PISKU – SAND CLIMBING – THE SEVENTIES
- Kirol eta Abenturazko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro
- Mendi-kulturari eta Naturari Buruzko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro
BAYANDALAI—LORD OF THE TAIGA
- Publikoaren Saria
Juanjo San Sebastian mendizale eta idazle bilbotarrak jaso dau Bilbao Mendi Film Festivalen WOP Fundazinoa Saria, mendizaletasunaren giza balioak eta transmisinoa saritzen dituana.
Bosgarrenez emon da sari hau, eta goi mailako protagonisten zerrendara batuko da Juanjo San Sebastian. Haren aurretik Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016) eta Peter Habeler (2017) izan dira sarituak, Jeremy Collins-en Drawn filmaz batera (2014).
Kurt Diemberger be ezin ahaztu, izan be, Mendi Zinemaldien Nazinoarteko Alkargoak (IAMF) mendi zinemagintzeari ekarpen esanguratsua egin deutsien personaiei emoten deutsen Sari Nagusia alpinista austriarrari jagoko aurten.
Kontuak kontu, hainbat protagonista izan dira euren lanak eszenarioan aurkeztu dituenak: Tommy Caldwell, Sean Villanueva, Nico Favresse, David Lama, Kepa Acero, Alberto Iñurrategi... eta zuzendari asko: Peter Mortimer, Michael Brown, Mathieu Le Lay, Bernat Sampol, Alex Areizaga, Oier Plazaola...
OHARRA: Alkarrizketea Bilbao Mendi Film Festivaleko palmaresa zabaldu aurretik egin genduan.
1.- WOP Saria jaso barri, ze gogoeta egin dozu?
Pozarren nago. Eskerrak emotea jagokit, Wop Fundazinokoei, Jabier Baraiazarra eta antolatzaileei. Maitatua sentiduten naz. Baina aurreko urteetako sarituen zerrendea ikusita, ni be hor tartean egotea larregi begitantzen jat, Josep Manuel Anglada, Chris Bonington eta Peter Habeleren alboan; alde handia ikusten dot eurekaz konparauta baina ikaragarri pozik nago.
Bizitzan oztopoak gainditzeko ahalmena, ausardia, talde-lana, konpromisoa, zintzotasuna, adiskidetasuna eta beste hainbat balioren eredu izandako alpinisten ibilbidea saritzen dau Wop Sariak eta benetan gustora hartu dot.
2.- Saria eta epaimahaian be ibili zara filmak ikusi eta baloretan. Zelako lana izan da?
Oso polita baina gogorra be bai. Egunean 8 film inguru ikusi behar izan doguz baina eskerrak ze epaimahaiko kideak oso jatorrak dira, oso ondo konpondu gara, esperientzia ederra izan da. Lana sano atsegina izan da ze aurretik Mendi Jaialdiko antolatzaileek egindako aukeraketa bikaina jaso dogu eta horrek asko erraztu deusku lana. Film ia guztietan istorio ederrak ikusi doguz eta mendizaletasunaren baloreak eta bikain jasota dagoz.
3.- Epaimahaiaren barruan, zelakoak izaten dira azken erabagirako erispideak?
Ez da horrenbeste tirabirarik izan. Nik ikusi ditudan pelikula gehienak oso onak izan dira. Ondo konpondu eta nahikoa bat etorri gara. Alde horretatik, lan erraza izan da. Tirabira txikiena egon dan momentuan berehala hartu dogu erabagia film onena hautatzea dalako asmoa. Hori bai, film danetan kalidadeko gitxieneko neurriak badagoz be, proiektu eskasak be ikusi doguz eta horreek epaitzen be bat etorri gara.
4.- 14.000 ikusle batu ditu Mendi Tour 2018k. Danetara, 49 saio izan dira eta amaierea Cantabrian izan zan, Liébana eskualdeko Potes herrian bi eguneko saioa eskainita. Urtetik urtera gero eta jente gehiago batzen da...
Bai. Geu be harrituta gagoz. Kontuan hartu eskaintzen doguzan filmak oso onak, sano interesgarriak dirala eta jenteak badaki hori. Horrezaz gan, Mendi Filmek abiarazotako komunikazino kanpainak be nabarmenduko neukez, sasoiz iragarten ditue egitarauak eta hitzorduak eta ikusleek nahikoa denpora izaten dabe hau ala bestea aukeratzeko.
5.- Iñaki Atxaren Hartz eta Otsoekin lotan lanari emon deutsie aurten Mendi Short 2018 saria. Zein da zure eretxia?
Gustau jat. Egile amateurrentzako film laburren lehiaketearen 5. edizinoa Iñaki Atxaren Hartz eta Otsoekin lotan lana saritzea erabagi dau eta konforme nago erabagiagaz. Joseba Urkiola, ETB-ko Kirol alor burua, Anartz Agirre mendiko eta muturreko kirol gaietan aditua dan ETB-ko kazetaria, eta Naia Diez kazetaria eta Mendi Short koordinatzailea izan dira epaimahaikideak.
6.- 55 film ez dira dida ikusi eta baloretan. Zein da epaimahaiko kide baten egunerokoa?
Oso gogorra (Barreka)... Film asko eta ordu piloa emoten dogu horretan; goizeko 09:30ean hasi eta arratsaldeko 20:00retan edo amaitzen dogu eta deskantsu labur batzuk tarteko dirala, otorduetarako be ez dogu denpora lar izaten. Halan da be, filmak ikusten gustora gabiz eta ez jaku bape aspergarria egin.
Gogoratu Aldo Audisio italiarra, Emi Veyama (Japonia), Jim Herrigton eta Susan Beraza (AEB) eta neu garela epaimahaikide.
7.- Sail Ofizialean, euskal lanak be badira: Pastoreak, Zuz: Eukeni Arriortua (Bideografik, Durango); Tor, Zuz: Mikel eta Iñaki Urresti anaiak (Garakordada, Atxondo); Marierrauskin, Zuz: Alex Areizaga eta Oier Plazaola (Gattiken, Urretxu); eta Bayandalai – Lord of the Taiga, Zuz: Pablo Vidal eta Aner Etxebarria (Old Port Films, Getxo) eta produktorea: Lara Izagirre (Gariza Films). Zein da zure eretxia?
Onak dira, berotasun handia emoten deutsie film horreek mendiari. Mendia ez da alpinismoa bakarrik, bizimodua, kultura zein jarrera ba da, hain zuzen be.
8.- XI. Bilbao Mendi Film Festivaleko kartela CVCEPHOTO nazinoarteko mendi jardueren argazkilaritza lehiaketara aurkeztutako lanen artetik hautatu da: Rainer Eder-en Learning to Fly da irabazlea. Gustetan jatzu?
Bai, polita da. Kolore askorik ez dauka baina argazkia ikusgarria da, kolore urdina eta zuri-baltzeko erretratua buztartu ditu, hegaz agiri da persona bat sokatik dingilizka, artistea da Rainer Eder.
9.- Laster doa K2 mendiaren tontorra neguan zapaltzeko gogoz Alex Txikon. Zuretzat be esanguratsua da K2 mendia, sano momentu gogorrak bizi izan zenduzalako han, sokalaguna eta hatzamarrak batzuk galdu...
Bai. Esperientzia txarra izan zan baina balantzan jarrita, mendian gehiago dira abentura onak txarrak baino. Mendiek emoten deutsue kentzen deutsuena baino askoz gehiago.
Ganerakoan, hogeita lau urte inguru joan dira ezbehar haretatik baina benetan ondo gogoratzen dot, Atxo Apellaniz aspaldiko laguna eta biok tontorretik behera gentozala komedia bizi izan genduan. Eta bigarren kanpalekuan hil zanean, kriston pena sentidu neban. Esaten neutson hori da bizitzea, mendiek bizitzea emon egiten deutsue. Bizitzatik inork ez dau bizirik urtetan.
Cita con la cumbre liburua be etorri zan gero, ezbeharraren narrazinoa baino gehiago, gogoeta sakona dago liburuan, sentimenduak eta poesia, zergaitik erakarten deuskun horrenbeste tontorrak, mereziduko ete dau norberaren bizia arriskuan jartea...
Alex Txikoni zer esango deutsat ba, disfrutau daiela mendian eta burua jagoteko, hemen gure artean behar dogula. Eta ahal dala, neguan barriro ez daitela joan, oso arriskutsua dalako.
10.- Mendiko espedizinoetan ibilia, eskaletan eta altuerako kamerari, dokumentalen gidoilari eta zuzendari be ibilita zagoz, Pagasarrira Martxea, mendi jardunaldiak... Non gustorago?
Gustorago orain nabil, jubilauta; gauza asko egiteko astia daukat, idazteko lanari berrekin gura deutsat eta kirolari jagokonez, hatxeko eskaladea asko gustetan jat, sano dibertigarria da eta horrenbeste arrisku hartu barik, bildur apur bat pasau arren, gustora nabil. Datu legez esango deutsut Pagasarriko tontorra hiru urtetxugaz zapaldu nebala...
Ganerakoan, Abenturea ez dago leku urrunetan bakarrik, orain deskubriduten nabil hori eta lehen gitxi eresten nituan gauzakaz ondo nabil. Lehen goi mendiak nituan buruan eta gaur egun, barriz, etxetik hurrago hobeto.
Hor aitatutakoez gan, Espainiako goi-mendiko gidarien lehen eskola-tailerreko zuzendari teknikoa be izan naz... Badakizu natureagaz lotutako gauzetan beti gustora
11.- Mendiko maratoiak, ultra trailak, Hiru Handiak, igoera bertikalak... egungo modak dira? Ahaztu egin doguz mendira patxadaz eta naturaz disfrutetan joateko jokerak?
Mendi Film honetan lehiaketen ganeko pelikulak ikusi doguz eta ni neu ez naz zale-zalea. Niretzako atletismoagaz dabe lotura handiagoa mendiagaz baino; asfalto gaineko lasterketak baino gurago mendian ibili baina jarduera horreek ez dabe jasoten alpismoaren espiritua; alpinismoa da bakardadea, isiltasuna, patxadea... Oraintsu Messner handiak Bilbon esan eban, alpinismoa dago ia inor ez dabilen lekuan eta hori gaur egun oso gatxa da.
Hori bai, maila ekonomikoan, turismoa erakarteko eta oso esperientzia ederrak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!