Blas de Otero, Unamuno eta Gabriel Aresti sariak emon ditue

Bizkaie! 2018-12-03 12:56   Kulturea

Poesia, saiakerea eta ipuinak saritzen ditu Bilboko Udalak, hurranez hurran.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean emon ditue Udalaren hiru lehiaketa literarioen sariak, Juan Mari Aburto alkatea eta Nekane Alonso zinegotzia bertan dirala. Epaimahaikide batzuk eta sarien irabazleak be ekitaldian izan dira.

XI. Blas de Otero Poesia Sariketan, gaztelaniazko modalidadeko irabazlea Ángela Álvarez idazle madrildarra izan da, Palabra vegetal poemategiari esker. Euskerazkoan, Barakaldoko Paula Rodríguez Miñambresek irabazi dau sari nagusia Oroimenaren Xaflakortasunaz lanagaz. Blas de Otero Poesia Lehiaketearen edizino honetan 753 lan aurkeztu dira, horreetatik 17, euskeraz. Irabazle bakotxak 5.500 euro jasoko ditu.

XIV. Miguel de Unamuno Saiakera Sariketan Iván Olano Duquek eskuratu dau saria gaztelaniazko modalidadean, El sueño de la especie. Siete ensayos al borde del abismo izeneko azterlanagaz. Euskerazko atalean, irabazlea Galo Martínez de la Pera idazle eta filosofo arabarra izan da, Hirutasun santuaren misterioa edo Paulok egindako faltsutze eta lapurtzeak kristautasuna sortzeko lanari esker. Irabazle bakotxak 6.000 euro jasoko ditu. Miguel de Unamuno Lehiaketearen edizino honetan 97 lan aurkeztu dira gaztelaniaz, eta 7 euskeraz.

Azkenik, XXXV. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan, Marcelo Britos saritu dabe gaztelaniazko atalean, Vienen kontakizunagaitik. Euskerazko alorrean, Gilen Mejuto Garciak idatzitako Mutxikina eta zuztarra aukeratu dau epaimahaiak. 3.500 euro jasoko ditu irabazle bakotxak.

Horrezaz gan, lau akzesit emon ditue Gabriel Aresti sariketan. Gaztelaniazko atalean bi: Carlos Mariano Catoni (El caso del niño basura) eta Sergio Cercós García (El recién perforado cráneo de los pecaríes); euskeraz, beste bi: Garazi Esnaola Barlerdi (Teilatupean zoro dantzan) eta Juan Luis Zabala Artetxe (N-634).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu