'Euskaraldiak udabarri bilakatu dau udagoiena'
2018-12-04 08:29 Euskerea berbagaiEuskereak bizigarri bat behar eban, eta hori bera izan da Euskaraldia.
Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala-eta Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru. Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz ekimenaren azken eguna izanik, Lehendakariak ariketa sozial honen garrantzia nabarmendu nahi izan dau: Euskaraldiaren hamaikagarren egunean, diagnosian asmau genduala esan daiteke: euskereak bizigarri bat behar eban, eta hori bera izan da Euskaraldia'.
Lehendakariagaz batera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeroailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzetako sailburua; Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburua; Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; Jon Darpon, Osasuneko sailburua; Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasun sailburua; eta María Jesús San José, Lan eta Justiziako sailburua. Era berean, beste erakundeetako ordezkaritza zabala be izan da Donostiako Kursaalean, bai eta kulturako eta euskalgintzako ordezkariak be.
Urkullu Lehendakariak Euskaraldiak izan dauen babesa nabarmendu dau: Herriz herri, eskuz esku, berbarik berba, euskerearen aldeko sare erraldoi bat josi dogu. Milaka eta milaka herritarrek bat egin dabe ariketa sozial handi honegaz. Ez da ohikoa, ez da erraza, Euskaraldiak izan dauen babesa. Euskaraldiari esker euskera gehiago entzun dogu, gure artean gehiago berba egin dogu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lehen berbea emon dogu. Horrezaz gan, azpimarratu dau ekimen erraldoi honek jarraipena izan behar dauela: Bihar Euskaraldiaren hamabigarren eguna helduko da, akaso, garrantzitsuena. Bihar be, bihartik aurrera be, egunotan izan dogun jarrereari eusteko gonbita luzatu nahi dogu, adierazo dau.
Dani Alvarez eta Garazi Ayesta izan dira ekitaldia gidatzeko arduradunak eta, besteak beste, Kukai Dantza Taldeagaz gozau ahal izan dabe bertaratutakoek. Toti Martinez de Lezea idazleak be parte hartu dau, eta Euskaraldiaren inguruko zenbait ikus-entzunezko ikusi ahal izan dira ekitaldian.
Bingen Zupiria sailburuak eta Elena Laka Topaguneko presidenteak alkarregaz hartu dabe berbea: Gaur, 2018ko Abenduak 3, bat egiten dabe Euskerearen Nazinoarteko Egunak eta Euskaraldiaren amaiereak. Atzera begiratuta, gatx egiten jaku ikustea non jarri zan hona ekarri gaituan Euskaraldiaren lehen mugarria. Euskal hiztunen aktibazinoa zan helburua, baina eregi egin behar zan bidea, eta ekimenak alkarlana behar-beharrezkoa eban. Eta mugarriak jarten hasi ginan: Irungo Santiago Zubian; Iruñean, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Euskerearen Erakunde Publikoaren artean hiruko Ituna sinatu zanean..., esan dau Zupiriak. Sailburuak azpimarratu dau Euskaraldiak izan dauen garrantzia herritarrak euskerearen inguruan batzeko: Hainbat urtez bizkarra emonda bizi izan garen hainbat herritar lanean ibili gara urte osoan zehar Euskaraldia aurrera ateratzeko. Lankidetza hori posible egiteko: zubi bilakatu dogu euskerea. Zupiriak ekimen honek izan dauen erantzun positiboa azpimarratu dau: Gure hizkuntzearen alde lan egiteko prest egozan herri eta herritarrek piztutako argiz bete da urtean zehar Euskerearen lurraldeen mapea. Euskaraldiak udabarri bilakatu dau udagoiena gure hizkuntzearentzat, esan dau.
Ikusgarria da 16 urtetik gorako 220.000 lagun beren hizkuntza ohiturak aldatzeko prest agertzea eta horretarako izena ematea. Alabaina, are zoragarriago egiten zaigu ikusi dugun prestutasuna, portaera aktiboa eta, zer esanik ez, pauso hori emateko prest agertu direnen bizipenak entzutea. Urte osoan zehar ikusi dugunak, batu ez ezik, indarberritu egin gaitu. Eta ez genuke apaltzen utzi beharko euskararen alde piztu den su hori, amaitu du sailburuak.
Azkenik, Elena Lanak nabarmendu dau Euskaraldiak erakutsitako bideak izan leiken garrantzia hizkuntza ohiturak aldatzeko eta jarraipena emotearen aldeko apustua egin dau: Bide barri baten hasierea izan da Euskaraldia. Bidegurutzera heldu ginan, norabide bat aukeratu dogu, bide luzea dogu egiteko. Egin daigun bidea danok alkarregaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!