Eskaintza zabala eroan dau Labayruk Durangora
2018-12-07 13:21 KultureaLaura Urubururen nobela barria dago tartean.
Urtero legez, Labayru Fundazinoaren erakusmahaia liburuz ganezka dago. Klasiko bihurtu diran argitalpenakaz batera (hiztegiak, bizkaierazko jarraibide-liburuak, etnografia lanak...), 53. Durangoko Azoka honetara labatik harako barritasun ugari be badaukiez salgai.
Nobedade handienetako bat Laura Urubururen nobela barria da, Katigatu ninduzun librea nintzena. Amodiozko kanta zahar baten izenburua dauka elebarriak, amodioa dalako lan honen ardatza. Ama-semeen artekoa, hain zuzen. Zati bitan banatuta dago nobelea, Aurreak erakusten du da lehenengoa eta, bigarrena, atzea nola dantzatu.
Ume txiki baten heriotzeagaz hasten da kontakizuna. Elba protagonisteari barrua astinduko deutso jazoera horrek, eta iraganean arakatzen hasiko da, azalpen bila. Orainaren eta iraganaren arteko zubia da nobelea. Era guztietako sentimenduak azaleratzen ditu Elbak prozesu horretan.
Nikolas Alzola Gerediaga, Bitaño, izurtzarraren kontakizun laburrak batzen dituan Mugarrapetik kontu kontari, esku bete atal liburua be aurkeztu barria da. Antton Mari Aldekoa-Otalora, Xabier Boveda, Alberto Errazti eta Sebastian Garzia Trujillo ibili dira liburua atontzen, Bitañoren prosazko idatzietatik abiatuta. Pasadizoetan Izurtzako leku asko aitatzen diranez, amaieran mapa baten kokatu ditue lekuok.
Fikzinotik saiakerara jauzi eginaz, Labayruren beste nobedade aitagarri bat topauko dogu. 1545etik 1962ra bitartean bizkaieraz idatzitako dotrinen azterlana, hain zuzen. Ganera, Euskerazaleak alkartearen 50 urteko ibilbidea batzen dauen liburua be badaukie Labayruren erakusmahaian.
Lantzean behingo argitalpenei jagokenez, Idatz eta Mintz eta Gurean zer barri-ren ale barriak aitatu behar doguz. Azken horren bigarren zenbakia eroan dau Labayruk Durangora, igazko estreinaldiaren ostean. Idatz eta Mintz-en 64. alean, ostera, honeek idazleek hartu dabe parte, besteak beste: Miren Agur Meabek, Lourdes Unzuetak, Peru Amorrortuk eta Jabier Kaltzakortak.
Ganera, gehigarri bat dakar Idatz eta Mintz 64-k. Marcel Schwob frantziarrak 1896an idatzitako Umeen gurutzada testu laburraren euskerazko itzulpena, Xabier Bovedak egina.
II. Botaba
Durangoko azokako areto nagusian egin dau Labayru Fundazinoak Gaztea irratiagaz batera antolatutako Botaba euskal esamoldeen erronkako sari banaketa ekitaldia.
Oñatira joan da aurten sari nagusia, eta Abadiñoko, Zarautzeko, Gasteizeko eta Igorreko lagun-taldeek be hartu ditue sariak. Zazpi izan dira Botabak aurten emondako sariak.
Datu onak itxi ditu aurten Botaba lehiaketeak: 75 bideo hartu ditue -igaz baino 25 gehiago- eta parte hartzea be handiagoa izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!