Tradizinoa eta modernotasuna bat eginda, 21. Korrikaren kantan

Dabi Piedra 2018-11-29 12:50   Euskerea berbagai

Zalantzak izan zituan Fermin Muguruzak, AEK-k 21. Korrikaren abestia eta bideoklipa egitea mahai ganean jarri eutsanean. Baina, ezin halako proposamen bati ezezkorik emon, eta lan eta lan ibili da hileotan, Klika Korrika 2019 sortzeko. Mad Muasel eta La Furia abeslariak lagun izan ditu eta, bidean, beste kolaboratzaile ugari batu jakez.

2001ean, 12. Korrikan, Fermin Muguruzak berak egin eban abestia, Mundu bat bildu lemapean. Bigarren aldi honetan, hain zuzen be, horixe egin dau: Mundua Korrikaren inguruan batu; jente, estilo eta ikuspegi guztiek euskerearen inguruan lekua dabela azaldu. Horregaitik, abestiak euskal doinu tradizionalak ditu, txistua batez be. Baina baita jokera musikalik barrienak be, musika urbanoa bete-betean egiten dabelako Mad Muaselek eta La Furiak. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak euskerara ekarri ditue.

Asier Amondo Korrikaren koordinatzailearen arabera, mundu biren arteko talkea agiri da, baina talka polita, adeitsua da. Fermin Muguruzak ganeratu dau Korrikak mugak apurtzen dituala. Kataluniako Chalart58 etxeak egin dau produkzinoa.

Bideoklipa abestiaren erakusgarririk zintzoena da: Mundu bi aurrez aurre, euskereari esker bat egiteko bidean. Euskal jantza tradizionaletako jantzariak batetik, jantza urbanoko taldeak bestetik. Ehun lagun inguruk hartu dabe parte grabazinoan, tartean Kukai taldekoek. AEK-ren eta Korrikaren lan egiteko moduan legez, auzolana izan da oinarria, Asier Amondoren arabera.

Mad Muaselen esanetan, bideoklipa grabetea esperientzia bikaina izan zan, sorkuntzearen munduko horrenbeste jentegaz alkarlanean. Egun magikoa izan zan, gogoratu dau. La Furiak, ostera, Korrikak berarentzat daukan esangurea azaldu dau. Nafarroako Erriberakoa izanik, euskerea ia arrotza izan da bere inguruan. Korrika txikitatik bizi izan dot, kontestu gatx baten. Euskeraz berbetan ez daki, baina ulertu, behinik behin, bai. Gurasoei eskerrak emoteko modua da Korrikaren kantan parte hartzea, hareen ahaleginari esker izan dot loturea euskal munduagaz.

Indartsua eta barritzailea da 21. Korrikaren abestia, AEK-ren esanetan. 2019ko apirilaren 4tik 14ra egingo dabe Korrika, Garesen hasi eta Gasteizera arte.

La Furia, Mertxe Mujika, Fermin Muguruza, Mad Muasel eta Asier Amondo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu