Mattinsalto irabazle Baigorriko Finalean

Bizkaie! 2018-12-03 08:10   Bertsolaritzea

Murua, Servier, Alfaro, eta Solorzanok osotutako Mattinsalto taldea izan zan lehen Taldekako Xilaba txapelaren jaube.

Ortzi Idoate, Amets Arzallus, Hodei Renteria, eta Nahia Sascok osotutako Dilindan taldeagaz lehiatu ondoren, Xumai Murua, Aitor Servier, Ellande Alfaro, eta Pantxika Solorzanok osotutako Mattinsalto taldea izan zan lehen Taldekako Xilaba txapelaren jaube.

Pasa dan zapatuan, Baigorriko Plazea mukuru beteta zala, emon jakon hasierea lehen Taldekako Xilaba Txapelketako Finalari. Saioa hasi aurretik, danok gogoan dogun eta lehen taldekako honen abentura denporan itxi gaituen Aitor Sarasuari goraintzi bat egin jakon. Aitor, Bertsularien Lagunak alkarteko lehendakaria, zuzendaritzakidea, eta bertso irakasle izan zan, eta hori baino aise gehiago be gutariko bakotxarentzako, zelan ez. Hari eta hain hur eta goxo eukan familiari, finaleko bertso ta irriak eskaini jakezan!

Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko 11 talderen artean jokatu da aurtengo Taldekako Xilaba. Hamaika Saioko ligaxka bat, finalerdi bi eta finala iragan dira urriaren 12an hasitako edizino honetan. Danetara, 40 bat bertsolari kantari emon ditu, eta horreekaz batera, aurkezleak, antolatzaileak, epaileak eta hainbat laguntzaile bere.

Bertsozale guztiakaz batera, danen artean osotzen dogu urte birik behingo Xilabako bertsozaleen taldea. Bainan urte guztian zehar be herriz herriko taldeak dira bertsolaritzearen ardatz eta motor. Horregaitik talde legez hartu dogu berbea bertsolaritzearen jaia izatea helburu dauen lehia honetan. Finalaren amaieran sariak eta txapelak emotea be taldeen arteko kontua izan zan. Oholtza gainean ziran talde biak alkarri emon eutsiezan sariak, eta Dilinda taldekoak jantzi eutsiezan txapelak Mattinsalto taldeko irabazleei.

Taldekako honetan parte hartu daben talde guztiak aitatu ta eskertu nahi geunkez lehen lehenik. Hona hemen parte-hartzaileak: Kantiniersak, Ostatu Batuak, Ezkorbrutak, Kosta ala Kosta, Eskukula, Otsoaren 7 Umeak, Kontrabanda, Mattinsalto, Dilindan, Tirrit, eta Sasi Bertsolariak!

Zorionak danoi!

Bestetik, saioen ohantze izan diran herri, alkarte eta ostatuak be eskertu nahi ditugu: Gamereko ostatua, Altzumartako herria, Sarako trinketa, Heletako gaztetxea, Pausuko Xaia ostatua, Urruñako Berttoli alkartea, Donibane Garaziko Luisenia ostatua, Hendaiako Bakarxoko ostatua, Baigorriko Manexenia ostatua, Hendaiako Akelarre alkartea, Azkaingo Xoko Ona ostatua, Suhuskuneko herria eta Ortzaizeko ikastolea, eta Baionako Zizpa gaztetxea. Azkenik, diruz lagundu gaituen partaide guziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu