Euskerea berbagai, 60. 'Hermes'-en
2018-12-05 13:14 Euskerea berbagaiSabino Arana Fundazinoak plazaratzen dauen aldizkariaren ale hau monografikoa da.
Euskerea gai bakartzat hartuta, Hermes pentsamendu aldizkariaren 60. alea argitaratu dau Sabino Arana Fundazinoak. Euskal Herri guztiko arduradun politikoen eta alor askotako adituen eretxiak irakurri leitekez ale monografiko honetan.
Bilbon egindako aurkezpenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Sabino Aranako goi ordezkari bi egon dira: Juan Mari Atutxa presidentea eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Hermes-eko zuzendaria. Erramun Osa, ale honetako koordinatzailea, be egon da ekitaldian.
Garagarrilean, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiek eta lurraldeetako kultura-arloko ordezkariek mintegi zabal baten parte hartu eben, euskerearen erabilerearen giltzarrien inguruan. Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu eben mintegia, eta orduko ondorioak dira 60. Hermes-en oinarrietako bat.
Ganera, euskal gizartearen, kulturearen eta politikearen ordezkaritza zabala diran hainbat lagunek euren testuak bialdu ditue zenbaki monografiko honetarako. Besteak beste, honeek dagoz eretxi-emoleen artean: Bingen Zupiria, Ana Ollo, Jon Aizpurua, Mikel Arregi, Garbiñe Bereziartua, Beñat Muguruza, Jean-Baptiste Coyos, Ana Esther Furundarena, Laura Garrido, Joxerra Garzia, Iñaki Irazabalbeitia, Ibon Manterola, Iñaki Martínez de Luna, Lander Martínez, Idoia Mendia, Garbiñe Mendizabal, Mertxe Mujika, Inma Muñoa, Patxi Saez, Natxo Sorolla, Rebeka Ubera eta Jon Zarate.
Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburuari egindako alkarrizketea irakurri leiteke ale honetan. Alderdi grafikoan, Ane Pikazaren eta Txetxu Berruezoren ilustrazinoak dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!