Euskaraldia azken txanpan sartu da

Bizkaie! 2018-11-29 12:30   Euskerea berbagai

Abenduaren 3an amaituko da aurtengo Euskaraldia.

Astebete da Euskaraldia: 11 egun euskeraz ariketa soziala hasi zala, gaur zazpigarren eguna du. Zemendiaren 23an abiatutako ekimenera ahobizi edo belarriprest rola betetzera batutako herritarrak, euren hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ariketea egiten dabiz.

Ahobizi rola hartu dabenek euskerea ulertzen daben guztiei 11 egunetan euskeraz berba egitea erabagi dabe; ezezagunei, barriz, lehen berbea euskeraz egiten deutse (ulertzen baldin badabe, euskeraz jarraitzen dabe).

Belarriprest rola hartu dabenek, barriz, euskaraz berba egiteko kapaz diran berbakide guztiei euskeraz egiteko gonbitea egiten deutse.

Euskal Herri osoan martxan dan ariketa honek harrera bikaina izan dau, era guztietako erakunde, enpresa eta gizarte eragileek bat egin dabelako. Ariketearen lehen egunetan Euskaraldiaren eragina handia izan da, kalean ahobizi eta belarriprest txapea dauen jente kopurua eta sare sozialetan dauen presentzia aintzat hartuta. Ekimenaren azken txanpan partaideei abiatutako hizkuntza ohitura aldaketei eusteko deia egin deutse Euskaraldiaren koordinatzaileek.


Lehenengo egunetan izen-emoteak gora egin dau

Martitzen gauerdian zarratu zan ekimenean izena emoteko epea. Euskaraldiaren lehen egunetan ekimenera batu nahi izan daben herritarren kopurua handia izan da. Jakina danez, baldintza bi daude Euskaraldian izena emoteko: 16 urte baino gehiago izatea eta euskerea ulertzeko kapaz izatea. Izen-emote epea zarratuta, 220.000 lagun izan dira euskaraldia.eus webgunearen bidez edo herrietako batzordeek jarritako informazino guneetan izena emon dabenak.

Euskal Herriko 405 herritan osotu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horreetan guztietan emon ahal izan da izena. Horrezaz gan, ia 200 enpresa eta erakunde sustatzailek bultzatu dau izen-emotea bere langile eta kideen artean.

Herriz-herri osotutako milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.


Herritarrak ariketako bizipenak partekatzen dabiz

Antolatzaileek azken urtean behin eta barriro azpimarratu daben modura, herritarrak dira Euskaraldiaren protagonistak, partaideak baitira, aukeratutako ahobizi edo belarriprest rolari jarraituz, eguneroko hartu-emonetan hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ahalegina egiten dagozanak. Horregaitik, Euskaraldia abiatu danetik, ekimenean sortzen diran bizipenak partekatzen dabiz hainbat partaide, ariketak sortutako ezustekoak, lorpenak eta zailtasunak lau haizetara zabalduz.

Euskaraldia, ekimen berezietatik urrunduz, herritarren eguneroko hartu-emonetan dago arrasto handiena ixten, partaideek zabaldutako esperientziei erreparau ezkero. Familia giroan, lagunartean, lanean, zerbitzuetan eta administrazinoagazko harremanetan izandako bizipenak dagoz nabarmentzen beste ezeren gainetik. Eta aitatzekoa da esperientzia positibo eta lorpenak nagusi diran arren, eguneroko zereginetan, lorpenak izateak badituela zailtasunak.


Azken txanpan: txapa soinean eta ariketeari eutsi

Ariketaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu ditue Euskaraldiaren sustatzaileek. Orain zazpi egun hasitako ariketeari eutsi eta identifikazino ikurrak abenduaren 3ra arte soinean eroateko deia egin dabe batetik, horrek ariketea egiteko babesa eskainiko deutselako ahobizi eta belarriprest guztiei. Bestetik, Euskaraldia esperimentazinorako ekimena be badala gogora ekarri dabe, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketea egiten dagozala azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko daben bigarren galdetegia bete deiela eskatuz. Azkenik, egunero-egunero sareen bidez zabaltzen dagozan gomendio eta aholkuen bidez euren buruak prestatzen jarraitzea proponidu deutsee izena emon daben herritar guztiei.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz-herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia amaitzeko ekitaldiak partaide guztien topagune izatea espero dabe antolatzaileek eta dei egin deutsee herritar guztiei, Euskaraldian izena emon dabenei eta ez dabenei be, ekitaldi horreetan parte hartu deien.


Euskaraldia

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea bultzatzeko Euskal Herriko lurralde guztietan martxan dagoan ariketa sozial erraldoia da. Koordinazino taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoa eta Euskal Urigune Alkargoa dabiz. Baina, horrezaz gan, era guztietako ia 200 erakundek osotutako sustatzaile sarea izan dau Euskaraldiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu