Gaur da Elbarrien Nazinoarteko Eguna
2018-12-03 13:42 KultureaBerba eginez, oztopoak saihestu daitekez.
Ikasleen ahotsen bidez, UPV/EHUk aukerea emon deutso, lehen aldiz, elbarriak diran unibersidadeko aurreko ikasleei (15) eta bere senideei (39) unibersidadeko ikasleen esperientziak ezagutzeko. Horretarako, unibersidadeko 16 ikaslek euren bizipenak azaldu ditue, eta aholku batzuk emon be bai: bildurra baztertzea eta irakasleei eta ikaskideei elbarritasuna zein dan adierazotea. Holan, oztopoei aurre egin geinkio, agertu dabe Ana Ferreiro ikasleak, Ander Cornejo eta Mikel Álvarez ikasle-ohiek, Bizkaiko Campusean. Topaketak Gasteizen eta Donostian be izan dira.
Ana Ferreiro Ortega (Logroño, 1985): Kazetaritzea ikasten nabil. Berandu hasi nintzan, 25 urte bete nituala. Sartzeko azterketea egin eta orain zazpi urte unibersidadean nagoala. Maila bakotxa egiteko urte bi behar dodaz. Gaur egun, laugarren mailan nago. Ikasturte hau amaitu ondoren, hautazko ikasgai bi aukeratu eta Gradu Amaierako lana egingo dot. Modu horretan, unibersidadeko esperientzia kontetan hasi da gaztea. Ana Ferreirok Friedreich-en Ataxia neuro-endekapenezko gaixotasuna dauka.
Ander Cornejo: (Gallarta, 1993): Unibersidadean Kazetaritza ikasketak egin nituan, eta 2015ean amaitu ondoren, Komunikazino Korporatiboa masterra be egin neban. Gaur egun ONCEko komunikazino bulegoan lan egiten dot. Cornejok Aldebiko Erretina-blastomea dauka. Gaur itsua da.
Mikel Alvarez (Bermeo, 1993): Bildurtuta hurreratzen nintzan unibersidadera, Zuzenbideko Gradua ikastera; baina bildur hori gainditu eta karreran oso gustura egon naz. Gero Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak Masterra egin dot. Gaur egun, goizean abokatuen bulego batean nabil, eta arratsaldean oposizinoak prestatzen nabil. Ikasle ohi horrek Aspergen Sindromea dauka.
Hirurek DBHko 4. maila, Lanbide Heziketa eta Batxilergoko ikasleakaz arratsalde bat konpartidu dabe, euren esperientziak azaltzen; barriketaldian azpimarratu dabe komunikazinoak aparteko garrantzia dauela, bai irakasleakaz, baita ikasleakaz be.
Ana Ferreriok esandako moduan, hasieratik argi berba egitea da nire aholkua, batez be ezgaitasun ikusezina izaten bada. Nirea oso agiria da, ni erruberadun aulkian nabil eta nigaz beti dago laguntzaile bat. Azken bost urtean Edurnegaz (Nieto) nabil. Bera barik akabo eta praktiketan nik esaten deutsat zelan jokatu ordenagailuan. Eta ez bera nire ikaskidek be laguntzen nabe, adibidez apunteak hartzeko.
Ferreirogaz bat egin dau Ander Cornejok: Ni itsua nazenez, irakasleek eta ikaskideek badakite zelan jokatu, baina gorreria gaitasuna ez da hain erraz nabarmentzen. Kasu horretan, irakaslerengana joan daitezen da nire kontseilua, arazoak edota trabak azaltzeko. Komunikazinoa lehenengo egunetik egin behar da.
Eta holan jokatzen dau Mikel Álvarezek. Hasieratik azaltzen ditu Aspergen Sindromearen ezaugarriak: Autismo muetea da. Eta nire kasuan, ez dakit laburpenik egin eta giza-harremanetan arazoak ditut ze, adibidez, ironiarik ez dot ulertzen. Horregaitik unibersidadeko ikasketak bildur handiz ekin neutsien, baina bildur hori gainditu eta karrerea gustura egin neban.
Hirurak gustura egon dira topaketan, nerabeakaz: Oso helduak dira, dio Ana Ferreirok, eta ganera UPV/EHUko antolatutako topaketak oso interesa handia dauka eurentzako: Baliogarria izan da guretzat eta gazteentzat, azpimarratu dau Mikel Álvarezek.
Topaketan, senideak eta hezkuntzan profesionalak be izan dira. UPV/EHUko ikasleen ahotsak entzun ondoren, gurasoei eta orientatzaileei Ezgaitasunak dituen Ikasleentzako Zerbitzuaren teknikariek adierazo deutsee unibersidadeak eskaintzen dituan baliabideak eta dudak be argitu.
UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko Errektoreordetzeak antolatu ditu topaketok. Montse Maritxalarrek, Ikasleen Zuzendariak adierazo dauenez, Unibersidadeak lehen aldiz antolatu dau ekimen hori, Ikasleen Ahotsak topaketan ibilitako UPV/EHUko ikasleak erreferente garrantzitsua bihurtu dira Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Eta, ez ikasleentzat bakarrik, baita han egon garan guztiontzat be, asko ikasi dogulako entzundako esperientzietatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!