Hasi da Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketan lanak aurkezteko epea
2018-12-07 13:15 KultureaAurten Bilboko Balioen Uria aitatzen daben ipuinetarako kategoria barria dago.
Ipuin-lehiaketa honetan parte hartzeko, Bilbon erroldauta egon behar da, eta bertoko ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikaslea izan. 2019ko urtarrilaren 31ko 14:00etara arte aurkeztu ahal izango dira lanak, eta sarituak 2019ko lehenengo seihilekoaren barruan jakinarazoko dira.
Lehiaketan lau kategoria dagoz, edadearen araberakoak, eta guztira hamabi sari banatuko dira, kategoria bakotxeko hiru. Aurten, ganera, beste sari bi emongo jakez Bilboko balioen agirian nabarmendutako balioetakoren bat aitatzen daben ipuinei.
Epaimahaia literaturearen munduagaz lotutako zortzi kidek osotuko dabe: Txani Rodriguez, Igone Etxebarria, Goizalde Landabaso, Irune Berro, Irati Malatsetxebarria, Luis Gutierrez, Pedro Alberdi, Lutxo Egia eta Juan Ramón Madariaga.
Rafael Mikoleta ipuin-lehiaketeak euskerazko lehenengo gramatikearen egilearen izena dakar. 1998tik antolatzen da, euskeraz irakurteko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eskola-umeen artean. Lehiaketa hau egiten dala 31 urte dira erreskadan, eta erantzun handia dauka Bilboko ikasleen artean.
Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Sailak antolatutako lehiaketa honek Euskerearen Sustapenerako Ekintza Planaren (ESEP) hiru helburuetako bi hartzen ditu: hizkuntzaz jaubetzea eta euskerearen kalidadea, sorkuntza-lanean.
Sariak
Sariak lau kategoriatan (A, B, C eta D) emongo dira:
A kategoria: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak.
B kategoria: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak.
C kategoria: Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailak.
D kategoria: Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailak.
Epaimahaiak guztira hamabi sari banatuko ditu, kategoria bakotxeko hiru: 180 euroko balioa daben opariak; 140 euroko baliokoak eta 100 euroko balioa daben opariak.
Bilbo Balioen Uria kategoria
Barrikuntza legez, beste sari bi izango dira C eta D kategorietan (bigarren hezkuntzako 1. eta 2. mailak C kategorian, eta bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailak D kategorian).
Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bat aitatzen daben ipuinak sarituko dira:
Bilbo Balioen Uria Saria C kategorian: 150 euroko balioko opariak.
Bilbo Balioen Uria Saria D kategorian: 150 euroko balioko opariak.
Joan dan martiaren 22an, Bilboko osoko bilkureak Bilbo Balioen Uria onetsi eban. Agiri horretan jasoten dira hasierako vademecumeko 10 balioak eta beste 7 balio herritarrek eta uriko gizarte, politika eta ekonomiaren arloko erakundeek hautatuak. Ondokoak dira 17 balio horreek: alkartasuna, ahalegina, sormena, giza eskubideen errespetua, emakume eta gizonen arteko bardintasuna, parte hartzea, konfiantzea, ingurumen jasangarritasuna, konpromisoa, justizia soziala, aniztasuna eta inklusinoa, alkarbizitza, nortasuna, erantzunkidetasuna, zintzotasuna, ilusinoa eta osasuna.
Bigarren hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko ikasleek, euren ipuinetan balio horreetakoren bat sartzen dabenek, sari barri bi horreetako bat irabazteko aukerea izango dabe, ohiko sariaz gan.
Lehiaketearen oinarriak
Ipuinek ondoko ezaugarria izan behar ditue: Euskeraz idatzitakoak izango dira eta marrazkiz hornidutakoak; jatorrizkoak izan beharko dira, argitaratu bakoak eta beste lehiaketaren baten aurkeztu bakoak; egile bakarra izango dabe eta irakurteko moduan idatzitakoak: ordenagailuz, idazmakinaz edo kaligrafia argiagaz; gaia librea izango da; eta 2 eta 4 orrialde bitarteko luzerea.
Ipuinak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 31n zarratuko da, arratsaldeko 14:00etan, eta Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko Euskera Zuzendariordetzan aurkeztu behar dira (Venezuela plaza 2, 7. pisua – 48001 Bilbo).
Lanen aurkezpen moduari jagokonez, jatorrizko lana koloretan aurkeztu behar da, eta kopia bat be bai; izenburuaren ondoan ez da idatziko egilearen izenik, ikasturtea eta kategoriaren izena baino ez. Erantsitako fitxa batean kategoria, ipuinaren izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa, eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen- abizenak eta eskolearen izena jarri beharko dira.
Lehiaketearen oinarriak www.bilbao.eus eta www.bilbaoeuskaraz.eus udal atarietan izango dira eskuragarri. Ganera, Bilboko ikastetxeetan 2.000 esku-orri banatuko dira lehiaketa eta oinarriak iragarriz.
Euskerazko ipuinen lehiaketa hau finkatuz joan da apurka-apurka, harrera hobea izanik urterik urte. Honatx azken edizinoan aurkeztutako lanen kopuruak: guztira, 780 ipuin, eta 1993an, ostera, 120 idazlan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!