Omenaldia Bilboko Verdes Liburudendeak Euskerearen Nazinoarteko Egunean
2018-12-03 08:12 Euskerea berbagaiBilboko jendarteari dinotsat lehen berbea beti izan daitela euskeraz. Lehenengo berbea euskaraz.
Euskaraldiaren amaieran, eta Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, Bilboko Udalak omenaldia egin deutso Verdes liburu-dendeari (Posta kalean egoan, 1906an sortu zanetik, harik eta 2005ean zarratu eben arte).
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak izan dau Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan liburudenda mitiko horretako langileei –Asun Zuluaga eta Javier Escudero izan ziran azken aldian zuzendari– omenaldia egiteko ardurea. Liburu-dendearen azken aldiko zuzendari bi horrekaz batera, omenaldia jasoten etorri dira Jesús Perdiguero, Elvira Eiguren, Andoni Mendía eta Amaia Garmendia, liburu-dendako langile izan ziranak. Era berean, bertan izan dira Mitxel Verdes eta Joseba Verdes be, Verdes liburu-dendearen sortzaile izan zan Emerito Verdesen zuzeneko ahaideak.
Euskeraren Nazinoarteko Egunaren helburuak dira ezagutzea agertzea, eskerrak emotea eta agirian jartea euskal kulturearen alde eta euskerearen iraupenaren eta garapenaren alde egindako ekarpenagaitik; esangura horretan, Juan Mari Aburto alkateak omenaldia jaso dabenei eskerrak agertu nahi izan deutsee euskal kulturearen erreferente izateagaitik: Gerra aurretik, Verdes ez zan liburu-dendea bakarrik, inprimategi ospetsu bat be bazan, euskerazko liburuak zituana, eta lotura estua ebana Bilboko abertzaletasunagaz. Urteetan zehar, liburu-denda honek lortu eban ateak edegita eukitea, zailtasunak zailtasun, euskal kulturearen zabalkundea egiteko, euskerazko liburuak eta diskoak saltzeko, gatxa izaten zalako horreek topetea. Euskal artista eta idazle askoren topaleku be izan zan.
Horrezaz gan, Bilboko alkateak, Euskerearen Nazioarteko Egunaren eta Euskaraldiaren harian, Bilboko jendarteari dinotsat lehen berbea beti izan daitela euskeraz. Lehenengo berbea euskaraz.
Verdes liburu dendea
Bilboko Udalak Verdes liburu-dendearen ia 100 urteko ibilbidea nabarmendu dau; Emerito Verdes inprimatzaile eta liburu saltzaileak 1906an sortu eban Verdes liburu-dendea, eta haren bokazinoaren zati handi bat euskal liburua saltzeko izan zan. Eusko Alderdi Jeltzalearen muin-muineko kidea zan bera, eta bere moldiztegian argitaratu ziran liburu asko, baita euskerazko gramatikak eta literatur testuak be. Arte grafikoetako enpresa indartsu bat izan zan (Juan Eustaquio Delmasen ondorengoa), eta Bilboko Posta kalean ateak edegi zituenaan 1906an, 36 langile zituan.
1973an, Iker taldearen proposamen baten bitartez (Iker Taldeak egiten zituan ikastoletarako materialak), Asun Zubillagak hartu eban bere gan liburudendea, eta, Javier Escuderogaz batera (biak ziran liburu-dendako langileak, aurrera jarraitu eben liburu-dendeagaz eta Verdes Iker izena ipini eutsien, harik eta 2005ean zarratu zan arte.
Liburu-dendeak Batallón Vasco Españolen atentatu bat be jasan eban 1997ko garagarrilean.
Liburu-dendea, egon ere, Eguna euskera hutsezko lehen egunkaria egoan kale berean egoan, eta jakin eban une haretako zailtasun guztiak gainditzen, eta euskal kulturearen eta euskerearen erreferente be bihurtu zan: hara joten eben artista eta idazle handiek, liburuak eta diskoak erosten eta euren lanak liburu-dendan bertan aurkezten be bai.
Hori dala-eta, omenaldia bideo baten bitartez eginik, kulturearen arloko personaia handiek be parte hartu nahi izan dabe, liburu-denda haretan bizitakoak gogoratuz, eta eurentzat izan eban garrantzia autortuz: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Natxo de Felipe, Laura Mintegi, Juan Carlos Pérez, Joseba Sarrionandia edo Rosa Miren Pagola. Ganera, Ane Igartiburu be izan da, Emeterio Verdesen zuzeneko ahaide legez.
Beste alde batetik, omenaldia amaitzean, Euskerearen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barruan, Txistularien Udal Bandeak Ruper Ordorikaren zenbait kanturen bersino hunkigarriak emon ditu: Ibaia eta Zaindu maite duzun hori kantuenak, hain zuzen.
Euskerearen 2018ko Nazinoarteko Eguneko erakunde-adierazpena
Bilboko Udalak be bat egin dau HAKOBA- Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazinoen Koordinazino Batzordearen adierazpenagaz. Testu hori Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDELek sinatu dabe; horreek guztiak HAKOBAko kide dira.
Euskereak jarrera aktiboa eskatzen deusku, prest egotea. Egun guztiak diralako Euskaraldia goiburuagaz, herritarrak jaubetzea lortu nahi da, aurrera egiten jarraitzeko eta euskerea urteko 365 egunetan erabili deien. Herritar gehienak prest gagozalako euskereari geure ahotsen hegalak emoteko, hegaz egin daian, ahoz aho, bihotzez bihotz, adimenez adimen. Euskeraz daukagun mailea edozein dala be, ze euskera txar bakarra berba egiten ez dana baita. Bidea, beraz, adostasunarena eta batasunarena da, euskereak indarrak batzea behar dauelako, ez kentzea; biderkatzea behar dau, ez zatitzea. Alkarregazko begirunez, alkarrekiko determinazinoz. Euskerea alkarri eskainiz, esku beteka. Euskerea bizitasunez bete daiten. Jarrera aktiboagaz eta prest. Egun guztiak diralako euskaraldia.
*Honegaz batera doa adierazpena osorik (.pdf 240 KB).
Euskerearen Nazinoarteko Eguneko bestelako jarduerak
Abenduaren 3an da Euskerearen Nazinoarteko Eguna eta abenduaren 3an, egun osoan zehar, euskeraz egingo dira kirol mueta bateko eta besteko 9 saio. Ikastaro guztiak dobakoak izango dira Bilbao Kirolak-eko abonatuentzat.
Abusu eta Artxandako udal kiroldegietan izango dira ikastaroak: Miribilla, Rekalde, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzan. Hona zeintzuk izango diran jarduerak: euskal zumbing, pilatesa, euskal spin, ugerjaia, aquafitness, txiki zumbing eta kaloria erretea.
Beste adibide bat da hori, Udalak euskerearen alde egiteko eta euskerea kirol eta aisialdi jardueretan sustatzeko dauen konpromisoarena. Ekimen hori Bilbao Kirolak-ek urtean zehar eskaintzen dituan 300etik gora ikastaroei gehitu behar jake. Alde horretatik, Bilboko Udal Kiroldegietako langileen arteko % 73,5ek badaki euskeraz.
Beste alde batetik, Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean, astelehenetik aurrera, hilak 3, ekitaldi berezi bat izango da, Hamaika egun, hamaika sortzaile izenekoa. Euren sormen-lana euskerearen eta euskal kulturearen arloetan gauzatzen daben hamaika persona eta talde batuko dira han, era batera edo bestera Bidebarrieta Kulturgunearen programazinoan parte hartzen dabenak edo parte hartu dabenak. Ekitaldia 19:30ean hasiko da. Hamaika gonbidatuen artean badira musikariak: INUN, Gontzal Mendibil edo Rogelio Botanz; idazleak: Goizalde Landabaso eta Juanra Madariaga; bertsolariak: Arkaitz Estiballes; aktoreak: Karmele Larrinaga; edo Sara Prieto marrazkilaria, bertatik bertara marrazten ibilten dana, Josu Bergarak gitarraz lagundurik, eta orobat Amilotx Jantza Taldea, Mungiakoa, oraintsu Kantuetan Dantzan izeneko ikuskizuna estreinau dauena, 25 jantzari baino gehiagogaz. Zientzia be izango da Bidebarrieta Zientzialariaren programazinoaren bitartez; Juan Ignacio Pérez izango da han, zientzia eta euskerea eskutik joan daitekezala erakutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!