Ef Lirkoa taldeak irabazi dau Kaleko Arte Eszenikoak zabaltzeko deialdia

Bizkaie! 2018-12-13 11:55   Kulturea

Karrikan 2016an sortu zen, kaleko arte eszenikoen sorkuntzak bultzatu eta laguntzeko helburuz.

Ef Lirkoa. Argazkia: Noémie Chevalier | Ikusi handiago | Argazki originala

Ef Lirkoa konpainiaren Echos jantza garaikideko pieza aukeratua izan da Karrikanen hirugarren edizinoan, aurkeztutako 18 proiekturen artean. Plataformeak kale-arteen sorkuntzea bultzatzen dau Euskal Herrian. Karrikan-eko kideek proiektu hau aukeratu dabe bere originaltasunagaitik, planteamendu artistikoaren zehaztasunagaitik eta bideragarritasunagaitik.

Ef Lirkoa kolektiboa Flora Bougues koreografo eta jantzariak eta Eric Lenormand saxofonista eta konpositoreak osotzen dabe. Kolektiboak musikea eta jantzak nahastuz proiektuak sortzen ditu. Ikuskizunetan landutako gaien inguruko bitartekaritza taldearen konpromiso artistikoaren parte da.

Echos proiektuan, Ef Lirkoa kolektiboak jantza garaikidea eta eguneko hainbat musika-hizkuntza tradizional buztartzen ditu uri-espazioan. Ikuskizunak eztabaidea planteetan dau gizakiaren lekua urigunean zehazteko, eta bere patroi soziokulturalak esploretan ditu. Inspirazino iturriak, haizea, itsasoa, eta lurra lako betiko elementu naturalak dira, alde batetik; eta bestetik, eguneroko keinuak, urian sortzen diran jarrerak eta talde-loturak lako uri-ingurumeneko elementu zehatzak.

Echos-ek tokian-tokiko berezitasun espazialak erabilten ditu eta publikoari leku aktiboa emoten deutso, ikuskizunean txertatuz. Ikuskizunaren sormen prozesuak maiatzera arte iraungo dau, Karrikanek emondako egonaldi artistiko ezbardinetan: Hameka Kale Arteen Fabrikan (Louhossoa, Lapurdi), Harrobian (Bilbo, Bizkaia), Mendi Zolan (Hendaia, Lapurdi) eta Dantzagunean (Errenteria, Gipuzkoa). Lanaren aurre-estreinaldia Arrigorriagan izango da 2019ko maiatzaren lehenengo asteburuan eta, estreinaldi ofiziala, maiatzaren 18 edo 19an izango da Mai du théâtre jaialdian, Hendaian.

Karrikan 2016an sortutako plataformea da. Egun Vitoria-Gasteizko, Bilboko, Iruñako eta Hendaiako udalak, Hameka Euskal Herriko Erkidegoak eta Quiero Teatro antzerki-sustatzaileak osotzen dabe. Plataformearen helburua kaleko arte-eszenikoen sorkuntzak bultzatzea da Pirinioen alde bietan. Bazkide-kolaboratzaile dira Libourneko, Arrigorriagako eta Iurretako udalak, eta Gipuzkoako Dantzagunea, Gipuzkoako Foru Aldundiko jantza-zerbitzua.

Konpainiari 18.200€-ko diru-laguntzinoa emongo jako, baita hiru sorkuntza-egonaldi eta hurrengo jaialdietan programatua izango da: Clown Jaialdian (Arrigorriaga), Mai du théâtren (Hendaia), KaldeArten (Gasteiz), Bilboko Kalealdian (Bilbo), Fest’Artsen (Libourne), Harresietako jaialdian (Iruña), Abian!-en (Hameka, Lapurdi) eta Kalez Kalen (Iurreta). Konpainiaren beharrei egokitutako aholku administratiboa be izango dau.

Karrikanek Euskal Herrian egungo kaleko arteen egoerearen begiradea emon gura dau, alor horretako laguntzak osotzeko ahaleginean, konpainia edota artista sortu barrien kasuetan, batez be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu