Proiektu soziokultural bihurtuta, loraldian da bertsolaritzea

Bizkaie! 2018-12-08 12:04   Bertsolaritzea

Txapelketa Nagusian egindako inkesta soziologikoaren emoitzak azaldu ditue Durangoko Azokan.

2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, zaleei itaunka ibili ziran Bertsozale Alkartekoak, gaur egungo eretxiak eta egoerea ezagutzeko. Ganera, 2016an eta 2017an, danetariko publikoari eta bertsolaritzearen munduko jente erreferentzialari be galdetu eutsien. Inkesta soziolinguistiko horreen datuak aztertu eta gero, ondorioen barri emon dau Arkaitz Zubiri adituak, Durangoko Azokako Areto Nagusian.

Datuak ikusita, 1990eko hamarkadatik hona, bertsolarien kopurua hirukoxtu egin dala ikusi dabe, eta saioak, orain dala 30 urte halako lau dira. 1990eko hamarkadan esaten zan bertsolaritzearen boom-a egoala, ba gaur egun bigarren boom baten gagoz, azaldu dau Zubirik. BECeko finalean 14.000 lagun batu ziran, Euskal Herrian ikuskizun kultural gitxik gainditzen daben zenbakia.

Horren arrazoia garbia da, Zubiriren arabera: Bertsolaritzearen munduak proiektu soziokultural sendoa eregi dau bere inguruan. Horri esker, bere espazioak sortu ditu, bertsoaren inguruko interesa hazi daiten eta zaleek batzeko lekua izan deien. Txapelketak, bertso eskolak... sozializazino gune bihurtu dira. Sortzaile onak ez dira nahikoa, proiektu soziokulturala ezinbestekoa da jarduera baten arrakastan.

Hori baino gehiago, Zubirik uste dau, bertsolaritzeak gaur egun gizarte mobimendu izateko ezaugarri guztiak beteten dituala. Ez da pakearen edo insumisinoaren aldeko mobimendu sozialen modukoa izaeraz, baina ezaugarriei kasu eginaz, beste horreen parekoa da. Personen moduan, gizarte mobimenduak, jaio, garatu eta hil egiten dira. Bigarren biztualdi bat eukiteko, ezinbestekoa da aldatzea, sasoian sasoikora egokitzea. Horretan dabil bertsolaritzea gaur egun, bestela desagertzeko bidea hartuko leuke, Zubiriren esanetan.

Amaitzeko, inkestan batutako datu deigarri batzuk be jorratu ditu. Batetik, txapelketako publikoak ondo paseteagaz lotzen dauela bertsoa gehienbat, beste motibazino asko be badagozan arren. Bertsolariari, umorea, hunkitzeko gaitasuna eta irudimena eskatzen deutsoz publikoak.

Bardintasunari jagokonez, nerabezarora arte, pareko dagoz neskak eta mutilak, kopuruz zein gaitasunez. Hortik aurrera, baina, emakumeen kopuruak nabarmen egiten dau behera gizonen aldean, oraindino lana dago egiteko arlo horretan. Inkestan parte hartu dabenen eretxia ikusita, ostera, jente askok bardintasuna hur ikusten dau, edo ez dau bardintasunerako neurrien beharrik sumatzen.

Publikoaren ezaugarriei jagokonez, emakume asko dagoz, eta goi ikasketak daukiezan persona ugari be bai. Arkaitz Zubiriren arabera, publikoa anitza da gaur egun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu