Hizkuntzen Eurokartea beteteko konpromisoa nabarmendu dabe Iruñean

Bizkaie! 2018-12-12 08:03   Euskerea berbagai

Administrazinoaren betebeharra da herritarren hizkuntza eskubideak errespetetea.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak parte hartu dau Nafarroako Jauregian egindako Hizkuntzen Eurokartearen jarraipenerako Europako Kontseiluko Adituen Batzordearen gaurko bileran. Sailburuordeak nabarmendu dau euskal erakundeek egiten daben lana Eurokartan jasotako konpromiso guzti-guztiak beteteko, eta Estaduko Administrazinoaren konpromisoa eskatu dau, izan be, Europako Batzordearen azken txostenean jasotako gomendio ia guztiak Administrazino horri zuzenduta dagoz. Dobaranek, halan da be, azaldu dau Eusko Jaurlaritzeak azken bi urtean egin dauen lana hobetu beharrekoak hobetzeko.

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak 2016ko txostenean adierazo ebanez, Hizkuntzen Eurokartearen (Eskualdetako edo Gitxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna) betete-mailea Estaduan altua da autonomia erkidegoen lanari esker, gehienetan talka egiten dauena Estaduaren itxikeriagaz. Holan, txosten horretan jasotako sei gomendio nagusietatik bostetan Eusko Jaurlaritzeak ez dauka eragiteko aukerarik, Estaduko Administrazinoaren eskumenen menpe baitagoz. Gomendioetako bati jagokonez, ostera, Eusko Jaurlaritzeak eragiteko aukerarik badauka, justizia, polizia eta osasun zerbitzuen inguruko oharrak aitatzen baitira. Horren aurrean, Miren Dobaranek azken urteotan egindako ahaleginak azaldu ditu jarraipen bileran.

Dobaran sailburuordeagaz batera izan dira, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Joseba Lozano Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizetako zuzendaria eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria. Osakidetzako eta Lana eta Justizia Saileko kideak be izan dira bileran. Horrezaz gan, Adituen Batzordearen izenean, Fernando Rammalo (Espainia), Dieter Halwachs (Austria), René DE Groot (Herbehereak) eta Csaba Pákozdi (Eurokartearen idazkaria) izan dira. Nafarroako Gobernutik, Euskarabideko ordezkariez gan, Ana Ollo Herritarrakazko eta Erakundeakazko Harremanetako kontseilaria izan da bilerearen hasieran.


Ertzaintzea

Adituen Batzordearen azken txostenean agiri zan gaietako bat euskerearen ezagutza Ertzaintzan izanik, Miren Dobaran sailburuordeak azaldu dau 8.000 lanpostutatik % 43an (3.513) eskatzen dala, derrigorrez, B2 edo C1 maila egiaztatzea (gehienetan B2 mailea). Adierazo dauenez, ertzain guztien % 46,6k egiaztatu dau bi hizkuntza-eskakizunetako bat. Bestalde, sailburuordeak esan dau garrantzitsua dala Segurtasun Sailak 2015ean martxan jarri dauen Erabilera Plana: Plan horrek aukerea emongo dau euskereak aurrera egin daian herritarrentzako zerbitzu-hizkuntza legez, baita polizia-etxeetako lan-hizkuntza legez be, esan dau.

Azkenik, Dobaranek adierazo dau promozino barrietara aurkezten diran hautagai gehienak euskeraz berba egiteko kapaz dirala eta horrek aldaketea ekarriko dauela. Egoera horren aurrean, Ertzaintzearen Akademiak abian jarri dau proiektu bat, arian-arian, euskerea komunikazino hizkuntzea izan daiten, Ertzainak Prestatzeko Oinarrizko Ikastaroan (orain arte prestakuntza guztia gaztelaniaz emon izan da).


Osakidetzea

Osakidetzeari jagokonez, Xabier Balerdi zerbitzu honen Giza Baliabideetako zuzendariordeak azaldu dauenez, 2013-2019 epealdirako Osakidetzaren bigarren Euskera Plana egongo da indarrean. Betete-mailearen inguruko ebaluazino jarraituaren arabera, 2016. urtean Plan horretan ezarrita egozan helburuen % 76 beteta baegozan, aurreko urtean baino % 6,81 gehiago. Bestalde, azaldu dabenez, Osakidetzako lanpostu guztien % 37an egiaztatu behar da, derrigorrez, hizkuntza-eskakizunen bat (gehien-gehienetan B2a). Kasu batzuetan langileek oraindino ez dabe hizkuntza-eskakizuna egiaztatu eta, holakoetan, lehentasuna dabe euskalduntze prozesuetan parte hartzeko. Urtero 2.500 langile inguruk parte hartzen dabe euskerea ikasteko prozesuetan. Azkenik, Balerdik azaldu dauenez, Osakidetzako langileen % 34k egiaztatuta dabe jagoken hizkuntza-eskakizuna (2006an % 11 baino ez ziran).


Estaduaren administrazinoa

Dobaran sailburuordeak azaldu dauenez, Adituen Batzordeak egiten dauen gomendio gehienak Estaduko Administrazinoari zuzenduta dagoz: Joan dan astelehenean, abenduaren 3an, Estaduko Hizkuntzen Kontseilua Bilbon batzartu zan eta bertan parte hartzeko aukerea izan neban. Ministroari berari esan geuntsan legez, administrazinoaren betebeharra da herritarren hizkuntza eskubideak errespetetea eta, ganera, hizkuntz hautua errespeteteak zerbitzuaren kalidadea hobetzea dakar, adierazo dau.

Amaitzeko, Dobaran sailburuordeak azaldu ditu euskerearen erabileran salto kualitatiboa emoteko Eusko Jaurlaritzareen zenbait lan-arlo:

- Nafarroako Gobernuagaz eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoagaz sinatutako Hiruko Itunari lotutako ekimenak.

- Eremu Sozioekonomikorako Plan Estrategikoa.

- Euskaraldia, 11 Egun Euskeraz ekimena.

- Euskerazko hedabideen finantziazinorako proposamena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu