Euskal kultureari eta euskereari lotutako jarduera ugari Bilbon

Bizkaie! 2018-12-10 12:18   Kulturea

#BilbaoGabonak proiektuaren helburua apurka-apurka Bilbo gune erakarle bihurtzea da.

Auzoetan hainbat jarduera programau dira abendurako, Kultur Gabonak programearen barruan; horren harira, Deustun, beste urte batez, euskal kultureari eta euskereari loturiko hainbat jarduera egingo dira, besteak beste, bertso-saioak, euskerazko antzezlanak edo poesia-topaketa bat, Harkaitz Cano idazleagaz.

Programazinoa astelehenean, hilaren 10ean, hasiko da, Deustuko udaltegian, bertso-saio bategaz; bertan izango dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina, 2017ko azken txapelketa nagusiko lehen hiru sailkatuak.

Guztira, dozena erdi jarduera antolatu dira familia eta helduentzat. Programazinoak hilaren 17an jarraituko dau, poesia-topaketa bategaz, 19:30ean, doban. Han izango da Harkaitz Cano idazlea, Euskadi Literatura saria hiru aldiz irabazi dauena.

Programazinoan euskerazko antzerkia eta zirkoa be topauko dogu: Hilaren 20an, ATX Teatroa konpainiak Bihotz salataria helduentzako ikuskizuna eskainiko dau. Bestalde, urtarrilaren 3an, Eidabek Mari eta gaileta fabrikea eskainiko dau, 7 eta 13 urte arteko umeentzat. Pieza eszeniko horren bidez, egungo emakumeentzat bidea zabaldu eben emakume langileak omendu nahi dira. Euskerazko zirkuak be badauka lekua programan, Zirika Zirkus taldearen Tren geltokia ikuskizunagaz; hilaren 2an ikusi ahal izango dogu.

Hilaren 4an, barriz, Arangoitiko udaltegian kontzertu-tailer bat egongo da, elementu birziklatuak erabiliz. Jarduerea Trakamatrakak taldeak gidatuko dau, eta 5 urtetik gorako umeentzako pentsauta dago. Tailer honen bidez, mundu barriak ezagutu eta birziklapena mundu hobe bat lortzeko bidea dala ikasiko dogu. Era horretan, material birziklatuak edota etxean izaten doguzanak nahiz egunero erabilten doguzanak gogoan, jardueran parte hartzen dabenek musika-tresnak egingo ditue, eta, aldi berean, trebetasuna, sormena eta ingurumenari buruzko kontzientzia landuko ditue.


#BilbaoGabonak

Bilboko Udalak proiektu aitzindaria jarri dau aurten abian; proiektu honen helburua apurka-apurka uribildua gune erakarle garrantzitsu bihurtzea da, baita Gabonetan be.

2018 hau ekitaldi oso garrantzitsuen urtea izan da eta Bilbo Europako Uririk Onena aintzatetsia izan da; horregaitik, urtea ekimen desbardin eta berezi bategaz amaitu nahi izan dabe, egunotan uriari argia eta protagonismoa emoteko. Proiektu honen atzean jentea erakarte, bai bertokoak zein mugakideetakoak eta estaduko zein atzerriko turistak, merkataritzea eta negozioak mugiarazoteko erronkea dago eta Bilbo Gabonetan uri magikoa eta erakarlea izatea lortzea.

Europako beste uri nagusi batzuetako ereduari jarraituz, aurten Bilbok barrikuntzakaz sendotu dau Gabonetarako bere proiektua eta horreek urian aurreikusitako 400 jarduera baino gehiagori batzen jakez: Gabonetako Azoka bat, helduentzako eta umeentzako aisialdiko gune bat, lehenengoz izotz ekologikoko pista bat eta txirrista bat eskaintzen dituana, argi eta apaingarri barriak...


Aken buruan, jarduera guztiak dobakoak izango dira, bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu