Guggenheimeko euskerazko testu guztiak plataforma bakarrean

Dabi Piedra 2018-11-30 13:04   Kulturea

21 urtean plazaratutako ondare zabala batzen dau Artitz webguneak.

Juan Ignacio Vidarte, Lorea Bilbao eta Bingen Zupiria, Artitzen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte moderno eta garaikidearen dokumentazinorako plataforma digital aitzindaria sortu dau Bilboko Guggenheim Museoak, eta berezitasun nagusia da euskera hutsean dagoala. Artitz erremintearen bidez, 1997an zabaldu zanetik gaur arte museoan euskeraz argitaratu diran testu guztiak ikusi leitekez, era erraz eta bizkorrean. Erakusketetako panelak, audiogidetako gidoiak, katalogoak, material didaktikoa... milaka dokumentu dira.

Ondare hori guztia publikoaren esku jartea izan da helburua, azaldu dau Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak. Plataforma edegia da, nahi dauenak ikusi leikez eduki guztiak. Ganera, gailu guztietarako egokituta dago, ordenagailu, tablet zein telefonoetarako.

Euskereari jagokonez, Vidartek azpimarratu dau euskerea bera aberastuko dauela proiektu honek, arte garaikidearen inguruko testu sakonak zein material interesgarria eskuragai egongo dalako. Artearen kontzeptuak euskerara hurreratzeko bidea izango da, beraz.

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputaduak nabarmendu dauenez, artea hizkuntza unibersala dala esaten da, euskerearentzat be hori behar dogu, gai guztietara zabaltzea. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriaren arabera, Artitzek euskerea hartu-emonetan ipinten dau arteagaz eta teknologia barriakaz. Zupiriaren arabera, ekarpen itzela da, bitxi bat. Hiru ezaugarri ditu Artitzek, Vidarteren ustez: Aberatsa, bizia eta irisgarria. Lorea Bilbaoren ustez, artearen esparruan euskerearen erabilerea handitzeko tresnea da.

Artitz sarean jarri izana ez da goizetik gauerako lana izan. Aspalditik datorren gogoeta batetik sortu da proiektua. Izan be, mundu digitalera saltoa egiteko bideak aztertzen dabil Guggenheim. Orain dala urte bi hasi ziran edukiak plataforman sartzen, eta ia amaitu dabe 21 urteko epea hartzen dauen ondare guztia eskuragarri jarteko lan neketsua.

Dagoeneko, 44 erakusketatako 1.305 dokumentu konsultau leitekez, eta 2019ko amaierarako euskerazko testu guzti-guztiak Artitzen egotea da aurreikuspena. Plataforma bizia izango da, erakusketa barriak zabaldu eta testu gehiago plazaratu ahala Artitzen sartuko ditue.

Sortzen dogun ezagutzea ez dogu mugatu nahi erakusketek irauten daben tartera, azaldu dau Vidartek. Aurrerantzean Artitzi esker eskuratu ahal izango da informazino hori guztia. Guggenheimen webgunearen bidez sartu leiteke plataforman, eta behin hor barruan, bilaketak egiteko modu ugari eskaintzen ditu: Erakusketen, gaien zein artisten arabera, edo urterik urte ordenauta. Profesionalentzat zein zale arruntentzat da erabilgarria.

Eusko Ikaskuntza arduratu da testu guztiak arakatu eta plataformarako egokitzeaz. Euskeran eta dokumentazino gaietan erakunde horrek daukan eskarmentuagaitik aukeratu dabe. Europeana liburu-digitalaren ereduaren arabera dagoz testuak jasota.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu