Biolingintzea barrikuntza bidean, soinu ederrenaren bila
2018-12-03 07:55 MusikeaIkerketea Belek koordinau dau, Europako diru-laguntzinoa jasota
Biolin klasikoen soinuaren misterioaren bila, kutxa osoa da soinu sortzailea biolin batean, bertan eragile nagusiak sabela eta sorbaldea izanik; bi horreen arteko hartu-emonak aztertzen dabil ikerketa talde bat azken urteotan, Bilboko Euskal Lutheria Eskoleagaz (BELE) alkarlanean, sei biolin bardin(tsu) eginez lodiera ezbardineko sabela eta sorbaldak buztartuz. Hiru erakunde europarrek osotzen dabe lantaldea, Cambridgeko Unibersidadeko injinerutza saila (Jim Woodhouse eta George Stoppani), Sorbonnako Unibersidadeko LAM akustika laborategia (Claudia Fritz) eta Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Musika Konserbatorioko Luthería saila (BELE, Unai Igartua). Ikerketan parte hartzen daben personak mundu mailan ospea dabe arlo honetan.
Kontuak kontu, sei biolin bardin egin ditugu, aldagai bakarra aldatuz, kutxearen sabela eta bizkarraren arteko hartu-emonak ulertzeko. Lan hau Beleko irakasle eta ikasleok egin dogu, Aviléseko Jardón Rico eta G. Stoppani luthierren laguntzinoagaz. Ganera, beste 7 biolin bardintsu egin ditue Europako hainbat luthier profesionalek, entzuketa saioetan (Test Psikoakustikoan) lagungarri izango diralako.
Ikerketea BELEk koordinau dau, Europako diru-laguntzinoa jasota. Proiektuak Europar Batasuneko diru-laguntzinoa dauka, alkarlanerako eta barrikuntzarako ERASMUS + programearen barruan.
Emoitzea aztertzeko momentua heldu da. Hurrengo egunetan egingo dira azterketa saioak Bilbon. Aditu taldea berton izango da, abenduaren 3tik 16ra bitartean. Azterketak gaur egungo teknikak erabiliz egingo dira, teknologian eta zentzumenetan oinarritutako neurketak eginez. Batetik, Analisi Modala eta Soinu Erradiazinoaren neurketarako teknologia barriak erabili dira. George Stoppani-k eta Jim Woodhouse-k gidatzen dabe lana.
Eta, bestetik, neurketa psikoakustikoa erabiliko da, biolin joleen eta entzuleen laguntzinoari esker, azterketa horreetan aditua dan Claudia Fritz-en gidaritzapean. Euskadiko 20 biolin joleren laguntzinoaa izango da ariketa hori egiteko. Neurketa objetiboak entzuketa subjetiboagaz bat ba ete datozen ikusi nahi dogu.
Egitarauari jagokonez, abenduaren 3tik 14ra bitartean biolinjoleak banaka ibiliko dira biolinak jo eta ezaugarrien arabera sailkatzen.
Abenduaren 15ean eta 16an, Aitzol Iturriagagoitiak eta Hector Corpusek auditorioan joko ditue biolinak, eta entzuleek euren ezaugarriak bereizi eta adierazo beharko ditue. Eginkizun honetarako, entzuleen euren epaia beharko da eta deialdia zabalik dago herritarrek be parte hartu deien, batez be kontzertuetan soinua entzuten ohituta dagozanei, musika eskoletako ikasle eta irakasleei, musika arloko profesionalei; azterketea abenduaren 15ean izango da, 16:00etan Bilboko J.C. Arriaga konserbatorioko areto nagusian, Ibarrekolanda Plaza 1 (Sarriko metro geltokia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!