Egunotan 115.000 lagun baino gehiago hurreratu da Landako gunera
2018-12-10 07:55 Kulturea53. Durangoko Azokea askotarikoa, baikorra eta erantzun handikoa izan DA!
Durangoko Azokako antolakuntzeak eta Gerediaga Alkarteak oso balorazino positiboa egin dabe 53. Azokearen ganean: Gure aurreikuspenak bete eta gainditu egin dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan. Bost egun honeetan Landakon, ganerako guneetan eta Durango osoan egon dan giro ona azpimarratu dabe Azokako antolatzaileek: Azokea beste behin be euskal kulturearen plaza izan da. Sortzaile, produktore eta bisitariak batzeko gunea: proiektu barriak sortu, plazaratu edo erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko.
Durangoko Azoka Ikasle Egunagaz hasi zan, abenduaren 5ean. Euskal Herri osoko milaka ikaslek Landako eta ganerako guneak bete zituen, Azokeak antolatutako tailerretan parte hartu eta erakusmahaiez gozetako. Pozgarria da Azokearentzat belaunaldi barriek Azokan parte hartzea: Etorkizuneko sortzaile produktore edo bisitariak izango dira. Estrategikoa da euskal kulturearen transmisinorako. Horregaitik, Durangoko Azokeak Ikasle Eguna indartzeko erronkeari eutsiko deutso datozen edizinoetan be.
Bigarren egunean, abenduaren 6an, Durangoko Azokako lehenengo Sormen Bekearen irabazlea aurkeztu eben. Etzi Portu Maritimoak aurkeztutako ATOPIArpg proiektuak irabazi dau bekea, eta, horri esker, euskeraz sortutako lehenengo rol-jokoa argitaratuko da, eta 2019ko Azokan partida bat jokatu ahal izango da. Proiektu barritzailea, sortzailea eta freskoa da, umorea lantzen dau eta aukerea emongo deutsee bisitari eta kulturzaleei egitasmoan parte hartzeko. Gerediagak, beraz, balorazino oso positiboa egiten dau lehenengo Sormen Bekeak emon dauenagaz. Bekearen bidez Gerediagak sortzaile barriak hartu ditu gogoan, eta arlo hori indartzen jarraituko dau datozen edizinoetan be. Aurtengo Azokean hamaikatxu dira euren lehenengo disko, liburu, ikus-entzunezko lan, proiektu digital edo antzezlan aurkeztu dituen sortzaileak. Eta sortzaile barri horreei plazea eskaintzen eta ikusgarritasuna emoten jarraituko dau Azokeak datozen edizinoetan be.
Aurten bigarren urtez, Azokeak kulturea guztion eskura egitasmoa antolatu dau, gaitasun ezbardinak dituen personei be Azokea eta euskal kulturea hurreratzeko asmoz. Oraindino Azokeak bide luzea egin behar dau bisitari guztientzat inklusibo eta irisgarria izateko, baina norabide horretan urratsak emoten jarraitzen dau. Aurten, stand berezia eta abenduaren 8an antolatutako aurkezpenaz gan, Gorabide alkarteko kideak boluntariotza lanetan ibili dira, eta, azpimarratzekoa da Azokan topau dituen hutsuneak identifikau dituela, hurrengo edizinoetan Azokeak hobetzeko. Gerediagak horretarako konpromisoa hartu dau.
Gerediagak jasotako eretxien arabera, Azokea ona izan da argitaletxe, editore, diskoetxe, autoproduktore eta sortzaileentzat. Salmenta aldetik bardintsua izan da egun ezbardinen artean, eta kasu askotan euren asmoak gainditu egin dira. Hainbat argitaletxetan produkzinoak agortu egin dira, eta beste urte batzuetan legez, ilarak sortu dira sortzaileen sinadura jasoteko. Azokan, beste urte batez, bisitariek sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izan dabe.
Aurten, Gerediaga Alkartearen enkarguz, Siadeco ikerketa alkarteak inkestak egin ditu Azokako bisitarien artean, Azokearen ekarpena zehaztasun gehiagogaz neurtzeko asmoz. Azokazaleen artean 700 inkesta baino gehiago egin ditue, hainbat datu jasoz: batez besteko gastua, egitarauaren barri daben, zeintzuk diran euren kultur ohiturak eta abar. Horrezezaz gan, Siadecok Azokako unibersoa osotzen daben beste eragile batzuen datuak be jaso ditu: erakusmahaiak, Azokako antolakuntzea, ostalaritzea... Azokeak hedabideetan dauen eragina be aztertuko dabe. Holan, zehatzago neurtuko da zein dan Durangoko Azokako eragin ekonomikoa hainbat esparrutan.
Azokea hasi baino lehen, Azokeak eskaera egin eutsen azokazaleei garraio publikoa erabilteko Durangora hurreratzeko orduan, eta milaka dira trena eta autobusa erabili daben bisitariak. Era berean, Gerediagak bere poza agertu gura dau dobako autobus-zerbitzuak izan dauen harrereagaz. Zerbitzu horrek Landako gunea eta Iurretako ordainsari inguruko aparkalekuak lotu ditu, eta hasierako aurreikuspenak gainditu dira. Aurreko urteetako bisitari kopurua asko igon da (5000 erabiltzaile izan ditu) eta hirugarren autobus bat antolatu behar izan da zerbitzua indartzeko.
Bisitarien joan-etorria
Azokako bost egunetan etenbakoa izan da bisitarien joan-etorria. Lehenengo egunean, goizez milaka ikaslek Azokea leporaino bete ostean, arratsalde lasaiagoa bizi izan eban kulturearen plazeak. Hurrengo lau egunetan, milaka eta milaka azokazalek Landako gunea bete dabe une oro, eta azken urteakaz alderatuta, bisitari kopuru aldetik orekatuena izan da, ez baita egunen artean gora-behera nabarmenik egon; egun guztietan egon da Azokea beteta. Azokeak egiten dauen estimazinoaren arabera, egunotan 115.000 lagun baino gehiago gerturatu da Landako gunera. Azokako aurreikuspenak gainditu dira: lehen urtez kaleratutako DA! polsak atzo agortu ziran; Landako erakusleihoen planoa hirugarren egunean agortu zan, eta abar.
Bisitarien profilari jagokonez, azpimarratzekoa da azokazaleen aniztasuna: azokara urtero etorten diranak, aurten lehenengo aldiz gerturatu diranak, atzerritik bisitau gaituenak, bisita gidatuen barruan hurreratutakoak... Gero eta gehiago dira euren bisitea programazinoaren arabera antolatzen daben bisitariak. Horren ispilu da Azokako webgunea: 41.500 bisitarik konsultau du webgunea azken lau egunetan (gaurko arratsaldearen faltan), egitaraua konsultetako asmoz.
Gunez gune
Bisitariak gero eta gehiago konsultetan dau Azokako egitaraua, eta horrek eragin zuzena dauka Azokako zazpi guneakaz: gero eta ezagunagoak dira, eta aurten gune guztietan bisitari kopuru handia egon da.
54. Durangoko Azokea
2019ko Durangoko Azokea, abenduaren 5etik 8ra izango DA!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!