Jarraipena behar dauen ariketa eraldatzailea izan da Euskaraldia
2018-12-04 13:40 Euskerea berbagaiInertziak astintzeko esperimentua izan da Euskaraldia.
Ahobizi eta Belarriprest rolak geratzeko etorri dira, hau hasi besterik ez da egin, adierazo dabe Euskaraldia antolatu eta sustatzen ibilitako eragileak Donostian egindako prentsaurrekoan. Euskaraldia: 11 egun euskeraz ekimenaren balorazinoa egiterakoan Euskaraldia ariketa masiboa izan dala eta herritarren artean eragin nabarmena izan dauela azpimarratu dabe. Era berean, gizarteak beste behin euskerearen normalizazinoaren aldeko konpromisoa agertu dauela gogoratu dabe antolatzaileek, eta euskerearen alde eragiteko prest agertu dala nabarmendu.
Ariketearen helburua herritarrakan hizkuntza ohituren inguruko gogoetea eragitea eta hizkuntza jarreratan aldaketa zehatzak bultzatzea izan da. Baina Euskaraldia epe luzerako lan baten abiapuntua dala be azaldu dabe balorazioa egin daben erakundeetako ordezkariek. Ahobizi eta belarriprest rolak sakontzen eta zabaltzen jarraitzeaz gan, aurten bidelagun izandako alkarte, enpresa, erakunde eta era guztietako erakundeetan euskerearen erabilerea zabaltzeko neurriak bultzatuko dira hurrengo urteetan. Gizartean aldaketea eragiteko urrats bat emon dau aurten Euskaraldiak eta, epe luzerako lana izanik, beste urrats batzuen abiapuntu izan dala esan dabe antolatzaileek.
Inertziak astintzeko esperimentua izan da Euskaraldia. Holan, parte-hartzaileakan eragindako gogoetaz gan, balio izan dau ahobizi portaerak dituan zailtasunez jaubetu eta belarriprest bakotxak egiten dauen ekarpena bistaratzeko. Esangura horretan, ulermenak euskerearen erabilereari zabaltzen deutsozan aukerak ariketan ikusi dirala azaldu da, eta (euskaldunon) ikusgaitasuna Euskaraldiaren elementu garrantzitsuetako bat izan dala nabarmendu.
Izena emon daben herritarretatik haragoko eragina izan dau Euskaraldiak, eta parte-hartzaileen aldetik jasotako bizipen eta mezuek erakusten dabe ekimenak jente askoren hartu-emonetan aldaketak eragin dituala egunotan. Edonola, Euskaraldia abiatu aurretik hasi zan ikerketea martxan egongo da oraindino hilebete batzuetan, eta 2019ko udan jakin ahal izango da ekimenak izan dauen eragina, bai Euskaraldiak iraun dauen 11 egunetan, baita hurrengo hilebeteotan be.
Azkenik, herriz herri aktibautako euskaltzale sareak eta era guztietako erakundeak eskuz esku ibilita eragin ahalmena biderkatu egin daitekeela frogatu dau Euskaraldiak. Horregaitik, etorkizuneko proposamen barrietan alkarlan giro honetan sakontzen jarraitzeko deia egin da.
Euskaraldian parte hartu daben guztiei eta herriz herriko antolaketa taldean ibili diranei eskerrak emonez amaitu da balorazino agerraldia.
Gaurko Donostiako prentsaurrekoan parte hartu dabe Euskaraldia antolatzen ibilitako erakundeetako ordezkariak (koordinazino mahaia osotzen daben Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, Euskerearen Erakunde Publikoa eta Euskal Urigune Alkargoa) eta sustatzaile sarea osotu daben erakundeetako hainbat ordezkarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!