Metro Bilbao, '40 urte. LGBTI Askatasuna eta Bardintasuna' erakusketearen egoitzea
2018-11-27 13:17 KultureaUrtarrilean 40 urte beteko dira Espainian homosexualidadea despenalizau zala.
Hamar panelen bitartez LGBTI burrukearen eta kolektiboaren eskubideen autorpenaren hamar mugarri irudikatzen dira. Erakusketea Metro Bilbaoko Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian inaugurau da, Estadu mailan homosexualidadearen despenalizazinoaren urteurrena ospatzeko asmoz, eta LGBTI Bardintasun Politiken I. Topaketea aprobetxauta (hil honen 29an eta 30ean egingo da Bizkaia aretoan). Erakusketa ibiltari hau Metro Bilbaoren hainbat geltokitan eta Bizkaiko zenbait puntutan egongo da ikusgai.
Metro Bilbao izango da zemendiaren 23tik 2019ko hasierara arte zabalik egongo dan 40 urte. LGBTI Askatasuna eta Bardintasuna erakusketearen erakusleiho. Erakusketearen bitartez, urtarrilean 40 urte beteko dira Espainian homosexualidadea despenalizau zala. Hamar panel ikusgarriek osotutako erakusketa honetan islatzen dira gizatalde honek bizi dauen jazarpena eta euren eskubideakazko errespetua lortzeko zailtasunak. Hamar mugarri historiko azaltzen dira erakusketan eta hor aniztasunaren errespetuan emondako aurrerapena bistan ixten da, gaur egun LGBTI personak hilten, zigortzen eta euren eskubideak bortxatzen dituen herrialdeak ugari dirala ahaztu barik.
Laminak Zazpikaleak/Casco Viejo metro geltokian egongo dira ikusgai, Unamunorako urtekeran, datorren 30era arte. Ondoren, Metro Bilbaoko hainbat geltokitan zein Bizkaiko espazio ugaritan egongo dira 2019ko hasierara arte. Erakusketearen helburua ahalik eta persona gehienakana heltzea da, horren guztiaren barri Bizkaiko gizarteari ezagutzera emonez. Abenduaren 1etik 31ra Indautxuko geltokian izango da, eta urtarrilaren 1etik 30era bitartean Zazpikaleak/Casco Viejo geltoki bereko San Nikolas izeneko urtekeran izango da gozagai.
Aratz Castro Ortzadar LGBTren koordinatzaileak adierazo dau 40 urte. LGBTI Askatasuna eta Bardintasuna erakusketea LGBTI bardintasunerako bidean lortutakoaren isla dala, baita burrukatzeko dagoan guztiarena be. Ganera, alkarteak LGBTI aniztasunaren barruan aniztasunaren alde egiten dauela azpimarratu dau, persona bakotxak ez dauelako bereizkeria indar beragaz bizi.
Andres Urrutia euskaltzainburuak erantsi dau: Euskerea trebatu eta beste erabilera batzuetarako moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara etorren, hain zuzen, orain hile batzuk Ortzadar LGBT alkarteagaz sinatutako hitzarmen garrantzitsua. Euskaltzaindiak ezin deutso muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (lesbiana, gay, bisexual eta transexualak batzen dituana) are ikusgarriago egiteko beste ekarpen bat da gaur inauguretan dogun erakusketa eder hau eta hor Akademiak bere ekarpen txikia egin nahi izan dau.
Edegiera ekitaldian izan dira: Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaiko Behatokiko zuzendari nagusia; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasun, Kooperazino eta Aniztasuneko zuzendaria; Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Bardintasun, Kooperazino, Bizikidetza eta Jaietarako zinegotzia; Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako eta Babeserako Zuzendaritzako ordezkaria; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Eneko Arruebarrena, Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzailea eta Alma Navarro, EHUko Ikasle Kontseiluaren zuzendariordea.
Erakusketeak laster egingo dan LGBTI Bardintasun Politiken I. Topaketeari hasierea emongo deutso. Topaketa hori be Ortzadar LGBTk bultzatutako proiektua da, eta hil honen 29an eta 30ean egingo da, Bizkaia aretoan (EHU). Hirurogei personatik gora hurreratuko dira, baita tokiko, Estaduko zein nazinoarteko erakundeetako dozenatik gora ordezkari be. Aurten, esparru akademikoan ipiniko da atentzinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!